Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Dantzan

Orain arteko ekarpenak

Luzaide: Bolant eguna 2019

2020/03/31

Alarma egoera dela eta aurten Pazko igandean ez da izango Luzaiden bolant egunik. Apirilaren 12an ziren ospatzekoak luzaidarrak urteko ospakizun handienetakoa, baina Luzaideko Bolanten batzordeak bertan behera utzi behar izan du jaia oraingoz. Hori dela eta aurreko urtean Pierre Latasak hartu zituen irudiak jaso nahi izan ditugu. Kaleko martxakoak eta arratsaldeko frontoiko saioko irudiak daude. Bolant-martxa, lapurtar-motxak eta dantza-luzearen zati batzuk ikus ditzakegu. Irudiak: Pierre Latasa. Bolant eguna, Luzaide, 2019-04-21.

Eutsi dantzan 13 ezkotixetik arin-arinera: Josu Garate eta Quico Puges

2020/03/27

Josu Garatek eta Quico Pugesek abiatu zuten #EutsiDantzan proposamena martxoaren 13an, oraindik konfinamendu neurri zorrotzenak indarrean ez zeudela. Fandangoa eskaini ziguten orduan, baina fandangoaren ondotik arin-arinak behar duela eta, segidan grabatu zuten bigarrena. Harrezkero beste hainbat dantzari eta dantza irakaslek eskaini dizkigu bere proposamenak, baina gaur hasierakoengana itzuli eta Garatek eta Pugesek grabatu zuten arin-arinerako gonbidapena eskaintzen dizuegu. Quico Pugesen txeloaren doinura, ezkotixetik arin-arinera bidaiateko aukera eskaintzen digu Josu Garatek etxean dantzan jarraitzeko proposamen honetan. Hona hemen beraz, etxean soltean dantzatzeko beste pauta batzuk. 

Eutsi dantzan, etxetik atera gabe dantzari eusteko proposamenak:

Eutsi dantzan 12 foxtrota: Miren Hazas

2020/03/26

Etxeko itxialdian, toki askorik gabe ere egin daitekeen dantza bat, foxtrot bat, proposatu digu Miren Hazas dantzariak #EutsiDantzan atalean. Inauterietan, Eibarko koko-dantzetan mozorroek dantzatzen duten dantzetako bat da hau, koko-dantza bat beraz. Bi zati ditu, lehenengo foxtrota eta ondoren arin-arina. Eutsi dantzan, foxtrota eta arin-arina, Miren Hazas, Eibar, 2020-03-25.

Eutsi dantzan, etxetik atera gabe dantzari eusteko proposamenak:

Eutsi dantzan 11 Axuri Beltza: Itziar Otamendi

2020/03/25

Itziar Otamendi Argia dantzari taldeko dantzariak axuri beltza ekarri digu Eutsi dantzan atalera. Nafarroako Jaurrieta herrian, emakumeek kantatuz egiten zuten dantza galduta zegoen, eta Marian Arregik eta Juan Antonio Urbeltzek birsortu zuten. 1969ko maiatzaren 4an estreinatu zuen Argia dantzari taldeak Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Itziar Otamendik azaltzen duenez hiru zati bereizten dira dantzan: sarreia, dantza bera eta irteera. Eutsi dantzan, Axuri Beltza, Itziar Otamendi, 2020-03-25.

Eutsi dantzan, etxetik atera gabe dantzari eusteko proposamenak:

Eutsi dantzan 10 Lapurdiko fandangoa: Jon Olazkuaga

2020/03/24

Lapurdiko fandangoa urratsez urrats azaldu digu Jon Olazkuagak, eta baita dantzatu ere Xan Olazkuaga anaiaren laguntzaz, Eutsi Dantzan sortaren 10. atal honetan. Maritzuli konpainiako dantzari eta ikerlariak azaldu digu maiz Lapurdiko fandangoa Betti Beteluk sortu zuen fandango koreografiatuari deitzen zaiola, baina koreografia horrek Lapurdiko kostaldean dantzatu ohi zen fandangoan duela oinarria. Apaingarriz betea da eta batez ere pauso doblatuak ditu. Olazkuagak Lapurdiko fandangoaren honako ezaugarriak nabarmendu ditu: ohikoa da bi hanketan jartzea gorputzaren pisu guztia eta ez bakarrean; arintasun handiarekin dantzatzen da, belaunak igo behar dira eta azkenik atzeko hankaren lana azpimarratzen du. Jon eta Xan Olazkuaga anaiak fandangoa dantzatzeko darabilten doinua Kazkabarra taldearen Ihauteriak (1985) diskotik Eguzki dantza pieza da. Eutsi-dantzan, Lapurdiko fandangoa, Jon Olazkuaga, 2020-03-24.

Eutsi dantzan, etxetik atera gabe dantzari eusteko proposamenak:

Eutsi dantzan 08 billantzikoa: Kattalin Ezkerra

2020/03/20

Kattalin Ezkerrak, Baztandarrak dantza taldeko kideak egin digu gaurko #EutsiDantzan atalerako proposamena: hiru puntukoa, billantzikoa eta xalo-dantza. Mutil-dantzak dira dantza-jauziek Baztanen hartzen duten forma eta badituzte hainbat berezitasun. Kattalinek horiek azaldu dizkigu hasteko eta ondotik, erdizke urratsetik abiatuz eta bere aldaerak aletuz, mutil-dantza osoaren eboluzioa erakutsi digu. Eutsi dantzan, bilantzikoa, Kattalin Ezkerra, 2020-03-19.

Eutsi dantzan, etxetik atera gabe dantzari eusteko proposamenak:

Eutsi dantzan 07 zazpi-jauziak: Jon Iruretagoiena

2020/03/19

Zazpi-jauziak zazpi modu desberdinetan dantza egiteko erronka proposatzen digu Jon Iruretagoienak gaurko Eutsi Dantzan atalean.  Erdizka urratsa dantzatzeko hainbat aldaera erakutsi eta eskaini dizkigu Maritzuli konpainiako dantza-maisuak. Horretarako zazpi-jauziak dantza erabili du eta buelta bakoitzean hainbat bariazio eman ditu. Azaldu du erdizka lauetan egiten den momentuan egin ohi direla eboluzio horiek. Izan ere erdizka lauetan da, dantzariak dantza-jauzien arauen barruan askatasun handiena duen unea. Ea harrapatzen ditugun bariazio batzuk, hemendik aste batzuetara plazan dantza-jauzietan sartzeko. Eutsi-dantzan, zazpi-jauziak, Jon Iruretagoienaena, 2020-03-19.

Eutsi dantzan, etxetik atera gabe dantzari eusteko proposamenak:

Eutsi dantzan 06 hanketako ariketak: Maialen Araolaza

2020/03/18

Maialen Araolaza fisioterapeutak dantzan aritzeko gorputz ariketa batzuk eskaini dizkigu. Lehen saio labur honetan zehazki hanketako ―trizeps surala bereziki― indarra mantentzeko proposamena egin digu. Indarraren entrenamendua ―eta ez luzaketena― garrantzitsua da dantzaren errendimendurako eta ohiko lesioen prebentziorako. Erritmo geldoetatik arinagoetara joatea komeni da, ahalik eta mugikortasun handiena bilatuz. Kontutan izan entrenamendua eraginkorra izateko kargaren indibidualizazioa garrantzitsua dela. Hurrengo asterako izterretako ―iskiokruralak bereziki― indarra mantetzeko beste proposamen bat iragarri digu. Musika: Quico Puges. Eutsi dantzan, hanketako ariketak, Maialen Araolaza Arrieta, 2020-03-18.

Eutsi dantzan, etxetik atera gabe dantzari eusteko proposamenak:

Eutsi dantzan 05 Jondane Johaneren branlea: Ihitz Iriart

2020/03/17

Ihitz Iriart kantariak eta dantzariak Jondane Johaneren branlea ikasteko proposamena luzatu du; Zuberoatik Euskal Herri osora zabal dezagun dantza hau. Mixel Etxekoparrek sortutako branle hau ekainaren 23an dantzatu eta kantatu ohi dute Zuberoako mendietan piztutako suen bueltan. Tontor batetik bestera ikusten omen dira gainerako suak. Momentuan, leiho batetik bestera arituko gara dantzan eta kantuan. Hemen abestiaren letra:

Urteak jin eta bihikatzen bata bestearen ordari,
ihautez piztürik sü berria eki begia beilari.
Ezker negüa, esküin argia,
jaüzi aitzina dantzari.
Doblez ützüli esküak ützi,
pikaz üngürü süari.

Izarren hautsa zü Amalürra gaudenen bizi-emaile.
Argizagia eta ekia zure bi haürren sortzaile.
Ezker negüa, esküin argia,
jaüzi aitzina dantzari.
Doblez ützüli esküak ützi,
pikaz üngürü süari.

Goren-gorenik gure izarra xuri gorri argizale.
Ekia gaü egünen egile zü denboraren jakile.
Ezker negüa, esküin argia,
jaüzi aitzina dantzari.
Doblez ützüli esküak ützi,
pikaz üngürü süari.

Beherapenaren aldia da gora dagon güziari.
Üngürü-üngürü urtaroak egünak sor dü gaüari.
Ezker negüa, esküin argia,
jaüzi aitzina dantzari.
Doblez ützüli esküak ützi,
pikaz üngürü süari.

Eutsi dantzan, Jondane Johaneren branlea, Ihitz Iriart, 2020-03-17.

Eutsi dantzan, etxetik atera gabe dantzari eusteko proposamenak:

Eutsi dantzan 04 arin-arina: Gari Otamendi

2020/03/16

Gari Otamendik arin-arina dantzatzen jarriko gaitu gaur, etxetik etxerako eutsi dantzan proposamen sorta honetan. Arrabita jo, dantzan egin eta besteok dantzan jarri, dena batera, biko konpasa modu errazean dantzatzeko aukera eskaintzen digu. Eutsi dantzan, arin-arina, Gari Otamendi, 2020-03-16.

Eutsi dantzan, etxetik atera gabe dantzari eusteko proposamenak:

Orain arteko erantzunak

Dantzan on Biarritz 1948 Dantzak Eusko Ikaskuntzaren kongresuan

2020/04/01

Irudi hauek argitaratu genituenean Patxi Monterok ohartarazi gintuen bigarren aldiz atera genituela. Izan ere 2019ko martxoan atera genituen https://dantzan.eus/[…]/biarritz-1948-eusko-ikaskuntza-vii-kongresua. Ez ginen ohartu eta errepikatutako bideoan, Emilio Xabier Dueñasek abisatu digun moduan, irudien kalitatea hobea da, baina 3:22 minututik aurrerako irudiak horizontalki iraulita daude. Dantzariak alderantziz dabiltza, txistua eskumarekin jotzen ageri dira, normalki alderantziz jotzen dutenean , xirulari zuberotarrak ezkerrarekin, entseinariak ezkerrarekin darama bandera, puntu guztiak ezkerrarekin hasten dituzte, alborako mugimendu guztiak ezkerrera hasten dituzte...

Dantzan on Inauteriak 2020 oinarrizko egutegia

2020/01/23

Eskerrik asko! Ordutegiak edo informazio gehiago bidaltzerik bai dantzari@dantzan.com helbidera?

Dantzan on Ezpata-dantzarien alarde bat 1934an. Non da?

2020/01/10

Bai Xabier, mila esker! Beste zenbait irakurlek ere informazio interesgarria eskaini digu, hemen jasoko duguna:

- Pablo Izagirrek esan digunez "artikulu batean topatu dut, 1933ko ezpatadantzarien alarde oso handia egin zela Bilboko Ibayondo futbol-zelaian". https://dialnet.unirioja.es/servlet/articulo?codigo=157657

Informazio honekin osatu du Pablok kokapen aukera: "Nik arakatutakoaren arauera, Ibayondo (Ibaiondo) estadioa Getxoko udalerrian egotea da aukera fidagarriena, Areeta auzoan, Leioako udalerriko mugatik hurbil. Gaur egun desagertua dago futbol zelai hori. El Arenas futbol taldearen futbol zelaia izan zen urte horietan. Bitxia da, orduko artikulugileek Bilbon egin zela esatea, nahiz eta beste udalerria izan, kasu honetan Getxo. Oso ohikoa da arrain handiak arrain txikia jatea. Zein herri inportantea dago ondoan? Bilbo, ba Bilbon izan zela esatea. Atxikitutako argazkia, Areetako Ibaiondo estadiokoa da, eta antza handiak ditu filmazioko irudiekin: harmailak, zuhaitzak... Bestetik, sasoi horretan, 1930eko hamarkadan, Areeta ondo komunikaturik zegoen hainbeste lagun inguruko herrietatik hara hurbiltzeko ( Bilborekin, Erandiorekin, trenez; Ezkerraldearekin, itsasontziz, Portugaleteko Zubi Eskegiaz, itsasadarra zeharkatzeko... )

- Ignacio Elezcanok beste artikulu hau:
https://www.ehu.eus/[…]/18484

Eta Andoni Elezkanoren "Retratos de hierro y agua" lanean 70-71. orrialdeak begiratzea proposatu digu.

Dantzan on Dantza-kontuak Irulegi irratian

2019/11/07

Ez da ideia txarra. Ea gauzatzeko gai garen! Eskerrik asko Iker.

Dantzan on Zein da Madonnak Eurovisionen eskaini zuen euskal kanta?

2019/05/22

Halaxe da bai, Patxi eta Aitor, "Oihaneko Zuhainetan" da Madonnaren abesbatzeko monjeek hitzik gabe ematen duten kantaren doinua. Hemen hitzak, Jean Mixel Bedaxagarrek kantatu ohi dituen eran:

Oihaneko zuhainetan eder zuhainik gorena
Europako popülietan famatürik üskaldüna
Hura da zaharrena Kantabriaren semia
Lorius bere lurretan beti libre egon dena.

Leheneko üskaldüneri fama zaio baratü
Fidel zela herriari eta legetan argitü
Hura izan da gerlari, üsü odolak ixüri
Fidelitatian etxeki eta legia hareki.

Haritx piala bildürik üskal herri orotarik
Bakotxak bere botza emanik eta legia zen egin
Orai ezta legerik ez eta ere juntarik
Fidelitatia galdürik eta legia saldürik.

Dantzan on Barry Lyndon (1975): Goizeko ihintza dantzan

2019/04/24

Eskerrik asko zuzenketagatik Aitor! Bistan da oker jarri dugula.

Dantzan on Inauteriak 2019 oinarrizko egutegia

2019/01/22

Eskerrik asko ekarpenagatik!

Inork hitzordurik faltan botatzen badu, idatziguzue mesedez dantzari@dantzan.com helbidera informazioa eta argazkiren bat bidaliz eta gustora gehituko dugu inauteri egutegian.

Dantzan on Biarritz 1934 Euskal dantza jaialdia

2019/01/17

Durangaldeko dantzarien saioa xehe aztertuta honako argibide, zalantza eta xehetasunak aipatu dizkigu Durangaldeko dantzari batek:

"Durangaldekoak direnarekin guztiz seguru ere ez nago, baina pausukeragaitik oso gureak ikusten ditut. Bestalde Garaiko taldearen inguruan banderaren antzekotasuna (https://pbs.twimg.com/media/DjBgm-nXsAA0Rjo.jpg) eta 'eskas'etan hartzen duten kokapenak (https://www.youtube.com/watch?v=WCzNVC7mi78) kontuan hartuta kointzidentzia gehiegi iruditzen zait Garaikoak ez izatea.

Berriztarrekin, aldiz, zalantza asko ditut zeren haien bandera, antza gerra garaian desagertu zen, gainera 'Durangerriko banderak' liburuan aurkitu dudan argazkian beste kolore bat ikusten diot. Agian Izurtzako bandera izan daiteke? Izurtzakoena ere antza gerra garai inguruan desagertu zen. Honetan denean hobeto dakiena Jon Irazabal Agirre liburuaren autorea da egia esateko.

Pausoen xehetasunen inguruan lehenik, lehenago erakutsi zenuten bideo honekin konparatuz: https://dantzan.eus/[…]/berriz-dantzari-dantza-1923-1928. Alde ugari ikusten dizkiot. Hasteko Biarritzekoan askoz leku txikiagoan ikusten ditut (gaur egun egiten den bezala) eta bideo zaharragoan, bai eta hainbat argazki zaharretan askoz ere espazio zabalagoan daude kokaturik.

Hastean ezpatekin agurtzean Biarritzekoan bata bestea zapalduz dabiltzala esan daiteke. Orokorrean koordinazio gutxiagorekin edo egiten dute dantzan. Bandera eragitearena, aldiz, gaur egun guk jaso dugun bezala egiten dute: 3 buelta ezkerrera, 3 eskumara eta 3 ezkerrera musika doinua jarraituz. Aldiz, bandera eragitean ezpata bandereroaren makila dagoen lekuan uzten dute. Bestetik puntapioa jasotzean batzuetan ez dute guztiz jasotzen, Berrizko bideo zaharragoan aldiz bai. Eta 'buelta' ere batzuek gaur egundaino heldu zaigun 3 pausuetan egiten dute (berrizko bideo zaharragoan bezala) eta beste batzuek aldiz edonola.

Puntapio eta grabiletetan barietatea ikusten bada ere, nik dantza hauek errekuperatzen ibili zirenei beti entzun izan diet jende zaharrak beti puntapioa denbora bitan (lehenengo belauna altxatuta) eta grabiletea aurretik egiten zela ziotela.

Bestalde, 5:05 ean eta 5:41 eta 5:44 etan behean golpea jotzean saltorik ez egitea ere bitxia iruditu zait. Berrizkoek (https://www.youtube.com/watch?v=eSYw1--zlwM) ( 2:19 segundoan) antza bai egiten dutela horrela.

Azkenik, janzkera garai horretako argazkietan ageri dena da. Txalekoa, 'siemprebibie'... galduak. Ezpaten eta makilen luzera Durangaldean ohikoena izan den bezala ikusten ditut."

Dantzan on Oñati 2018 Eusko Ikaskuntzak 100 urte: aurreskua

2018/11/28

Eskerrik asko zure iruzkinagatik Patxi. Desafio gurutzatuari buruz Oñatikoek eman dezakete argibide gehiago, baina Oñatiko aurreskuan ohikoa den koreografia da hori, alegia, horrela egiten dela normalki, ez zen ezer berezirik egin agintariei begira. Kasualitatea izan zen agintariak parean egotea, ze teorian, hor ez, baizik eta sokan izan behar ziren.
Dantzan

Dantzan

dantzan 2001. urtean sortu zen eta 2003tik dantzan.com dantza sustatu eta hedatzeko elkarteak kudeatzen du.


Babestu dantzan.com