Dokumentuaren akzioak
Nork hartuko du Malandainen erreleboa Miarritzeko Zentro Koreografikoaren zuzendaritzan?

Malandain Ballet Biarritz - CCN Zentro Koreografiko Nazionalaren zuzendari berria hautatzeko prozesua abiatu da Miarritzen. Thierry Malandainek erretreta hartuko du, eta Frantziako estatuak dituen bederatzi Zentro Koreografiko Nazionaletako bat izanik horren zuzendaritza hautaketa bideratzeko araudia betetzen hasita dira. Hautagaitzak aurkezteko deialdia egin zen eta 49 hautagaik aurkeztu zuten beren burua horretarako ezarritako epe-mugan. Martxoaren 31n bukatu zen horretarako aukera. Jasotako proposamen guztien artean bakarra izan da Euskal Herrikoa.
Hautaketa batzordea osatu da Ballet Biarritz elkartea, Frantziako Kultura Ministerioa, Miarritzeko Udala, Akitania-Berria eskualdea eta Pirineo-Atlantikoak departamenduko ordezkariekin. Hautaketa batzorde horren egitekoa izan da jasotako 49 hautagaitzetatik baheketa egitea eta gizon eta emakume hautagaitza parekide sorta murritzagoa pasatzea hurrengo fasera. Horrela, guztiak aztertu ondoren zazpi hautagaitza hobetsi ditu batzordeak hurrengo faserako. Hiru emakume, hiru gizonezko eta talde bat. Bakarra ere ez da Euskal Herrikoa. Zazpi hautagai horiek lau urterako proiektu artistikoak proposatu behar dituzte eta ekaina erdi-alderako aurkeztu beharko dituzte proiektuak. Defentsak ekainaren bukaeran egingo dira (frantsesez egitea defentsa eskatzen du deialdiak) udan zehar hautagaitza bat adostu dezan batzordeak.
Frantziako Kultura Ministroak du erabakimena
Hautaketa batzordeak proposamena egin eta azken erabakia Frantziako Kultura Ministroari dagokio. Izendatua den Miarritzeko Zentro Koreografikoaren zuzendari berriak 2027ko urtarrilaren 1ean abiatuko du bere jarduna. Lau urteko zuzendaritza-aldia izango du, ondotik hiru urteko beste bi agintaldiz luzatzeko aukerarekin.
Malandain Ballet Biarritz 1998an sortu zen, Miarritzen, Centre Chorégraphique National Ballet Biarritz izenarekin, Thierry Malandainen zuzendaritzapean. Hasiera batean, konpainiak 12 dantzari autonomo zituen. 2004an, dantzariak langile iraunkor bihurtu ziren, eta kopurua 20ra igo zen. 2009ko abuztuan, konpainiak "Malandain Ballet Biarritz" izena hartu zuen ofizialki. 2021az geroztik, Malandain Ballet Biarritzek Maitaldia jaialdia ere kudeatzen du, eta Thierry Malandain da 2000tik jaialdi horren zuzendari artistikoa. Urtero irailean egiten da eta ehun ekitaldi baino gehiago eskaintzen ditu Euskal Herri osoan. Thierry Malandainek 80 lan baino gehiago sortu ditu, eta horietako 20 konpainiaren errepertorioan daude. 2026an Thierry Malandainek erretiroa hartuko duela aurreikusten da, 28 urtez zuzendari izan ondoren.
Aurrekontua eta Langileak
Malandain Ballet Biarritzen aurrekontuari dagokionez, 2023an 6 milioi eurokoa izan zen. Diru-sarreren erdia gutxi gorabehera emanaldi, Thierry Malandainen lanen beste konpainia batzuei lagatze eta mezenasgo bidez lortzen da. Gainerakoa, nagusiki, diru-laguntza publikoetatik dator. Langile kopuruari dagokionez, konpainiak 22 dantzari iraunkor ditu. Guztira, ia 70 pertsonak egiten dute lan Zentro Koreografiko Nazionalaren bueltan eta 154 kolaboratzaile ditu (60 lanaldi osoan) hainbat arlotan, hala nola zuzendaritza artistikoan, teknikoan eta administrazioan.
Balletaren zentroa eta ingurua
Malandain Ballet Biarritz Biarritzeko Gare du Midi tren geltoki zaharrean du egoitza, gaur egun antzerki areto bihurtuta dagoena. Konpainia oso aktiboa da nazioartean, eta urtean 100 emanaldi inguru egiten ditu, horietatik heren bat nazioarteko birak. Balleta neoklasikora eta garaikidera bideratuta dago, eta Thierry Malandainek urte hauetan guztietan laurogei lanetik gora aurkeztu ditu.
Malandain Ballet Biarritz eta Centre Chorégraphique National erakunde publikoen babesa jasotzen dute, besteak beste, Frantziako Kultura Ministerioa, Nouvelle-Aquitaine eskualdea, Pirinio Atlantikoetako departamendua eta Biarritz hiria. Horrez gain, Euskal Elkargoaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ere jasotzen du Ipar Euskal Herrian eta Gipuzkoan egiten dituen ekintzengatik, mugaz gaindiko lankidetzaren eta lurraldearen erakargarritasunaren garapenaren esparruan.
Dokumentuaren akzioak