Dokumentuaren akzioak
Han eta hemen mozorro berriak loratzen

Inauteri berrien sortze eta birsortzeak ez du etenik. Dibertimenduen zabalkundeak jarraitzen du, garai bateko puska-biltzeei baserri-bide gehiago agertu zaizkie eta han hemen gero eta ugariagoak dira mozorroen aldaera eta lehengusuak: txantxoak, kokoak, kokomarruak, kukumarroak, anarruak, momotxorroak, xamorroak, mamarroak...
Urteak dira inauteri festak indartzen ari direla Euskal Herri osoan, baina bereziki, pandemiaren ondoren sumatu dugu badela inauteri jai berriak sortzeko halako nahi bat; eredu kapitalistak bultzatzen dituen mozorro eta festaren aurrean beste gisa bateko ospakizun nahi bat. Garai batean Euskal Herriko zenbait lekutan ospatzen ziren aratusteetako elementuetatik abiatu eta festa berriak antolatzen ari dira hainbat txokotan.
Kokomarroak kaleratu zituzten Artean 2021ean, 2022an Dibertimedua Añorgan eta koko-batzea Elgetan, eta Bakion anarruak 2024an. Aurten Ataun eta Lazkaon garai batean mozorroek egiten zituzten eskeak berrartuko dituzte, Arrasaten kukumarruak kaleratuko dituzte, Astigarragan libertimendua prestatzen ari dira, Usurbilen "Urderen etorrera" ospatuko dute eta Mirandan dagoeneko, Mocarro pertsonaia erre dute.
Puska-biltzeak berreskuratzen
Lazkaon 1960-70ko hamarkadan galdu ziren inauteriak berreskuratuko dituzte. Festa haietatik abiatuta herriko hainbat talde elkartu eta otsailaren 28an plazaratuko dira inauteriak ospatzera. Herrian zeharreko ibilbide bat egingo dute, kalejiran, eta hainbat plazatan geldiuneak egingo dituzte dantzatzeko.
Ataunen ere antzeko planteamendua egin dute. Belaunaldi berriei garai bateko herriko ohituretatik abiatuta herriari festarako beste ikuspegi bat eskaintzea da asmoa; dantza, mozorro eta eskeen bidez komunitatea sendotzea. Otsailaren 28an 17:30ean jarri dute hitzordua, eta herritarrei “trapu zaharrak” ateratzen hasteko deia egin diete.
Kukumarroak eta txorimaloak kalera
Musikariak, dantzariak, txorimaloak eta kukumarruak izango dira Arrasateko inauterietako protagonistak. "Kukumoarroa" da Arrasaten mozorroei deitzeko erabiltzen zen izena. Txorimaloak izango dira dantzari eta musikariak. Kalean aurrera joateko kalejira berri bat sortu dute txistulariek, eta herriko bi dantza taldeen artean dantza berri bat sortu dute kalejira horretarako. Otsailaren 28an 19:00etan aterako dira kalejiran.
Libertimenduen formula inportatzen
Libertimenduak, bereziki, Nafarroa Behereko inauteri forma bat izan dira. XX. mendean beherakada izan zuten, baina mende berriaren hasierarekin batera Donibane Garazin loratu eta haziak zabaltzen joan da Nafarroa Beherean eta baita Euskal Herriko beste zenbait lekutan ere. Astigarragan ere egitura hori bereganatzea erabaki dute eta festa propioa sortu: Zirikoketa. Martxoaren 2an, goizean zehar puska-biltzea egingo dute hainbat auzotan eta gero eguerdian plazako emanaldia.
Dokumentuaren akzioak