Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Sanmigeletatik errosarioetara, udako azken dantzak

Dokumentuaren akzioak

Sanmigeletatik errosarioetara, udako azken dantzak

2024/09/27 09:05
Sanmigeletatik errosarioetara, udako azken dantzak

Ezpata-dantza, San Migel, Markina-Xemein, 2022-09-29. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Udazkenean sartu garela dio egutegiak, baina udako dantza sasoiari oraindik geratzen zaio zerbait. Azken txanpa indartsua eta aberatsa izan ohi da, San Migel eta Errosario jaietan dantzak protagonismo handia hartzen du gure ingurunean.

San Migel eguna irailak 29a eta Errosario eguna urriak 7a izanda, data horien bueltan hainbat festa, erritu eta dantza ditugu Euskal Herrian: Iurretan (Bizkaia) dantzari-dantza, erregelak eta gorulari-dantzak; Cortesen (Nafarroa) eta Ablitasen (Nafarroa) paloteadoak; Markina-Xemeinen (Bizkaia) aurreskua, mahai-gainekoa eta ezpata-dantza; ezpata-dantza baita Igantzin (Nafarroa) eta Elgoibarren (Gipuzkoa) ere; eta Amezketako Ugarte auzoan (Gipuzkoa) ingurutxoa. Iruran (Gipuzkoa) ere ospatzen dira San Migel jaiak eta dantza-soka ateratzen dute herriko gazteek; aurreko asteburuan dantzatu dute. 

Iurreta: Dantzari-dantza, erregelak eta gorulari-dantzak

Iurreta da sarrera honen titularra guztiz barneratzen duen herria. San Migel bezperan hasi eta Errosario hurrengo igandera arte dantzek hartuko dute herriko plaza. San Migel bezperan (irailak 28, larunbata) dantzariek azken entsegua egingo dute plazan: dantzari-dantza eta erregelak. San Migel egunez goiz eta arratsalde eskainiko dute saioa, arratsaldean dantzari-dantza laburtua izango da. Errosario egunean (urriko lehen igandean ospatzen dute Iurretan, aurten, urriak 6) ere bi saio egingo dituzte; eguerdian dantzari-dantza eta erregelak eta arratsaldean dantzari-dantza laburtuta, erregelak eta gorulari-dantzak ere eskainiko dituzte. Iurretako dantzariekin batera talde gonbidatuaren saioa ere izango da.

Iurreta azken entsegua
Azken entsegua, dantzari-dantza, Iurreta, 2023-09-28. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA.

Errosario egunean izan ohi dituzte azken lanak Iurretako dantzariek, baina aurten jaiak hurrengo larunbata (urriak 12) arte jarraituko du; bost urtetik behin urriko bigarren igandean Urrijena festa ospatzen baita; herrian dantzari izan diren guztien festa. Hainbat belaunalditako dantzariak elkarrekin dantzatzen dira plazan. Dantza, dantza eta dantza datozen egunetan Iurretan, baina sasoi batean gehiago izaten zen, urriko asteburu guztietan ateratzen baitziren plazara. Urriko bigarren igandean jaietarako aukeratuak izan ez ziren dantzariak, hirugarren igandean ezkonduak eta laugarrenean gaztetxoak.

Erregelak Iurreta
Erregelak, Iurreta, 2018-09-29. Argazkia: Amaiur Aristi Arregi - Dantzan CC-BY-SA

Urrijena 2014
Urrijena, 2014-10-12. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Cortes: Paloteadoa

Cortes-paloteadoa
Corteseko dantzariak, 2012. Argazkia: Felipe Loiola-dantzan.eus CC BY-SS

San Migel jaiak ospatzen dituzte Cortesen eta zaindariaren egunean plaratzen da paloteadoa. Herriko makila-dantzariak (paloteadores edo danzantes deituak) kalera irteten dira. Dantza, musika, antzerkia, bertsoak, zirtoa... Dantzariekin batera agertzen baitira musikariak eta paloteadoetan ohikoak diren pertsonaiak: artzain-burua (mayorala) eta artzaina (rabadana), deabrua eta aingerua. Goizeko San Migelen omenezko prozesioan lagundu eta kortesiak dantzatzen dituzte. Gero, arratsaldean paloteadoa antzezten da. Antzerkiak hartzen du pisu handiena, baina emankizuneko zenbait momentutan dantzariek dantzak eskaintzen dituzte: makila-dantzak, zinta-dantzak eta kortesiak.

Igantzi: Ezpata-dantza

Igantziko ezpata-dantza San Migel eguneko goizean dantzatzen da. Goizean goiz hasita dantzari eta txistulariek herria esnatzen dute; txistularien erritmora karrika-dantzan. Meza nagusiaren ondoren bandera dantzatzen dute, eta segidan ezpata-dantza egiten dute dantzariek. Ezpata-dantza honako dantzek osatzen dute: Karrika bueltako dantzak, Ikurriñari agurra eta ezpata-dantza.

Igantziko ezpata-dantza
Ezpata-dantza, Igantzi, 2014-09-29. Argazkia: Eire Vila - Dantzan CC-BY-SA

 

Markina-Xemein: Ezpata-dantza, aurreskua eta mahai-gainekoa

San Migel egunez, Markina-Xemeingo Arretxinaga ermita inguruan, Xemeingo udaletxea izan zenaren aurreko plazan, izaten da jaia. izaten da jaia. Bi dantza saio izaten dira, bata goizean eta bestea iluntzean. Goizean Zerutxu dantza taldeko kideek ezpata-dantza eta aurreskua plazaratzen dituzte eta iluntzean aurreskua eta mahai-gainekoa.

Xemein ezpata-dantza 2022
Ezpata-dantza, San Migel, Markina-Xemein, 2022-09-29. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Arretxianaga aurreskua
Aurreskua, San Migel, Markina-Xemein, 2022-09-29. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Mahai-gainekoa
Mahai-gainekoa, Markina-Xemein, 2015-09-29. Argazkia: Olaiz Agirrebeña - Dantzan CC-BY-SA

Ablitas: Paloteadoa

Urriaren lehen larunbatean plazaratzen da paloteadoa Ablitasen (aurten urriak 5) Arratsalde iluntze aldera Errosarioko Andra Mariaren irudiarekin egiten den prozesioan laguntzen dute, elizatik plazarantz joaten dira eta han Paloteadoa eszenaratzen dute. Dantzariekin batera musikariak eta paloteadoetan ohikoak diren pertsonaiak igotzen dira oholtzara: artzain-burua (mayorala) eta artzaina (rabadana), deabrua eta aingerua. Antzerkia eta dantzak tartekatzen diren emanaldian, guztira sei eszena daude eta bakoitzean dantza bat eskaintzen dute dantzariek: makila balsa, kortesiak, zinta-dantza, arku-dantza, makila jota eta giza dorrea.

Paloteado Ablitas
Ablitaseko paloteadoa.

Elgoibar: Errosarioko Amaren ezpata-dantza

Errosarioko Amaren ezpata-dantza eskaintzen dute Elgoibarren Errosarioko Amaren egunaren bueltan (aurten 6a). Haritz dantzari taldeko dantzariak, Elgoibarko Udalaren txistulari banda eta eskopetariak meza ostean atera ohi dira ezpata-dantza egitera. San Bartolome elizan egiten den mezan hasten da ezpata-dantza. Eliza barruan egingo dute lehen dantzaldia ezpata-txikiek, eta meza amaitutakoan irtengo dira dantzariak kalera segizioan.

Errosarioko Amaren ezpata-dantza
Errosarioko Amaren ezpata-dantza, Elgoibar, 2023-10-07. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Elorrio: Errebonbiloa

Urriko lehen igandean (aurten urriak 6) ospatzen da Errebonbilloen alardea Elorrion. Goizeko 5:00etan hasten dira kalejiran Errebonbilloak. Udaletxean hasi eta herriko hainbat gunetan salbak botatzen dituzte. Lehenengo bi salbak udaletxeko plazan egiten dira. Gero Elorrioko kaleak igarotzen dira alkatearen etxera iritsi arte, eta bertatik, formazioa osatu eta udaletxera bueltatzen dira, eta arratsaldean dantzatuko duten aurreskuaren zenbait zati azken aldiz entseatzen dituzte. Arratsaldeko 17:00etan berriro ekiten diote kalejirari, oraingoan jantzi tradizionalarekin, herriari buelta ematen diote prozesioan Errosarioko Andra Mariren irudiarekin batera eta plazara iristean soka-dantza edo aurreskua dantzatzen dute.

Errebonbilloak
Errebonbilloak, Elorrio, 2014-10-05. Argazkiak: Eire Vila.

Errebonbilloak
Errebonbilloak, Elorrio, 2014-10-05. Argazkiak: Eire Vila.

Ugarte (Amezketa): Ingurutxoa

Ugarte Ingurutxoa 2017
Ingurutxoa, Ugarte, 2017-10-08. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Urriko lehenengo igandean (aurten urriak 6), Amezketako Ugarte auzoko Errosario jaien barruan ingurutxoa dantzatzen da. Handik 5 kilometrotara dagoen Bedaio auzoan dantzatzen den Bedaioko ingurutxoaren oso antzekoa da. Ingurutxoak Nafarroan ohikoak badira ere, Gipuzkoan aipatutako bi leku horietan bakarrik ezagutzen dira.

San Migel eta Errosario dantzak 2024

Irailak 28 larunbata

  • Iurreta: 18:30ean, herriko plazan, Donien Atxaren jasotzea eta jarraian dantzariek azken entsegua: dantzari-dantza eta erregelak.

Irailak 29 igandea

  • Iurreta: 11:00etan, herriko plazan, dantzari eta agintarien kalejira Montoitik Plazara. 11:30ean Meza nagusia eta ondoren dantzari-dantza eta erregelak. 18:30ean dantzari-dantza laburtuta eta erregelak.
  • Cortes: Herriko dantzarien parte-hartzea 11:30etako prozesioan eta arratsaldeko 18:30ean paloteadoa, Mirandako Dukeen plazan.
  • Igantzi: 10:00 karrika-dantza. 11:30ean meza eta ondoren bandera-dantza eta ezpata-dantza.
  • Markina-Xemein: 11:00etan meza nagusiaren ondoren ezpata-dantza eta aurreskua Arretxinagan. 22:00etan mahai-gainekoa eta aurreskua.

Urriak 5 larunbata

  • Ablitas: 19:30ean segizioan eta jarraian paloteadoa, plazan.

Urriak 6 igandea

  • Elgoibar: 12:00etan meza eta ondoren ezpata-dantza.
  • Elorrio: 5:00etan lehen kalejirak, 12:00etan azken entsegua. 17:00etan kalerira eta ondoren aurreskua.
  • Ugarte (Amezketa): 18:00etan herri kirolak frontoian eta ondoren ingurutxoa.

Urriak 12 larunbata

  • Iurreta: Urrijena jaia. 9:15 Argazkia Iurretako plazan. 10:15 Kalejira aparkalekutik plazara herriari buelta emanez. 12:00 Dantzari-dantza eta gorulari dantzak. Jarraian omenaldiak 65 urtetik gorako dantzariei. Bukatzeko soka-dantza. 15:00 Bazkaria. Askondoko karpan 17:00 Kantaldi / dantzaldia Bada Giro taldearekin

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.