Dokumentuaren akzioak
Paloteadoa estreinatu dute Cintruenigon
Paloteadoa plazaratu dute Cintruenigon (Nafarroa) pasa den irailaren 1ean. Herriko gaiteroak, dantza taldea eta gazte elkartea batu eta Paloteado de Cintruenigo elkartea osatu zuten duela urtebete inguru. Dantzak, musika, antzerkia, arropak... sortu eta Nafarroako Erriberan ohikoak diren ikuskizuna eskaini dute. Nafarroako herri gehienetan desagertu egin ziren gisa honetako emanaldiak XIX. eta XX. mendeetan, baina azken 40 urteetan berreskuratzen ari dira han eta hemen, baita berriak sortzen ere, azkena Cintruenigokoa.
Urtarrilean iragarpena
Urtarrilean izan genuen cintruenigoarren paloteadoaren prestaketen berri. Duela urte batzuk urtarrileko jaiak irailera data aldatu zituzten, baina azken urteetan festen berezko datetan ospakizun txiki batzuk egiten hasi dira. Festa giro hori aprobetxatu eta urtarrilaren 20an orain plazaratu duten paloteadoaren aurrerapentxo bat eskaini zuten.
Urtarriletik irailera lanean gogor aritu dira eta azkenean aurkeztu dute hilabetetako lanaren emaitza. Paloteado edo danceetan ohikoak diren ezaugarriak gorde dituzte: trokeo-dantzak eta antzerkia txandakatu dira. Antzerkian paloteadoetan beti agertzen diren pertsonaiak aritu dira zirtoka; artzain-burua (mayorala) eta artzaina (rabadana), deabrua eta aingerua.
Oraingoz bost dantza
Mikel Aranburu Urtasun eta José María Jimeno Juríok aurrez jasoa zuten dokumentuetatik abiatuta ekin diote dantza eta antzerkia oinarrian dituen emanaldia osatzeari. Ikusi dute Cintruenigoko paloteadoaren erreferentziaren bat edo beste bazela ikerketa lan horietan; besteak beste, dantzatu izan diren dantzen edota jantzien inguruko informazioa.
Dokumentazioan aipatzen diren 12 dantza piezetatik 5 birsortu dituzte: kalejira, mazurka, balsa, zinta-dantza eta jota. Dantza horiek zerrendatuta daude Nafarroako Dantzen Atlasean. Falta diren dantza piezak datorren urteetan birsortzeko aukera adierazi dute. Dantza taldeko kide den Mario Lisok ondu ditu koreografiak eta Fernando Lozano arduratu da konposizio berriez, musikari buruzko daturik ez baitute aurkitu.
Taldeko kideek sare sozialetan adierazi dute harrera bikaina izan dutela herrian eta datorren urterako prestaketei gogotsu eutsiko dietela.
Informazioa:
-
Cintruénigo ensaya su renacido Paloteado (Noticias de Navarra, 2024-01-21)
-
Un siglo después regresa el Paloteado a Cintruénigo (Noticias de Navarra, 2024-08-24)
Dokumentuaren akzioak