Dokumentuaren akzioak
Bueltan dira Xirribikariak
Biolinistaz osatutako taldearekin dantzaldia egingo da urriaren 6an Donibane Lohizunen, 11:30etik aurrera, Luis XIV.aren plazan. Xirribikarien taldea izenarekin lehen erromeria egin zuten Gipuzkoa eta Lapurdiko zenbait biolinistak joandako otsailean. Arrabita, edo xirribika, Euskal Herriko dantzaldietako ohiko instrumentua izan zen denbora askoan, eta ekimenaren helburuetako bat da instrumentua esparru horretan biziberritzea. Gaur egun egiten diren erromeria eta dantzaldietako errepertorioko zenbait pieza joko dituzte: jauziak, fandango eta arin-arinak, ezkotixak, etab.
Lehenaren ondotik bigarrena
Erromerien sustatzaileak dira Arkaitz Miner, Xabi Etxeberri eta Jokin Irungarai, herri musikaren esparruan dantzarako musika egiten eskarmentu handikoak. Arrabitariak dira lehen biak, eta eskolak ematen dituzte Gipuzkoan eta Lapurdin. Dantzarako musika lantzen dute klasean eta, ohiko kontzertuetatik harago, haien ikasleak plazan dantzarientzat jotzen trebatzeko jarri zuten martxan ekimena. Aurretik, Uztaritzeko Hartzaro jaialdiko azken bizpahiru edizioetan astearte gizenean bilkurak egin zituzten, kalean eta festa giroan aritzeko.
Haiekin batera aritu ziren otsaileko saioan Euskal Herriko zenbait irakasle eta arrabitari: Juan Arriola (Alboka), Nerea eta Maddi Arriola (goi mailako kontserbatorioetan ikasten ari direnak), Mikel Urbeltz (Argia), Irati Irizar (McOnak), etab. Haien artean zen baita ere Caitlin Romtvedt, Euskal Herriko herri-musikari buruzko doktore-tesia egiten ari den biolinjole amerikarra
Arrabita edo xirribika
Biolin, arrabita ala xirribika aipamenak ugariak dira euskal musikaren eta dantzaren historian, ohiko tresna izan baita euskal lurraldeetan.Thierry Truffaut-ek Donibane Lohizuneko kontu-liburuetan bildutako datua da 1668an Jean de Gasor "Sirribiq" aritu zela jotzen, danbolin edo ttun-ttun (tambourin) jotzaileekin batera, eta 1683an biolinjole bat aritu zela bi danbolinekin San Joan festen baitan. Dantza-jauzien XIX-XX. mende bitarteko transmisioaren arduradunetako bi, Pili Tafernaberri eta Faustin Bentaberri ere xirribikari ziren. Mixel Aurnagek jasotakoaren arabera, jaietan jotzen ibiltzen zen Landaburu osabak irakatsi zion Faustin Bentaberriri xirribika jotzen, bai eta dantzan ere. Xabier Itzainak hamaika testigantza bildu ditu XVI. mendetik aurrerakoak festa eta dantzarako biolina jotzen zuten musikariena. Adibidez, Baionako bi biolinjole 1730 eta 1731 urteetan San Joan festetan aritu zirenak. Ziburun ezaguna zen Miguelcho Kaskarota izeneko biolinjolea eta Donibane Lohizunen, 1733an Miguelcho Kaskarotaren semeak jo zuen biolina Itzainak jasotaren arabera. Nafarroa Beherean ere hainbat biolinjoleren testigantzak jaso ditu Itzainak: Anhauzen, Sorhouteko errotako Pierre Errekart 1727an eta Tafernaberriko Joannes Errekart 1739an edo Donibane Garazin, Pierre Ithurralde 1773an eta Bernar Bidart 1789an. Musikari horietako asko kaskarotak omen ziren. Bestalde, Jesus Ramos-ek agertu duenez, XVIII. mendean Iruñera San Fermin ferietan jotzera iristen ziren danbolintero eta arrabitari asko Baztandik heltzen ziren.
Akordeoi diatonikoak Euskal Herrian izandako bilakaerak trikitixa ekarri zuen moduan, azken urteetan euskal biolin tradizionala bereizteko —zehazki, biolina jotzeko moldeak eta errepertorioa— proposamenen artean nabarmenetakoak dira arrabita edo xirribika. Xabier Itzainak xirribika izenaren zenbait aipamen jasoak ditu XVIII. mendetik. XX. mendearen amaieran berriz ere agertzen hasi zen arrabita izena. Ruper Ordorikak 1980ko Hautsi da anphora diskoko “Herdoilarena” kantuan, “arrabita baldarren nostalgia kale kantoietan” kantatzen zuen, Bernardo Atxagaren hitzetan; eta Mikel Urbeltzek 1995ean biolinez jotako albokaren errepertorioaren diskoari Berrizko itsuari, arrabita herrikoia izena eman zion.
Xirribikarien taldeak XX. mende hasierako dantzaldietako orkestra-ereduan osatu nahi izan dute musikarien taldea. Euskal Herri osoko zenbait arrabitariri egin diete deialdia, eta haiekin batera ariko dira Xabier Itzaina, txirula jotzen, eta Jokin Irungarai, atabalarekin.
Dokumentuaren akzioak