Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Andoaingo axeri-dantza berreskuratu zela 50 urte beteko dira aurten

Dokumentuaren akzioak

Andoaingo axeri-dantza berreskuratu zela 50 urte beteko dira aurten

2025/02/11 07:55
Andoaingo axeri-dantza berreskuratu zela 50 urte beteko dira aurten

Axeri-dantzako kide eta lagunak eta Andoaingo udaleko zinegotziak, Andoain, 2025-02-08. Argazkia: Axeri Dantza taldea.

Auren 50 urte beteko dira Andoainen eta Adunan axeri-dantza berreskuratu zutela, eta 25 urte emakumeak parte hartzen hasi zirela. Urteurren borobila dela eta urte osoan zehar hainbat ekimen antolatu dituzte Andoaingo Axeri Dantza taldeko kideek. Larunbatean, hilaren 8an, egin zuten aurkezpena; bertan bildu ziren dantzari, txistulari, Adunako ordezkari eta udal ordezkariak.

Urteurreneko ekimenen helburua da duela mende erdi berreskuratze lan hartan aritu zirenei aitortza egitea eta Andoainen eta Adunan soilik egiten den dantza honi balioa ematea.

Axeri-dantza Andoain
Juantxo Arregi eta Izaskun Beraza Andoaingo Udaleko ordezkariekin, Andoain, 2025-02-08. Argazkia: Axeri Dantza taldea.

Urte osoan axeri-dantza presente

Datorren asteko inauterietako puska-biltzearekin abiatuko dute urtea. Gero, martxoaren 8ko egitarauaren barruan mahai-ingurua izango da martxoaren 6an. 25 urte daramatzate andoaindarrek herriko axeri-dantza modu parekidean plazaratzen, eta mahai-inguruan emakumeek axeri dantzan izan duten parte-hartzearen inguruan arituko dira solasean.

Egun handia, ohi den moduan, ekainaren 24a izango da. Aurten ospakizunak axeri-dantzan era batera edo bestera parte hartu duten eta parte hartzen duten lagunekin partekatu nahi dute taldeko kideek. Beraz, dantzari, dantzari-ohi, ikusle, jarraitzaile edo axeri dantza maite duen oro gonbidatu dute axeri-dantza plazaratu ondoren egingo duten bazkari herrikoira.

Urteurrena oroituko duen irudi edo logo bat ere badute esku artean, horrela, logo berria izango duen materiala prestatzen ari dira. Eta urteurrena borobiltzeko azken bizpahiru urtetan ehuntzen ari diren ikus-entzunezkoa ere aurkeztuko dute: axeri dantzaren historia, esentzia, zein balioak bilduko dituen dokumentu grafikoa.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.