Dokumentuaren akzioak
75. urte, adiskidantzan
Azaroaren 29an, Jaun Done Saturdi egunez, hasiera emanen diogu gure dantza taldearen 75. urteurrenari.
1949. urteko urrian hartu zuen Iruñeko udalak udal dantza talde bat sortzeko deliberoa, eta hilabete eskas pasata, urte horretako San Saturnino egunean, atera ziren kalera udal dantzariak lehenbizikoz dantzara. Presazko sorrera izan zen, baina poliki-poliki taldeak egonkortasuna lortu zuen eta gaur hemen gara, taldearen 75 urteak ospatzeko zorian eta prest!
Heldu den azaroaren 29an, beraz, ohi bezala, udal segizioan parte hartuko dugu 10:15etatik aurrera, eta ondoren, 12:20ean, udal plazan dantzatuko ditugu trokeo-dantzak, hiriaren omenez. Berehala, Iruñeko udalak hiriaren zigilua eskainiko digu ekitaldi motx batean eta data berezia denez gero, hura markatzeko gogoz ere bagara.
Hartara, 13:30ean soka-dantza karrikaratuko dugu. Udal plazatik abiatu eta Gazteluko plazaraino soka-dantzan ibiliko gara, gure dantza taldetik pasatutako 150etik goiti dantzari eta musikari, adin guztietakoak, batzuk dantzariz jantzita, besteak kalez. Gazteluko enparantzan, Iruñeko Orfeoiaren egoitzaren parean, dantzatuko dugu soka-dantzaren plazako partea. Gisa honetan, begi kliska bat egin nahi diogu Orfeoiari. Izan ere, erakunde hori izan baitzen, 1949an, udal dantza talde sortu berriaren ardura hartu zuena lehen urte hartan. Iruñeko Orfeoiko kideak haien egoitzako balkoitik ikusiko dute soka-dantza eta ordezkaritza bat ere izanen da dantzari, tartean Igor Ijurra zuzendaria bera ere. Iruñeko zenbait dantza taldetako ordezkaritza bat ere izanen da. Dantzari guztien fandango, arin-arin eta kalejirarekin amaiera emanen diogu soka-dantzari.
Ondotik, urtero bezala egun horretan egin ohi dugunez, bazkaria eginen dugu 200etik gora dantzarik.
2024ko azaroaren 29ra arteko segida
Behin urtemugako ospakizunez eta horien antolaketez pausaturik, 2024an zehar antolatuko ditugun ekitaldien prestaketan murgilduko gara. Jadanik lan batzuk aurreratuak ditugu, baina ez guztiz itxiak eta beraz, datak hurbildu ahala zehazten eta horien berri ematen joanen gara. Gure dantza taldearen giharraren araberako ekitaldiak izanen dira, xumeak, baina bereziak, eta batez ere kalekoak, eszenan dantzatu izan badugu ere, kalerako sortua izan baitzen gure dantza talde hau.
Esan dezakegu argitalpenak izanen direla, erakusketak, jardunaldi eta dantza tailerrak, dantza eta musika emanaldiak, dantza zahar eta berriak eta 2024ko irailerako jarria dugula urteurreneko zita bereziena; bertako eta kanpoko taldeekin, haragizko eta harri-kartoizko dantzariekin, erraldoi eta taraskekin… talde hau sortu aurretik, Iruñean egiten ziren segizioetako dantza ohituren halako zahar-berritze bat eginen dugu.
Urteurrenaren irudi berezia, Maite Mutuberriaren eskutik
Ez baitira urtero ospatzen 75 urte, modu berezian irudikatu nahi izan dugu urtemuga. Horretarako, Maite Mutuberria ilustratzaile ultzamarrak 75 pertsonaiez osatutako soka-dantza zoragarria marraztu digu. Izan ere, soka-dantzan bezala, eskurik esku, talde-lanean, transmisioan, igaro ditugu zazpi hamarkada t'erdi. Soka hori etenik gabe mantenduaraztea lortu duten pertsona guztiei aitortza txikia izan nahi du afixak. Baita inguratu gaituzten lagun guztiei ere. Adiskidantzan dantzatutako soka izan baita azken 75 urte hauetakoa.
Garai ezberdinetako udal dantzariak agertzen dira soka-dantzan, baita musikariak ere. Muriska ikuskizuneko zaldikoa ere agertzen da bertan eta horren bitartez, Argia dantzari taldea gogoratu eta haien eskutik zabaldu zaizkigun harreman eta aukera guztiak eskertu nahi izan ditugu. Maite Mutuberriak osoki "gu" ez diren dantzariak ere asmatu ditu eta horien bitartez gurekin plaza partekatu duten dantza talde eta lagun guztiak ordezkatuak dira afixean. Eta herritar xumerik ere ez da falta, haiek ere osatzen baitute gure dantza komunitatea berezia.
Heldu diren hilabeteotan, Iruñeko udal dantza taldearen 75. urteurren ospatzen elkar ikusiko dugu, beraz, adiskidantzan!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Aurtzaka dantza taldea on Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
- Kezka dantza taldea on Aurtengo San Juan bezperako soka-dantza, Kezkari esker onez
- Aritz Ibañez Lusarreta on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Oier Araolaza on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Kezka dantza taldea on Aspaldiko partez, Maulen!
- Aritz Ibañez Lusarreta on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Dantzan on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Aritz Ibañez Lusarreta on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Kezka dantza taldea on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Patxi Montero on Eta trokeo dantzak plazaratu genituen! 2017/09/05