Dokumentuaren akzioak
Joanes Gurutxage: “Kabalkada egiten dugu euskarak eta euskal kulturak zinez bere lekua izan dezan Lekornen”
Uztailaren 28an eta abuztuaren 3an kabalkada plazaratuko dute lekondarrek. Hamar urte dira azkenekoz Lekornen kabalkada antolatu zutenetik; 2014an eman zuten, baita 1995ean eta 1996an ere. “Lekorneko gazteek luzatu dute deia, konfinamendutik landa beti elkarrekin ginen eta pentsatu genuen kabalkada proiektu bat muntatzea, ideiak atera ziren eta horrela sortu zen”, azaldu digu Joanes Gurutxage dantza-maisuak.
Lehenik gazte taldetxo bat batu zela dio eta gero proiektua herrira zabaldu zuten, pixkanaka, herritar bakoitza bere lekuan kokatzen hasi zen, izan dantza, musika, antzerkia edo kantuan. Urte eta erdi da forma ematen hasi zirela eta urtebete inguru errepikei ekin zietela. Azken pare bat hilabetean astean 3-4 aldiz elkartzen ari dira, “pisu du, baina plazer egiten du, badakigu zertarako egiten dugun, egia erran azken bi hilabete hauek ikaragarriak dira. Guztira 220 lagun ari gara, batzuk oholtzarako prestatzen eta beste batzuk itzaleko lanean”.
120 herritar dantzan
Guztira 120 dantzari aterako dira plazara; gazteenek 16 urte dituzte eta zaharrenek 70 urtetik gora, “Lekornen xantza dugu badelako dantza talde bat, beraz, herriak badu oinarri potolo bat dantzarena, bakarrik 12 hasi dira zerotik”. Dantzariak gidatzeko ardura hartu du Joanes Gurutxagek, Myriam Potxelurekin eta Dorothee Diratxettekin batera.
Aurreneko lana hasiberriei oinarriak irakastea izan da, eta gero errepertorioa aukeratu eta dena prestatzea. Mutxikoak, soka, makila-dantza, kontra-dantzak, Euskaldunak eta Sorginak, fandangoa... kaleratuko dituzte. Lekornen badituzte bertako kontra-dantzak, 1995eko kabalkadan Claude Iruretagoiena ibili zen dantza-maisu, eta orduko kabalkadarako sortu zituen, “ordutik Lekornen barneratuak egon dira eta nahi ditugu plazan erakutsi. Herrian dantzari gehienok dakizkigu, dantza taldetik pasatuta kontra-dantza horiek ikasten dira”.
Herria batuta eta euskaraz
Horrelako ekimen batekin herria lotzen dela argi du Gurutxagek eta hasierako apustua izan da elkartze hori euskaraz izatea. “Kabalkada egiten dugu euskarak eta euskal kulturak zinez bere lekua izan dezan Lekornen, hastapenetik hala zabaldu dugu eta jendeak ontsa ulertu du”. Batzuek itzultzaileak behar badituzte ere, errepika guzti-guztiak euskaraz egiten dituzte, “euskarak badu bere toki osoa, lehentasuna euskarari ematen geniola hori argi nahi genuen izan”.
Lekorneko kabalkadak 2024
- Uztailak 28, igandea, 16:00etan. Ondoren, gaualdia: Punttu Kakotx eta Kontrabanda.
- Abuztuak 3, larunbata, 17:00etan. Ondoren, gaualdia: Gaitistan, Holako Deluxe.
Dokumentuaren akzioak