Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Eire Vila Erre bonbilloa!

Dokumentuaren akzioak

Erre bonbilloa!

2014/11/04 13:00
Erre bonbilloa!

Errebonbilloak. Elorrio, 2014-10-05. Argazkia: Eire Vila / dantzan CC BY-SA

Ezohiko hitzordua da goizeko bostak, lanerako behintzat. Baina hala tokatu zitzaidan urriaren 5ean Elorriora joan nintzenean. Urriaren lehenengo igandean ospatzen da Errebonbillo eguna, izen horrekin ezagutzen da urtero egiten den alardea.

Horrela ba, esnatu eta gosaltzea ere arraroa den orduan abiatu nintzen Bizkaia aldera. Mikel Mendizabalekin nengoen hitzartuta, eta gainontzeko 15 Errebonbilloekin. Mikel Mendizabal, Errebonbilloen kapitaina da, berak dauka taldearen gidaritza, eta dantzariak prestatzeko ardura. Jai honetan parte hartzeko deialdia, herri guztian zabaltzen da eta nahi duenak parte hartu dezake, mutil zein neska.

Lehen salbea, goizeko 5etan egiten dute, hortaz, lehenago hurbildu nintzen Elorrioko udaletxera. Iritsi nintzenerako udaltzainen bulegotik eskopetak ateratzen ari ziren, hauek prestatu, ilara osatu eta kalejirari hasiera emateko.

2014-10-05_Elorrio-Errebonbilloak_EV-5024

Ederra sustoa lehen tiroarekin! Kalejira nahiko intimoa da, izan ere musikari eta errebonbilloez gain, inor gutxi zegoen kalean, etxera erretiratu gabeko laupabost. Bi txistulari eta atabala aurrean, errenkada luzea egiten dute Elorrioko gazteek, Mikel Mendizabal kapitainaren agindupean. Lehen tiroa goizeko bostetan egiten dute udaletxe aurrean. Ondoren, Elorrioko kaleak alaitzeko ardura dute.

Eta, goiz esnatu direlako edo oraindik batzuk oheratu ez direlako, geldialdia egiten dute 5:30 inguruan Tanger tabernan. Eskopetak alde batean utzi eta mahai ederra dute prest indarrak hartzeko Errebonbillo eta musikariek. Mokadu eta mokadu artean kantuan egiteko tartea ere hartzen dute. Amaieran, jada ohitura bihurtu den Kantinerita abesti famatua dantzatzen eta kantatzen dute. Bai, ni ere hartu ninduten tartean, eta aurrera eta atzera aritu nintzen beraiekin dantzan, baina hori ez da grabatua geratu.

2014-10-05_Elorrio-Errebonbilloak_EV-5033

Tripa beteta, berriro ere eskopetak eskuan, herrirari buelta ematen jarraitzen dute. Tiro egiteko lekuak ez dira aldatzen, alkatearen etxe aurrean botatzen dena salbu. Eta azken bi salbeak berriro ere udaletxe parean egiten dituzte. Ondoren, behin kalejira amaitu eta eskopetak gorde ostean, alkateak ardo eta opilak jatera gonbidatzen ditu pleno aretoan (ordu hoietan, gose direnaren beldur edo).

Baina ordu txikitako lana ez da hor amaitzen. Tripa (berriro) bete ostean, (zeinek dio folklorea eta gastronomia elkarrekin lotuta ez daudenik?) arratsaldean egingo duten dantzen ensaioa egiten dute. Goizeko 7:30etan! Bai sasoia Elorrioko Errebonbilloek! Horrela, abarketak eta fandango eta arin-arina egiten dituzte erretiratu aurretik.

Bai sasoia Elorrioko Errebonbilloek! Ensaio orokorra goizeko kalejiraren ondoren, 7:30etan! @dantzan #sokadantza pic.twitter.com/QzUCeDe8cM

— Eire Vila (@eirevila) October 5, 2014

Arratsaldean, hitzordua arruntagoa da, 4etan elkartzen baitira berriro ere Tanger tabernan, bazkalosteko kafea (eta batzuek kopa ere) hartzeko. Tarte hori aprobetxatu eta Mikel Mendizabali elkarrizketa egin nion. Amaitu ostean, udaletxera abiatu ginen, han, berriro ere eskopetak hartu eta goizean bezala herriari buelta emateko (oraingo honetan laburragoa).

2014-10-05_Elorrio-Errebonbilloak_EV-5350

Arratsaldeko 5etan hasten dira berriz tiroak. Orain bai, kalejira jendetsua da, eta ikusmira handia dago. Bereziki haurrak, bonbilloak harrapatu nahian ibiltzen baitira. Behin lehen tiroak egin eta plazan zain egoten dira Errebonbilloak, Errosarioko Andra Mariren irudia iritsi eta berarekin batera prozesioari ekiteko. Goizean bezala, herriko gurutze ezberdinetan geldialdiak egiten dituzte, bakoitzean salbeak egiteko. Baina salbe eta salbe artean, Tanger taberna ondorik pasatzen dira berriro ere, eta egarriz egongo direlakoan edo, txanpaina dute zain. Oraingoan, goizean ez bezala, Errebonbilloek ez dute formazioa apurtzen eta ilaran, tente, txanpaina dastatzeko aukera dute. Baina udaletxera bueltatu behar da, eguneko momentu garrantzitsuenetako bat iristear baitago.

2014-10-05_Elorrio-Errebonbilloak_EV-5183

Iritsi da soka-dantzaren txanda. Urduri daude batzuk. Izan ere, banan banan plaza erdian dantzatu beharra daukate. Dotore, erritmo geldoz irtetzen dira ilaran, eskuak emanda plazari lehen buelta emanaz. Gehienentzat ez da dantzatzen duten lehen aldia. Eta hau prestatzeko pare bat aste eman dituzte jo ta ke ensaiatzen. Baina hala ere, nabari da tentsioa. Ez da makala egiten dutena! Gehienak, ez dira dantzariak, eta ausarta deritzot plaza erdian kokatu eta musikaren erritmoaz, pausuak elkarri lotu eta dantza hasieratik amaierara egitea. Eta egiten dute, eta txukun gainera. Soka-dantza luze eta ederra da plazaratzen dutena. 

Tentsio guztiak utzi dituzte plazan, eta zer hobea eguna amaitzeko, poteotxo bat eta afari bat egitea baino! Egun polita izan da, eta berriro ere Tanger tabernan utzi ditut Errebonbilloak. Asetu ote dira?

Errebonbilloak 2014:

Erlazionatutako elementuak
Elorrio: Errebonbilloak 2014

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Eire Vila

Eire Vila

Elgoibarko dantzaria Haritz dantza taldean. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan ere aritzen naiz. Dantzan ez banago, kamara eskuan daukadalako da.

@eirevila


Babestu dantzan.com