Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Dantzan

Orain arteko ekarpenak

Juanma Oronoz, Goizaldiko dantzari eta zuzendaria izandakoa hil da

2020/04/25

Goizaldi dantza taldea sortu zutenetakoa, dantzari, dantza-maisu eta dantza sustatzaile nekaezina, gaur hil da Juanma Oronoz 88 urterekin. Bere ibilbidea Goizaldi dantza taldeari guztiz lotuta burutu du Oronoz-ek, baita heriotzean ere, izan ere, Goizaldi dantza taldearen lehen emanaldia apirilaren ...

Gehiago irakurri

Barkoxe: Maskaradak 1995 godalet-dantza

2020/04/24

1995an Barkoxeko gazteek antolatutako maskaradetako irudiak dituzue bideo honetan. Asteburu honetan izango zen berez aurtengo maskaradetako azken saioa. Hamabi emanaldi zituzten aurreikusita Altzürüküko gazteek, baina pandemia dela eta ezin izan dituzte erdiak ere egin. Aurtengoen faltan, duela 25 urteko maskaradetako irudiak argitaratu ditugu gaurkoan. 1995ean Barkoxeko gazteek herrian bertan eman zuten lehen saioko irudiak dira. Begiraleak dantza taldearen bitartez jaso ditugu. 1995eko urtarrilaren 15ean eman zuten lehen maskarada Barkoxeko arizaleek eta arratsaldeko saioan aitzindariek dantzatutako godalet-dantza duzue irudi hauetan. Irudiak: Pettan Ibar, Begiraleak dantza taldea. Godalet-dantza, Barkoxe, 1995-01-15.

 

Pandemiak ez ditu gelditu dantzariak

2020/04/24

Hilabete pasa da eremu publikoetako dantza ekitaldi eta emanaldi guztiak bertan behera gelditu zirela. Dantzariek beren ohiko jarduna ere eten behar izan dute, baina horrek ez du esan nahi dantzaren mundua geldirik dagoenik. Dantzariek etxean dantzan dihardute eta horretarako zenbait ekimen edota o...

Gehiago irakurri

San Lorentzo: Banangoa

2020/04/23

Berrizko San Lorentzo dantza taldeko ezpata-dantzariak etxetik ari dira dantzan. Alejandro Aldekoaren banangoaren doinuan taldeko haur eta nagusiek dantzatu dute. Pasa den larunbatean Parisko Operako dantzarien bideo bat ikusita okurritu zitzaien beraiek ere grabatzea. Gaztetxoenak hasi eta banangoz banango nagusiagoek jarraitu diete. Irudietan ikus daitekeen moduan, dantzaren sokak bizirik jarraitzen du Berrizen. Zenbait etxetan dantzari belaunaldi bat baino gehiago ikusten dira, denak elkarrekin dantzan. Egungo dantza irudiekin batera ezpata-dantzarien garai bateko eta oraingo argazkiekin osatu dute bideoa. San Lorentzo dantza taldea, etxetik dantzan, Berriz, 2020-04-23.

Midsommar (2019) Maiatzeko erreginak Suedian

2020/04/20

Maiatzeko erreginak, donien-atxa, arbolaren inguruko borobil-dantzak, irradaka, lore-apainketak edo hartza emankortasunaren erritual baten sinbolo totemiko moduan ageri dira Suedian kokatutako beldurrezko film honetan. Midsommar, Ari Aster estatubatuarrak zuzendutako filma da. Protagonistak ikasle gazte estatu-batuar batzuk dira, tartean antropologiako bi ikasle, udako solstizioen erritual bereziak erakarrita doazenak Suediako Hälsingland eskualdeko erdi galduta dagoen Harga herrixkako komuna bitxira. Herritarrek bisitariak 90 urtetik behin ospatzen den Midsommar udako jaian parte hartzera gonbidatuko dituzte eta pixkanaka amets gaizto bihurtuko dira ospakizuneko errituak. Zine munduko izar berrietako bat, Florence Pugh aktore britainiarra da filmeko protagonista nagusia; The Falling ―Maisie Williams-ekin― edo Little Women-en ―Emma Watson, Laura Dern eta Meryl Streep-ekin― parte hartu du Florence Pugh-ek, eta hurrengo lana Marvelen Black Widow izango du Scarlett Johansson lagun hartuta. Folklore aldetik hainbat kontu interesgarri ditu, Euskal Herriko eta Europako hainbat eskualdetako jai eta errituetan.  Midsommar, Ari Aster, Maiatzeko erreginak Suedian, 2019.

Heriotzaren dantza zazpigarren zigiluan

2020/04/17

"Aurretik heriotza bera doa, bere sega eta harea-erlojuarekin. Azkena Jonas da, bere lautea darama eta bizkarrez doa. Badoaz denak. Egunsentiari ihesi. Dantza solemne batez. Iluntasunerantz. Bitartean, euriak beren aurpegiak garbitzen ditu. Malkoen gatzak urratutakoak."

Det sjunde inseglet edo Zazpigarren zigilua Ingmar Bergman suediarrak 1957an zuzendu zuen filma da. Eszena batzuk bereziki ezagunak dira, irudi hauetan ageri zaigun heriotzaren dantza esaterako. Izurriteak eta heriotzaren dantzak ohikoak izan dira historian eta artean bezala, zineman ere agertu izan dira. Pelikularen  bukaerako pasarte txiki honetan heriotzaren soka-dantza ageri zaigu. Nils Popper aktoreak juglarearen papera bete zuen pelikulan eta pasarte honetan heriotzaren-dantza deskribatzen du. Dantza horietan ohikoa den moduan heriotzak herritar guztiak berdintzen edo batzen ditu, denak elkarri eskutik helduta dantzan, jatorria edo maila soziala edozein izanik. Heriok dantzara gonbidatu ditu, bera da aurreskua, berak gidatzen du dantza eta atzetik katean doaz gainerakoak.

"Errementaria, Lisa, Zalduna eta Raval, eta Jon eta Jonas. Herio gogorrak dantzara gonbidatu ditu. Eskuetatik helduta doaz. Eta dantzan kate luzea osatu dute".

Heriotzaren dantza, Zazpigarren zigilua, Ingmar Berman, 1957.

Yeh Ballet (2020) trailerra

2020/04/15

Bombayko (India) bi gazteren ballet dantzari izateko ametsa kontatzen du Yeh Ballet (Ballet ametsak) pelikulak. Sooni Taraporevala (Bombay, 1957) zinegile indiarrak zuzendu du pelikula. Bi protagonistak klase baxuko familietan hazi dira, bata hindua eta bestea musulmana da. Bi familiek ez dituzte dantzari ibilbidea egitera bultzatuko, baina gazteek garbi dute egokitu zaien bizi moldetik ateratzeko irteera bakarra dantza dela. Bombayko dantza eskola batera iritsi berri da israeldar ballet irakasle xelebre bat eta bi gazteak ere eskolan hasi berriak dira. Irakasleak, bi ikasleen talentuaz ohartu, eta dantzan irakatsi eta laguntzen die. Erlijioen arteko eta klase borrokak edota Indiako gazteen bizi baldintzak erakusten dizkigu filmak dantzaren bidez. Benetako historia batean oinarrituta dago pelikula. Yeh Ballet, trailerra, 2020.

Luzaide: Bolant-eguna 2020 muxikoak etxean

2020/04/12

Luzaideko bolantek etxeetan dantzatu dute. Gaur Pazko igandea, urteko zita garrantzitsuena izaten da Luzaiden: Bolant-eguna. Dantzariek eta hainbat pertsonaiek osatutako konpartsak egun osoan zehar kalean dantzak ematen dituzte. Goizean auzoetan eta herrian zehar ibiltzen dira eta arratsaldean frontoian dantzatzen dute. Jauziak, kontra-dantzak edota dantza-luzea dantzatzen dituzte bolantek. Alarma egoera dela eta gaurkoan bolantek ezin izan dituzte kaleak hartu, baina luzaidarrak etxean dantzatu dute. Iurre Bidegain kazetari luzaidarrak bere sare sozialetan zabaldu duen bideo hau egin dute Luzaideko bolantek. Bakoitza bere etxeetan muxikoak dantzatzen ari dira. Bolant-eguna etxean, Luzaide, 2020-04-12.

Luzaide: Bolant Eguna 1970 (II)

2020/04/09

Aurtengoan ez dugu Bolant Egunik izango Luzaiden, baina duela 50 urteko Pazko igandeko irudiak ekarri nahi izan ditugu. Astelehen honetan argitaratu dugu Jaime Albillosek 1970eko martxoaren 29an ospatu zen Bolant Egunean grabatu zituen irudien lehen zatia eta hemen duzue bigarrena.

Bolant-dantzariek hegi eta marianak dantzatzen dituzte aurrena eta jarraian makilariak bere abileziak erakusten ditu. Ondoren, berriro dantzarien txanda. Kontra-dantzak, bolant-dantza, lauetan erdizka, muxikoak eta dantza-luzearekin amaitzen dute saioa. Grabazioko azken irudietan Atxe ta Tupinen jolasa ageri da.

1960-70eko hamarkadetan hainbat dantza eta festa jaso zituen Jaime Albillosek eta horietako batzuk ikus daitezke Dantzan-en:

Irudiak: Jaime Albillos. Bolant Eguna, Luzaide, 1970-03-29.

50. urteurrena etxetik ospatzen ari da Oñatz

2020/04/08

Berezia izaten ari denik ezin ukatu. 50. urteurrena ospatzeko hamaika ideia berrirekin abiatu dute 2020a Oñatiko dantzariek, baina dena pentsatuta eta antolaketak oso aurreratuta zituztela, irudimenari oraindik gehiago eragin beharrean aurkitu dira. 50. urteurreneko ekintzak berrasmatzeaz gain, O�...

Gehiago irakurri

Orain arteko erantzunak

Dantzan on Emakume eta gizonezkoek elkarrekin dantzatu dute Mairuaren Alardeko trokeo-dantzetan

2016/07/28

Eskerrik asko Ion. Arrazoi duzu, guk ere badugu gogoan neskak dantzan ikusi izana 2009 urtea baino lehen. Zuzendu dugu testua.

Dantzan on Lasa 1950 Dantza-jauziak

2016/04/20

Xabier Itzainari helarazi diogu Patxi Monteron galdera, eta honako hau erantzun digu:
"Patxiren galdera, alabainan, garrantzitusa da, eta neke zaut erantzutea. Ene gostuko, dantzatzeko manera hori, indartsua eta elegantea, nun dantzariak ez diren berdin ari bainan bai elgarrekin, joan da dantzari horiekin eta berekin zeramaten munduarekin. Nik orain dela 15-20 bat urte ikusi izan dut, tokian tokika, izpiritu horren orroitzapen zerbeit, eta orduko dantzariekin ere ainitz ikasi dut. Gertatzen ahal zen besta berrietako bezpera ondo batez, edo zikiro batetik landa, edo pilota partida batetarik landa presuna batzu berotzea eta lotzea, batez ere Lapurdi barnekalde eta Baxenabarren, bainan behar zen untsa gertatu!
Gaur egun zertan den? Egia erran, ez naiz gehiago biziki plazaz-plaza ibiltzen eta ez dakit sobera gauzak zertan diren. Jauziak ainitz emaiten direla, hori segur, bainan nola emaiten diren, hori besterik da. Tokian tokika behar litaike behatu. Gure heinean entseatzen gira “izpiritu” horren beiratzen gure xokoan (Itsasu eta inguruetan), bainan zaila da, gazte ainitzentzat jauziak ez beitira baitezpada dantza erakargarriak. Dantza erretxak bezala ikusten dituzte jauziak, Lasako bideoak alderantzizkoa diolarik ene ustez.
Hurbilagotik behatu behar beraz"

Dantzan on Villacañas: dantzatzeagatik ordaintzen duten dantzariak

2016/03/21

Mila esker zuen erantzunagatik! Bai, filme horren berri eman genuen dantzan.eus-en bere garaian: https://dantzan.eus/albisteak/danzantes-liz-lobato
MIla esker gogoraraztegatik!

Dantzan on Ituren: soka-dantza 1951

2016/02/22

Andres Iñigo Ariztegik, Iturengo ondareari ekarpen ederra eginez, bideo honetan agertzen diren lagunen identifikazioa egin du.

Ituren, 1951-07-08
10’’. Txistulariak: Miguel Makutso, Burriñenekoa [Burriñenea etxe izena] eta Iñaki Aizkorbe, Azentzenekoa. Atabalaria: Jexux Azpiroz, Iturengo Apezenekoa. Segizioa elizara bidean doa, Pioinea eta Arriberria etxeen parean, Saturnino Telletxea, Iñarrekoa, buru duela -Saturninok suziriak botatzen zituen-.

11’’. Herriko bandera daramana Eustakio Elizalde Arrosenekoa [Arrosanea] da.

13’’. Balentina Idigoras, Jose Ignazio Telletxearen amaren ondoan, Martin Aizpurua doa, Apeztegikoa, garai hartan alkate zen eta ibilbidean barna behin baino gehiagotan ageri da. Haren ondotik, Ignazio Elizalde, Lopetxenekoa [Lopetxonea], eta Periko Mikeo, Aurtizko Apezenekoa.

16’’. Apez betaurrekoduna Tomas Lizarraga, garai hartan Iturengo apeza zena eta don Faustino Arbizu, erretorearen laguntzailea. Gainerako apezak beharbada Jose Ignazio Telletxearen ikaskideak eta lagunak, Jose Maria Setien eta beste batzuk.

17’’. Apezen gibeletik heldu direnak, hauexek: ezkerretik eskuinera, Antonio Goñi, Xixternekoa [Sastrearena], Joxe Ariztoi, Pioinekoa, Ramon Mutuberria, Sotillenekoa eta Maurizio Azkue, Lopenekoa. Joxeren eta Ramonen gibelean, Mattin Azkue, Lopenekoa.

54’’. Martintxo alkatea eta Nikasio Labaien, Juantsenekoa [Joansantzenea].

1’07’’. Nikasioren gibelean, Benedikto Vicente, Herriko Etxeko idazkaria. Benediktoren gibelean, Joxe Ariztegi, Manekoa [Marenea].

1’13’’: Lehen lerroan, Francisco Iñigo, Maixtemattekoa [Mariestebanbaita], Periko Mikeo eta Ignazio Elizalde. Gibelean, Joxe Mari Urroz, Barbenekoa [Barberenea], Domingo Aizpurua, Betenekoa [Beruetenea]. Ignazio Elizalderen eskuinean Jorgitto, Altxunekoa ageri da eta Ignazioren gibeletik, Maximo Ariztegi, Prosentzenekoa [Perosantzenea], aipatutako Joxe Ariztegi, eta Luis Mari Iñigo, Maixtemattekoa [Mariestebanbaita].

1’33’’. Zortzikoa edo mutil dantza, plazan. Ignazio Elizalde, Joxe Mari Urroz, Serapio Sagaseta –txalekoarekin- Palazioko bordakoa, Eustakio Elizalde, Antonio Goñi, Domingo Aizpurua, Eugenio Urroz, Aranburunekoa, Bautista Bereau, Tolatekoa [Tolaretea], Domingo Aizpurua, Eugenio Urroz, Martintxo Baleztena, Iturengo Errandenekoa [Errandonea] eta, azkena, Maximo Ariztegi.

2’11’’. Soka-dantza. Serapio Sagaseta, Maria Angeles, Ignazio Telletxearen arreba, Bautista Bereau...

2’ 38’’. Ignazio Elizalde... eta lau haur pareta kontran. Horietan ttikiena, ustez, Andres Iñigo.

2’ 59’’. Luisa Urroz, Alontsenekoa [Alontsonea], Joxe Mari Urroz, Antonio Goñi... ageri dira.

3’10’’. Victor Sagardia apeza, Palaziokoa, ageri da, ezkerraldean.

3’17’’. Plazaren erdian, ustez, Ignazio Iturbe, Alontsenekoa [Alontsonea].

3’37’’. Saturnino Telletxea, botila eskuan, eta Ignazio Elizalde.

Emakume gehienak agian Telletxearen familiakoak edo lagunak izanen dira, egun horretarako Donostiatik Iturenera etorriak.

Dantzan on Libertimendua

2016/01/14

2016an otsailaren 7an eskainiko da Libertimendua Garazin.

Dantzan on Maskaraden lehen agerraldia bertan behera geratu da

2016/01/12

Martxoaren 6an emango dituzte maskaradak Ezpeizen eta Mitikileko agerraldia apirilaren 17ra atzeratuko da. Hemen maskaraden egutegia gaurkotua: https://dantzan.eus/albisteak/zuberoako-maskaradak-egutegia

Dantzan on Maskaraden lehen agerraldia bertan behera geratu da

2016/01/11

Igande honetan, urtarrilak 17 Sohütan emango dituzte maskaradak eta Ezpeizen ematekoak zirenak atzeratu dituzte (data zehazteke). Gainontzeko datak berdin mantenduko dira.

Dantzan on Zarautz: Dantza soltea 1952

2015/11/20

Eskerrik asko Xabier emandako informazioagatik.

Dantzan on Joxemiel Bidador Pastorala Iruñeko euskaldunak

2015/10/19

Aupa Leire, mila esker zure erantzungatik! Bideoari dagokionez, guk ikusi dugu bideoa txertatuta zure blogean ( http://eibar.org/blogak/leire/iruneko-euskaldunen-lezioa ) eta ongi ageri zaigu. Ez dakigu zer arazo izan daitekeen. Ordenagailuarekin begiratu duzu ala tablet/mugikorrarekin?
Dantzan

Dantzan

dantzan 2001. urtean sortu zen eta 2003tik dantzan.com dantza sustatu eta hedatzeko elkarteak kudeatzen du.


Babestu dantzan.com