Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Baigorriko Nafarroaren egunean paseatu genuen ezpata-dantza

Dokumentuaren akzioak

Baigorriko Nafarroaren egunean paseatu genuen ezpata-dantza

2016/05/03 23:55
Baigorriko Nafarroaren egunean paseatu genuen ezpata-dantza

Argazkia: Karlos Zubieta

Apirilaren 23an Sanduzelaiko bestetan dantzatu eta biharamunean, berriz ere jantzi genituen dantzari arropak. Izpegiko lepoa gainditu eta Baigorriko Nafarroaren egunean genuen zita. Izugarri gustuko dugu besta hau, nahiz askotan eguraldiak baldintzatzen duen. Honakoan ere, berun kolorea zuen egunak eta euriaren mehatxupean igaro genuen goiza. Hala ere, lau euri tanta -zortzi balira ere- ez dira aitzaki dantzariondako eta zolua busti-bustia bazen ere, ezpata-dantzariz jantzi ginen, nork bere erritualari jarraikiz.

IMG_8431

IMG_8322

Iruñeko alkate jaun, Joseba Asiron agurtu -hura ere han baitzen- eta karrikara jaitsi ginen. Bizitzaren gorabeherak gorabehera, Aitor Huarte eta Beñat Lopez txistulari eta atabalariekin ekin genion plaza nagusitik eliza ondoko plazarainoko bideari. Bide korapilatsua izan zen. Espartinen ezpartzuak zoluko ura zupa eta zupa, euria goitik behera baina intentsidadean goiti, bide erdira salto egiten ziguten espontaneoak... Itxaso Martinez eta Marisa Azparren boboek izan zuten nahikoa lan. Baita gure txistularien babesle egin zuten lagunek ere -Eiande Aranburuk bide erdian bat egin zuen gurekin, Iruñean dianak jo eta ziztu bizian Baigorriratu ondoren-.

IMG_8351

 IMG_8358

Ibai Indart Baigorriko semea gonbidatu genuen gurekin dantzara tropelaren lehen lerroan eta berak egin zizkigun gidari lanak: -Berehala helduko gira plazara! Espartinek ohiko pizuaren doblea zuten jada, eta urratsak aurreztea genuen helburu bakar. Plazara heldu ginen noizbait. Baigorriko Arrola dantza taldearen, Baztango dantzarien eta Berako Gure Txokoa dantza taldearen emanaldien ondotik, gure txanda heldu zen.

Plazara kalejiran sartu, zubiak eraiki, Julen Fagoaga, Amaia Irigoien, Leire Leza eta Mikel Tristan ezpata-txikiak zubipetik pasa, Aritz Ibañez buruzagia goratu eta Joseba Lorenzok bandera-arbolari ekin zion, goxoki:

IMG_8412

Ezpata-txikiek belauntxingoaren lehen urratsei ekin zietenean, hodeien artetik eguzki errainu batzuek haien jarduna dizdiratsuago bilakatu zuten oraindik.

IMG_8416

Egindakoa desegin, eta denborarik galdu gabe, plaza nagusirainoko bidea egin genuen berriz, espartinak kentzea amets. Baigorriko lagunek bi ile idorgailu lortu zizkiguten eta behintzat galtzerdiak lehortzea lortu genuen. Alpargatak Baigorriko udaletxeko leihoan jarri genituen eguzkitan -jadanik hodeiekin zuen borroka irabazia baitzuen- zerbait idortuko zirelakoan. Arratsaldean berriz dantzatu behar baigenuen!

Bazkaltzera joan ginen.

IMG-20160425-WA0006

Bostetan genuen arratsaldeko zita, baina beranduxeago hasi behar izan genuen aurretik programatua zegoen txou bat tarteko. Espartinak oraindik heze, plaza nagusira sartu ginen gure ezpata-dantza bertan paseatzeaz harro. Arratsaldeko ezpata-dantzaren laburpena, 5 argazkitan:

IMG_8434

IMG_8440

IMG_8446

IMG_8454

IMG_8465

Berako eta Baztango dantzarien emanaldien ondotik, arropaz aldatzeko aski denborarekin, San Juan bezperako soka-dantzari ekin genion. Itziar Perez aurresku eta Ainara Ranera atzesku. Plazara sartu eta desafioa bota zioten elkarri.

IMG_8484

IMG_8492

Axeri-dantzan banan-bana erakutsi zuten dantzariek sokaren burua hartzeko gai zirela arazorik gabe. Ondotik, zerbitzariek bikotea atera zieten lehen eta azken eskuei, belauntxingoa dantza ziezaieten.

IMG_8497

IMG_8512

Mutil-guztiak sokara sartu, neska guztiek belauntxingoa dantzatu eta inguru-handia eta inguru-txikia dantzatu zuten denek batera.

IMG_8534

Eta karrika-dantzarekin fini!

Arropaz aldatu, traste guztiak bildu eta oraindik ere Nafarroaren eguneko giroaz pixkatxo bat gozatzeko tartea utzi zigun arratsaldeak. Pote bat eta Ibañetan barna Iruñera, Baigorrirako bisitak utzitako zapore gozoa ahoan, eta asteburu intentsoak utzitako nekea gorputzean. Eskerrak Basaizea elkarteari gu gonbidaturik, eta Ibai Indart Baigorriko Iruñeko ezpata-dantzariari!

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.