Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Badator, badator, Martin Zalakain!!!!

Dokumentuaren akzioak

Badator, badator, Martin Zalakain!!!!

2017/11/07 09:50
Badator, badator, Martin Zalakain!!!!

Argazkia: Iñaki Zugasti - dantzan.eus CC by-sa

Heldu den larunbatean (azaroak 11) estreinatuko dute Argia dantzari taldeak eta Artedrama arte eszenikoen plataformak, Martin Zalakain, Juan Antonio Urbeltzek gidatutako dantza eta antzerki ikusgarri berria. Argiako dantzariez gain, Kezka (Eibar), Maritzuli (Biarritz), Elai-Alai (Portugalete), Haritz (Elgoibar), Gure-kai (Deba), Arkaitz (Añorga) eta Dugunako 90 bat dantzari eta musikari ariko gara elkarlanean. Dugunako 27 lagun izanen gara Arriagaren oholtzan: Ainara Ranera, Ainhoa Urmeneta, Amaia Irigoien, Aritz Ibañez, Auritz Garzia, Eder Garzia, Edurne Irigoien, Hasier Moreno, Irantzu Irigoien, Irati Sorbet, Izaskun Arriaran, Jon Urmeneta, Joseba Lorenzo, Julen Fagoaga, Maialen Etaio, Maialen Ziaurriz, Maria Izal, Martxelo Sotes, MIkel Tristan eta Shanti Diaz dantzan eta Aitor Huarte, Beñat Lopez, Ibai Indart, Ibai Osinaga, Iñaki Sagardoi, Julen Leuza eta Osel Molinet musikan.

Txapelzurien errola jokatzea egokitu zaigu, baita ero banda berezi batena ere. Martxelo Sotes Arkalerena eginen du eta eszena gainekoaz gain zurgin eta jostun aritzea ere tokatu zaigu, Zalakainen mesede. Tira...

Zalakain - eroen inauteria
Argazkia: Iñaki Zugasti - dantzan.eus CC by-sa

Harkaitz Canok egin ditu lan honetarako testuen egokitzapena eta Ander Lipusek jokatuko du On Pio Barojaren papera.

Ander Lipusekin lanean

Beti izaten da berezia Argiaren ikuskizunetan parte hartzea. Azken 10 urteotako elkarlana ikaragarri aberasgarria izan da eta sortze prozesuak barru-barrutik bizi ahal izateko aukera izan dugu. Baina zilegi bekigu esatea Zalakainen prestaketa, agian, oraindik pixka bat bereziagoa izan dela. Izan ere, esan bezala, dantza, antzerkia eta musika (baita kantu pixka bat ere), nahasten dira Zalakainen, Libertimendu baten antzera. Eta dantzarioi dantza hutsetik haratago joatea eskatu digu ikuskizunak.

Ander Lipusekin entsaioa Iruñean
Ander Lipus gure ariketak zuzentzen. Argazkia: Aritz Ibañez

Bide horretan plazer handi bat izan da Ander Lipusekin lan egin ahal izatea. Zalakainen eszenetako bat berarekin zuzenean lantzea egokitu zaigu eta asko ikasi eta gozatu dugu berak zuzendu dizkigun errepiketan. Zurrun fama omen dugu dantzariok eta ia ospe hori inarrostea lortzen dugun (pixkaño bat besterik ez bada ere!)

Urtarrilaren 13an Iruñeko Baluarten

Arriagarako sarrerak agortu dira dagoeneko, baina izanen da Zalakainen abenturak jarraitzeko aukera gehiago, doike, tartean urtarrilaren 13koa etxean, Iruñeko Baluarten. Hauek dira orain arte baieztatutako datak:

  • Azaroaren 11, Bilbo, Arriaga antzokia (estreinaldia) 
  • Abenduaren 16a eta 17a, Donostia, Victoria Eugeni antzokia
  • Urtarrilaren 13a, Iruñea, Baluarte auditorioa
  • Otsailaren 17an eta 18an, Baionako antzokia

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.