Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Amaiur Aristi Arregi "Guk gura genuen errebonbillo izan eta izan ginen, eta bidea zabaldu genuen"

Dokumentuaren akzioak

"Guk gura genuen errebonbillo izan eta izan ginen, eta bidea zabaldu genuen"

2025/10/03 08:55
"Guk gura genuen errebonbillo izan eta izan ginen, eta bidea zabaldu genuen"

Saioa Gomez eta Nekane Guridi, lehenengo emakume errebonbilloak, Elorrio, 2025-10-01. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

2003ko urriaren 5a, igandea. Lehenengo aldiz Elorrion emakumeak atera ziren errebonbilloetan: Saio Gomez (Elorrio, 1978) eta Nekane Guridi (Elorrio, 1978). 25 urte zituzten, "gazteak ginen, energiaz beteta, dantzariak ginen eta errebonbillo izan gura genuen". Aurten ere, urriaren 5a da urriko lehen igandea, errebonbilloek alardea eta aurreskua plazaratuko dituzte. Orduko oroitzapenez eta oraingo ikuspegiaz aritu gara Gomez eta Guridirekin. Ikastetxean elkartu gara. Umetan elkarrekin hasi ziren eskolan, lagunartean... elkarrekin irten ziren errebonbillotan, eta biak irakasle dira orain elkarrekin.

Iritsi eta neuk galdera egin aurretik beraiek aurreratu dira: "Hainbeste urte pasata, nolatan etorri zara ba orain horri buruz galdetzera?". Aitzindariak izan zirelako esan diet. Tarteka atzera begiratu beharra dago; ikusi nola izan ziren gauzak, oroitu, jaso, eztabaidatu, aldatu...

Urriko lehen igandea gainean dugu eta Elorrion festa eguna izaten duzue. Zein dira zuen lehen oroitzapenak?
Saioa Gomez: Nik ez daukat umetako oroitzapenik, gaztaroan bai. Errebonbilloak irteten ziren, egia esanda, goizaldean askotan egoten ginen, beti afaria edukitzen dugulako bezperan. Gero irten izan gara urte askoan dantza egitera eurak aterata sokara.
Nekane Guridi: Besaide dantza taldean dantzan ibili ginen umetan eta gero begirale moduan. Orduan gure entsegu lokalera etortzen ziren. Besaide dantza taldean batez ere taldea aurrera atera dutenak emakumeak izan dira. Neska taldeak egon dira, mutilen taldeak aspaldi galdu ziren, eta hor ikusten genituen errebonbilloetan mutilek bakarrik hartzen zutela parte. Esan genuen urteren batean gu animatuko ginela. Gu dantzariak gara, eskopeta erabiltzen ez genekien, baina dantzariak, hori behintzat bai.

2023ko urriaren 5ean errebonbillo atera zineten.
SM: Askotan ateratzen gintuzten mutilek dantzara eta gero afaltzera joaten ginen beraiekin. Hurrengo urtean entsegura joango ginela esan genien. "Etorri, esaten ziguten". Lehenengo urtean ez, baina hurrengoan joan ginen.

Nekane Guridi eta Saioa Gomez
Nekane Guridi eta Saioa Gomez, emakumeak lehen aldiz errebonbillo atera zirenean, 2003-10-05. Argazkia. Segun Lazkano

Biok, ezta? Zergatik?
SG: Egin genuen berba, joango ginela eta benga, bagoaz. Gu ere bai!
NG: Hemen gaude, astero-astero, entsegua, domeketan irteera... Dantzen inguruan beti, dantza gora, dantza behera... Guk nahi dugu gure kultura mantentzea eta parte hartzea. Errebonbilloek gonbidatzen gintuzten sokara, baina ez genuen hori nahi, guk errebonbillo izan nahi genuen".

Zuek zineten herriko dantzariak, eta orduan, zein ziren errebonbillo ateratzen zirenak?
NG: Bat edo beste izango zen dantzaria edo dantzari izandakoa. Herriko mutil gazteak ziren gehienak. Gu joan ginenean, egia esan, baten batzuk harrituta geratu ziren, ze haiek ez zuten espero, territorio maskulinoa zen, baina oso ondo hartu gintuzten. Gainera batzuek esan ziguten "zuek etortzen baldin bazarete, gure lekua utziko dizuegu". Izan ere, errebonbilloak hamabost izaten dira, justu, ezin dira gehiago izan.
SG: Guretzako deserosoa zena zen eskopeta, ze gaur egun dauden eskopetak uzker batzuk botatzen dituzte, baina garaian zeudenak, eskopetak ziren, eta, gainera, beldurra sartzen zuten "Kontuz kolpea ematen baduzu, salto egiten badu, ez dakit zer egiten badu...." Baina, egia esanda, oso ondo hartu gintuzten. Herriak ez zuen jakin kalera irten ginenera arte, eta, orduan txalo zaparrada handiena guretzako izan zen. Oso harrera ona eduki zuen, eta bidea zabaldu genuen.

Zenbat urtean atera zineten?
SG: Nik uste dut hiru bat urte jarraian. Gero beste urte batean ere bai; azkeneko momentuan eskatu zidaten ea joango nintzen eta joan nintzen. Geroztik beti egon dira neskak. Orain faltan botatzen dudana da kapitaina emakumea izatea.
NG: Bai, horixe falta da; baina badakit orain aspaldian esan dutela ea noiz heltzen den haien artean emakume kapitaina. Hau da, taldea berak esaten du, "emakume bat izan behar da kapitaina, emakume bat". Eta horretan ari dira.
SG: Azkenean, berdin du nor izan, baina aukera biek edukitzea da garrantzitsua. Uste dut ateak zabalik daudela.

 

Errebonbilloak
Errebonbilloak, Elorrio, 2014-10-05. Argazkiak: Eire Vila - Dantzan CC-BY-SA

Aurreko elkarrizketaren batean zuetakoren bati irakurri nion, berdin duela gizon edo emakume, antzerkia dela eta edonork antzeztu dezakeela, ezta?
SG: Mozorro bat jartzea da. Orduan, berdin da zer zaren, mozorroa ez da aldatuko. Trajea hor dago, joan behar duzu praka grisekin, jaka beltzarekin, alkandora zuriarekin, zapata beltzekin... Eta gu sartzean, berdin-berdin. Errebonbilloz jantzi ginen, hori baitzen gure papera. Guk errepresentatzen duguna da sasoi hartako gizonezkoak, eta horrela janzten ziren, besterik ez.

Entsegura agertu zinetela diozue. Ze dantza prestatu behar izaten dira?
NG: Aurreskua dantzatzen dute errebonbilloek arratsaldez plazan. Hasieran aurreskuak eta atzeskuak dantzatzen dute eta gero errebonbillo guztiek banan-banakoa, fandangoa, arin-arina eta biribilketa. Banan-banakoa baino ez genuen ikasi behar. Eta, egia esan, ez genekien zehatz-mehatz, baina dantzariak izan gara bizitza guztian, gure arazoa ez zen dantzako pauso batzuk ikastea. Zalantza barik, beste errebonbilloak baino ohituago geunden jende aurrean dantzatzera.
SG: Batzuek dantzariak izaten dira eta oso ondo, baina beste batzuk erronbilo izan nahi dute eta dantza ikasi egiten dute lehen aldiz. Erritmoa eta ez da dantzarien berdina, batzuei kosta egiten zaie. Hala eta guztiz ere, denei egiten zaie txalo eta hori da polita, edonork dantzatzea.

Saioa Gomez eta Nekane Guridi
Saioa Gomez eta Nekane Guridi, lehenengo emakume errebonbilloak, Elorrio, 2025-10-01. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Eta, orain, joaten al zarete errebonbilloak ikustera?
SG: Bai, bai, bai, bai. Gainera, iaz dantzara ere atera ninduten, baina jada ez nago horretarako, kar, kar, kar!
NG: Beti joaten gara. Lehen jai handia izaten zen eta azkenengo urtean nahiko flojito iruditu zitzaidan, baina herriko jendearentzako egokia da, jai bat herria batzeko. Plaza inguruan batu, herritik zehar buelta bat eman... Umeak ere hor ibiltzen dira errebonbilloen atzetik. Musika, dantza, kartutxo batzuk hartu...
SG: Niri goizeko 05:00etan ikustea gustatzen zait, ahal bada. Lehenengo irteera hori polita da, ilunetan ez dago inor, eta niri hori gustatzen zait. Gero etxera joaten naiz. Eta gero arratsaldean plazara.

Saioa Gomez eta Nekane Guridi
Saioa Gomez eta Nekane Guridi, lehenengo emakume errebonbilloak, Elorrio, 2025-10-01. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Aipatu duzue nola umeak ere hor ibiltzen diren errebonbilloen atzetik. Nola ikusten duzue transmisioa herrian?
SG: Guk ikastolan ere lantzen dugu. Orain txapelak egin ditugu. Barikuan plazara irtengo gara. Musika ipintzen dugu, "geldoa" edo "pauso arina". Musika landu, erritmoa landu.... saiatzen gara. Beste irakasle bat errebonbillo irtengo da eta jantzi da gaur haurren aurrean.
NG: Garrantzitsua da transmititzea haurrei festa nondik datorren. 3-5 urtekoekin lantzen dugu gehienbat, gero gainontzekoek badakite gutxi gorabehera, eta lantzen da, aipatzen da. Badakizu nondik nora datorren eta apur bat zer den historia, nondik datorren eta dela jai bat gaur egun mantentzen dena, herri mailan herrikoentzako, batez ere.

Errebonbiloak
Errebonbiloak, Elorrio, 1939. Argazkia: Indalecio Ojanguren

Azken aldian mutilek ez dutela ezer jakin nahi dantzaz sumatzen dugu. Eskolan ere hala ikusten duzue?
SG: Nik dena aldrebestuta ikusten dut. Txikitatik bereizten dute hori neskena da, eta hori mutilena. Eta horrekin badaukagu eztabaida gelan. Hemen nahi duenak egingo dugu berdin, zer den edo zer ez den. Nahi badu, zergatik ez du dantzatuko? Pixka bat hori izaten da gure borroka.
NG: Kulturalki heltzen zaien informazio horren kontra borrokan aritzen gara. Oso ondo egiten dute banaketa bitar hori, eta gure lana izaten da esatea hemen denok garela pertsonak. Gu ziri-miritxo bat baino ez baldin bagara, izan gaitezen ziri-miritxo bat, eta aukerak eman.
SG: Gure lana da haziak botatzea etorkizunean bakarren batzuk loratzeko. Pertsona bakoitza mundu bat gara, nik etxean daukat semea dantzari zoro bat, eta alabak ez du mugitzen beso bat. Berdina ikusi dute, orduan askotan ez da erraza. Dena denei eskaini behar zaie, eta errespetuz.

Eta ze plan duzue datorren iganderako?
NG: Zapatuan afaria daukagu, eta zortea baldin badaukagu goizeko 5:00etara iristea da helburua. Hori da gure errebonbilloetako lehenengoko ekarpena. Errebonbilloak kalera irteten direnean behintzat sei-zazpi ikusle egotea.
SG: Eta gero arratsaldean ere errebonbilloetara joan, plazara bajatu eta han daudela txalotu, besterik ez.

Saioa Gomez eta Nekane Guridi
Nekane Guridi eta Saioa Gomez, emakumeak lehen aldiz errebonbillo atera zirenean, 2003-10-05.

Iritsi naizenean esan didazue ea nolatan etorri naizen hainbeste urte pasata. Orain, zuek, nola ikusten duzue orduko zuen burua eta eman zenuten pausua?
SG: Guk nahi genuen errebonbillo izan, eta izan ginen eta bidea zabaldu genuen. Izan ginen arazo barik. Nik oso oroitzapen politak dauzkat. Oso ondo pasatu genuen. Oso giro polita sortzen da errebonbilloen artean, familia txikitxo bat egiten delako. Ikusten dut gazteak ginela, energiaz beteta, zalantza barik, eta gazteei utzi behar zaiela pausuak ematen. Zabaldu genuen bidea asko pentsatu gabe. Gure nahietatik abiatuta joan ginen. Guk ere nahi dugu eta listo.
NG: Oraingo gazteentzat normala dena da edozeinek parte hartzea. Hala eta guztiz ere, oraindik emakume gutxiago dira gizonezkoak baino. Zalantza barik espero dugu urteetan aldatzea. Gu beldur barik joan ginen, "esaten badigute ezetz, ba esango dugu guk baietz". Ezezkoa jasotzen bagenuen gu prest geunden apur bat borrokatzeko, baina ez genuen behar izan.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.