Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Zirikoketarekin libertimenduen zerrendara gehituko da Astigarraga

Dokumentuaren akzioak

Zirikoketarekin libertimenduen zerrendara gehituko da Astigarraga

2025/02/13 08:15
Zirikoketarekin libertimenduen zerrendara gehituko da Astigarraga

Zirikoketako entsegua, Astigarraga, 2025-02-12. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Inauteri igandean, martxoaren 2an, Zirikoketa plazaratuko dute Astigarragan. Herriko dantzari, musikari, bertsolari eta antzerkilariak batuta libertimenduen egitura duen festa prestatzen ari dira inauterietarako.

Astigar taldearen 50. urteurrenaren bueltan hasi dira festari forma ematen. Joxe Mari Alberro taldeko kideak azaldu digu nola garai batean, San Roke egunean, zenbait inauterietan egiten den sardinaren ehorzketa bezala, sagarrarena egiten zutela Santiago Mendin, “baina bizkarrezur handirik gabe”. Edukia eman behar ziotela ikusi zuten, “Juan Antonio Urbeltzek esaten zigun inauterietako kontua zela, baina hor gelditu zen. Orain Astigar taldearen 50. urteurrena dela eta zerbait egin behar genuela eta hortik abiatu gara”. Jexux Larreak, taldeko dantza-maisuak, Añorgan egiten zuten libertimenduaren antzeko zerbait egin zitekeela proposatu zuen, “orduan Gari Otamendi añorgarrarekin jarri ginen harremanetan. Libertimenduen oinarriak azaldu eta beraiek egiten dutena erakutsi zigun. Guretzat egokia eta egingarria zela iruditu zitzaigun”.

Zirikoketa entsegua
Zirikoketako entsegua, Astigarraga, 2025-02-12. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Astigarragan, nola ez, sagarra izango da protagonista. Zirikoketa izena ipini diote jaiari. Astigarragarrek beti izan omen dute adarjotzaile fama, horrela, sagarra, kirikoketa eta adar jotzea edo ziria sartzea bateratu dituzte izenean: ziria + koketa. Ziriaren bi esanahiak bateratu dituzte, kupeletako txotxa eta adar jotzea.

Arizkun eta Bretainiara begira

Dantzariek egingo dituzte dantza gehienak, baina badira dantza errazak jendearen parte-hartzea bultzatu nahi dutenak. Trokeo-dantzak, irradaka edota irri-dantzak prestatu dituzte. Arizkun eta Bretainiako errepertorioetatik ere edan dute dantzak sortzerako orduan. Izan ere, “XX. mende hasieran sagarra falta izan zen sagardoa egiteko. Hasieran, Lesaka, Arizkun... aldera joan ziren sagar bila. Hangoa ere bukatu zen eta beste pausua izan zen Bretainiara joatea sagar bila”.

Zirikoketa entsegua
Zirikoketako entsegua, Astigarraga, 2025-02-12. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Harreman horiek kontutan izanda libertimenduan Baztango eta Bretainiako aireak dituzten dantzak sartuko dituzte. Arizkungo eta Baztango sagar-dantzak ezagunak dira eta sagarra zanpatzearen inguruan beti izaten zen festa, baserri guztietan egiten zen kirikoketa. Bestalde, Bretainian bada sagardoa edatea oinarri duten dantza eta kanta bat.

Goizean zehar puska-biltzea egingo dute hainbat auzotan eta gero eguerdian plazako emanaldia.

Helburua: parte-hartzea

“Guretzat garrantzitsua da jendeak parte hartu eta ondo pasatzea”, txistulariak, dultzaineroak, trikitilariak, txaranga, danborrada taldea, bertsolariak eta antzerkia izango dira plazan dantzariekin batera.

Zirikoketa entsegua
Zirikoketako entsegua, Astigarraga, 2025-02-12. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Urrian hasi ziren dantzarian dantzak prestatzen eta entseatzen, eta helduen taldearekin urte hasieran. Azken asteetan dena bateratzen eta festa herritarrengana hurbildu nahian ari dira. Mozorroaren garrantzia ere nabarmendu du Alberrok, “ez du balio denda batera joan eta Super Man trajea erosteak. Mozorroaren kultura ere ulertaraztea nahi dugu. Dantzarien mozorroaren oinarrian zuria egongo da, baina beste elementu batzuk izango dituzte apaingarri moduan”.

Otsailaren 14an aurkeztuko dute Zirikoketa herritarren aurrean. Herri Eskolako areto nagusian, 19:30ean.

Erlazionatutako elementuak
Libertimenduak 2025

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.