Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Araban, aspaldiko partez!

Dokumentuaren akzioak

Araban, aspaldiko partez!

2023/06/14 12:30
Araban, aspaldiko partez!

Argazkia: Ihitz Iriart

Tarteka Euskal Herriko xoko ezberdinetan dantzan aritzea gertatzen bazaigu ere, Araban gutxi samar tokatzen zaigu besteekin konparatuz. Horregatik hartu dugu pozez zoratzen Amurrioko Aiara dantza taldeko lagunek, ekainaren 3an haien herrian dantzatzeko egin diguten gonbidapena. Dantza taldeak antolatzen du herriko euskal jaia eta gure dantzak bertan erakuts ditzagun eskatu digute. 

Beste behin ere, peripeziak. Auto bat matxuratu zaigu bidean eta larri-larri heldu dira emanaldira Julen, Ibai eta Aitor gaiteroak eta Jon gure gidari gaixoa. Baina heldu dira! Gainontzekoak tenorez arribatu baikara, ostatuko geletan puskak utzi eta Aiarako lagunek eskaini diguten hamaiketakoa gozatu dugu tabernan. Horrelako esker onak bukaerako uzten ohi ditugu usu, baina ez dugu aurrera egin nahi Amurrioko dantzarien tratu goxoa azpimarratu gabe. Ostatua, hamaiketakoa, bazkaria, erraztasunak eta uneoroko laguntza, patxada, festarako giroa eta konpainia ederra! Zorretan gara zuekin!

Denak heldu garenean, Amurrioko herriko plazara hurbildu gara eta han dena da emanaldirako prest: musikariendako oholtzatxoa, soinu ekipoa, plaza zabala zerraditzen duten aulki ilada txukunak... Amurrioko dantzariak ere han dira prest eta harritu gara zenbat diren! Amaiak azaldu digu 5 eta 65 urte bitarteko 150 dantzari direla taldean, gero eta ohikoagoa den gisan, gehien-gehienak neskak. Haiek ere harritu dira, konparazioan, gurean zenbat mutil diren ikusita. Hausnarketarako ere eman digula goizak!

Gu dantzara heldu baikara, Aiarako lagunek Nafarroako dantzetan oinarritutako errepertorioa prestatu dute eta haiek izan dira emanaldiari hasiera emateko arduradunak. Nafarroa Behereko inauterietako dantzekin abiatu dute emanaldia.

2023-06-03_Amurrio-01
Argazkia: Ihitz Iriart

Aurkeztu gaituzte eta beraz, gure txanda! Sanferminak gertu direla eta horietan, Iruñeko udal plazan trokeo-dantzak ematen ditugula eta horiek eskainiko ditugula. Beraz, aitzina! Plazak maldatxoa du ezkerreruntz eta irristakorrak gertatzen diren harlauza leunez estalia da. Kontuz ibili behar. Abiatu gara karrika-dantzarekin eta ondotik, zortzikote banak dantza bedera eman du. Bi makil-txikiak, makil-handiak, brokelak, arku-dantza eta zinta-dantza. Aski izan baitugu autoaren istriputxoarekin ez genuen besterik behar eta beraz, oinak non eman ongi neurtuz egin dugu dantzan. 

2023-06-03_Amurrio-02
Argazkia: Ihitz Iriart

2023-06-03_Amurrio-03
Argazkia: Ihitz Iriart

2023-06-03_Amurrio-04
Argazkia: Ihitz Iriart

2023-06-03_Amurrio-05
Argazkia: Ihitz Iriart

2023-06-03_Amurrio-06
Argazkia: Ihitz Iriart

2023-06-03_Amurrio-06
Argazkia: Ihitz Iriart

Trokeo-dantzak bukatu eta Aiarakoen txanda izan da berriz. Kortes-eko paloteadoko dantzak eman dituzte eta gure antzera aritu dira bi zortzikoteetan haiek makilak eta zintak gora eta behera!

2023-06-03_Amurrio-07
Argazkia: Ihitz Iriart

Gonbidapena eta aipatutako tratu goxoa eskertzeko, Amurrioko lagunak soka-dantzara gonbidatu ditugu, ondotik. Soka-dantza ikusleei aurkeztu-eta, belauntxingoa dantzatu dute Bittori Elizaldek eta Mikel Garziak, eta segidan, dantzari bakoitza pasa da soka-burutik bere zortzikoa ematera. Zerbitzariek Aiarako Maialen eta Leire sokan sartzera lagundu dituzte orduan. Esker onez, belauntxingoa dantzatu diete Bittorik eta Mikelek. Gerora, soka-dantzari adina lagun sartu ditugu sokara eta haiek ere omendu ditugu dantzan, eta haiekin batera fandangoa eta arin-arina dantzatuz bukatu dugu gure eguneko parte-hartzea.

2023-06-03_Amurrio-08
Argazkia: Ihitz Iriart

2023-06-03_Amurrio-09
Argazkia: Ihitz Iriart

2023-06-03_Amurrio-10
Argazkia: Ihitz Iriart

2023-06-03_Amurrio-11
Argazkia: Ihitz Iriart

2023-06-03_Amurrio-12
Argazkia: Ihitz Iriart

2023-06-03_Amurrio-13
Argazkia: Ihitz Iriart

Emanaldia ez da oraindik fini! Amurrioarrek oraindik ere Beteluren fandangoa eman dute eta gero, denok elkarrekin, Lizarrako larrain-dantza!

2023-06-03_Amurrio-14
Argazkia: Ihitz Iriart

2023-06-03_Amurrio-15
Argazkia: Ihitz Iriart

Bete-beharrak bukatuta, bazkari ederra, bazkalburu ederragoa eta dantza gehiago ere izan ditugu ilundu eta gero ere, baina jadanik ez zuri-gorriz beztituak. Esan bezala, mila esker aunitz Aiara dantza taldeko lagunei halako asteburu-pasa ederra proposaturik. Ondokoa, gurean!

2023-06-03_Amurrio-16
Argazkia: Ihitz Iriart

2023-06-03_Amurrio-17
Argazkia: Ihitz Iriart

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.