Dokumentuaren akzioak
Jagoba Astiazaran: “Garrantzitsua da guretzat dantza taldeek jakitea material hau hor dagoela”
Dantzarako doinu berrien bildumatxoa proposatu dute Jagoba Astiazaran eta Iñar Sastre musikariek Arineketan diskoan Iztuetaren doinuetatik abiatuta txistu eta piano doinuak uztartuz. Ezpata-dantzak, zortzikoak, arin-arinak edo fandangoak topa daitezke larunbat honetan Zestoan aurkeztuko duten disko berrian.
Bi musikariak dantza mundutik oso gertu aritu izan dira beti. Orain dela hamabost urte Alurr dantza taldean ezagutu zuten elkar. Gero bakoitzak bere bidea egin du, eta orain berriro elkartu eta elkarrekin sortzera animatu dira lehenengo aldiz. 2017an 250 urte bete ziren Juan Inazio Iztueta jaio zela eta aitzakia horrekin Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia (1824) liburuan jaso zituen doinu batzuetatik abiatuta sortzen hastea pentsatu zuten Jagoba Astiazaran txistulariak eta Iñar Sastre piano-joleak, “Garbi geneukan ez genuela lan historizista bat egin nahi. Gaur egun Iztuetaren lanak ze zentzu duten ikusi nahi genuen. Doinuekin jolastu, berritu, sortu...”, azaldu digu Astiazaranek.
Ikusten dute zenbait dantza taldek koreografia berriak sortzeko nazioarteko musika erabiltzen dutela, “askotan kaltzadorearekin sartuta”. Dantzarako piezak moldatu edo berriak sortu dituzte, “baina euskal dantzen oinarri melodiko-erritmikoa mantenduz”.
Berrehun urte baino gehiago igaro badira ere, Iztuetak jasotako doinuek badutela zentzua oraindik ikusi dute. Dantzariei hain ezagun zaien Belauntxingo doinuaren letra, adibidez, ia lurperatuta egon arren oraindik plazara dantzara irten nahi duen doinuaz ari da:
Euskal Herrietako soinu ezti izan dana beti guztien gainetik
bilatu det lurpean sartua, bai eta ahaztua zeren dan zahartua
ateratu behar nuke plazara, nerekin dantzara, oraindik gauza da
ikusiko da zein atsegina, bizarra urdina baina txit arina
Dantzariekin oholtzan
Dantzarako doinuak izanik diskoan jaso dituztenak, oholtza dantzariekin konpartitzeko beharra ikusi dute. Hori horrela, Haatik konpainiako bi dantzarik biribilduko dituzte zuzenekoak. Bi proposamen aurkeztuko dituzte, formatu akustikoa eta formatu osoa. Lehenengoan, Astiazaran, Sastre eta dantzariak izango dira taula gainean eta bigarrengoan, Ainara Ortega abeslaria, Xabier Zeberio biolin-jotzailea eta Agate Amilibia txelo-jotzailea ere gehituko zaizkie.
Arineketan dantzan
Izenburua irakurtzen duenak dantzarekin pentsatzea nahi omen dute eta “arineketanek mugimendua behintzat badauka”. Sortze prozesua azkarra izan dela dio Astiazaranek, “Iñar eta biok hainbeste ezagutzen gara, jarri eta denbora gutxian atera zaigu. Grabaketa adibidez arineketan egin genuen, egun eta erdian grabatu genuen disko osoa. Arineketan, baina ez arinkeriatan, Jose Inazio Ansorenak diskoaren hitzaurrean dioen moduan”.
Ainara Ortega eta Eñaut Elorrietaren kolaborazioa izan dute grabazioan. “Gu mundu klasikotik gatoz eta hortik ateratzeko aukera eman digute, Ainararekin jazzera jo dugu eta Eñautekin pop-rockera. Uste dut ez dela jendeak espero duen txistu eta piano diskoa”.
Azkenean plazara
2017an hasi ziren lanean eta 2019ko abenduan grabatu zuten; martxoan ziren aurkeztekoak, baina itxialdia dela eta ezin izan zen kaleratu. Udan berriro lanari ekitea erabaki dute, “bestela Iztuetaren beste urteurrenen bat gerturatuko zitzaigun”. Uztailean ekin zioten berriro edizio lanei eta pasa den astean iritsi zaizkie diskoak etxera.
Beraz, larunbatean plazaratuko dira lehenengo aldiz diskoan jasotako doinuak. Astiazaranentzat berezia izango da lan berriaren aurkezpena, jaioterrian bertan egingo baitute. “Beste egoeraren batean ez zitzaigun okurrituko herriko jaietan horrelako zerbait aurkez zitekeenik, baina herrian festetako aurrekontua erabili da udan zehar kultur programazioa osatzeko herriko kulturgileei aukera emanez”. Hainbat talderekin aritu da bere herrian, baina uste du bakarrik txistuarekin bere lan propioa aurkezten lehenengo aldiz izango dela. Beraz, gogoz agertu da, baina aldi berean errespetuz eta beldurrez.
Behin lana aurkeztuta, dantza taldeetara zabaltzea nahiko lukete. “Garrantzitsua da guretzat dantza taldeek jakitea material hau hor dagoela eta erabili dezaketela. Salmentan baino erabileran pentsatzen dugu”. Inguruko herrietan eta aurkezpenak prestatzen ari dira, baina gehienak 2021era begira.
Arineketan diskoaren aurkezpena
- Non: Zestoako plazan
- Noiz: Irailak 19, 19:00etan
- Musikariak: Jagoba Astiazaran (txistua), Iñar Sastre (txistu), Ainara Ortega (ahotsa), Xabier Zeberio (biolina) eta Agate Amilibia (txeloa).
- Dantzariak: Haatik
Dokumentuaren akzioak