Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak Zumarraga: Santa Isabel 1948 ezpata-dantza, aurreskua eta erromeria

Dokumentuaren akzioak

Zumarraga: Santa Isabel 1948 ezpata-dantza, aurreskua eta erromeria

2021/01/21 09:30

Orain 70 urte pasako Santa Isabel festa Zumarragan, ezpata-dantza, aurreskua eta erromeria barne, erakusten duten filmazio ederra ezagutzera eman du Jose Busca Otaegiren (1907) familiak. Hain zuzen, Jose Busca Otaegik 1948 urte inguruan egindako grabaketen artean, urte horretakoa izan daitekeen Santa Isabel eguneko ospakizunak ere ageri dira. Familiak gordeta zituen zintak Euskal Filmategira eraman, bertan digitalizatu eta bueltan eskuratu dituztenean ezagutzera eman dituzte.

Santa Isabel eguna Zumarragan

Jakina da festa egun handia dela Zumarragan Santa Isabel, uztailaren 2a. Goizean abiatzen dira ezpata-dantzariak, udal-agintariak eta herritarrak, herritik aparte, mendi-aldera dagoen Antioko baselizarantz belarrezko alfonbra berdez estalitako kaleetan barrena. Baselizen katedraltzat jotzen den Antioko baseliza ederraren aldare aurrean dantzatzen dute ezpata-dantza eta kanpoaldean jarraitzen du dantzak eta festak, horren ondotik etortzen den erromeriarekin. Egun hori 1948ean nola ospatu zen ikusteko aukera eskaintzen du filmazioak, eta beraz, bai festa, bai dantzan urteotan izan diren aldaketak antzemateko modua ere.

Udaletxetik elizara, elizatik baselizara

Ezpata-dantzari dagokionez 0:25ean ageri dira dantzariak lehen aldiz, txistulariak aurretik dituztela udaletxetik irteten. Udaletxetik elizara sartzen dira (0:47), Buscaren esanetan "Ama Birjinari baimena eskatzeko gora igotzeko". Elizatik irteeran (01:01) txistulari, ezpata-dantzari, monagillo eta apaiz, udal-agintari eta Guardia Zibilek osatutako segizioak Antiorako bidea hartzen du, aguazilak atzetik dituztela suziriekin.  

Zumarragako irudi panoramikoak erakusten ditu Buscaren begiradak ondoko planoetan (01:23-02:03): Elizaren kanpandorrea, herriaren ikusmira, baserri baten ataria eta herritarrak Antiorako malda igotzen. Antioko baseliza barrutik ikusten ditu kamerak (02:05) ezpata-dantzariak iristen. Elizatik irteeran (02:17), Ama Birjina ateratzen dute prozesiora, ezpata-dantzariak aurretik dituztela. Kanpoaldean gero eta animazio handiagoa antzematen da (03:17).

Aurreskua

Eliza barruan argi nahikorik ez zuen izango agian eta horregatik kanpoko dantza-irudiak ageri dira nagusiki filmean. Aurreskuaren zenbait pasarte ikus daitezke (03:30). Hasieratik deigarria gertatzen dena da dantzariek aurreskua dantzatzerakoan egiten dituzten desplazamendu zabalak. Garai horretako beste filmaketa batzuetan ere ikusten da hori. Dantzari bat sokan dantzan ikusteko aukera dago (03:40), eta hor agerikoa da zangoak gora altxatzerakoan ez direla belaunak luze jartzen gaur egun egiten den modura. Zerbitzariek gonbidatu bat sokaren erdira ekarri (03:48) eta aurreskuak agurra dantzatzen dion unea ere ikusten da, eta ondoren beste horrenbeste atzeskuari aurkezten dioten bigarren gonbidatuarekin (04:02). Berriz ere sokan dantzan (04:16) eta aurreskua eta atzeskuaren arteko desafioa (04:21) joan-etorri luzeekin eta elkar gurutzatuz joan-etorri horietan. Kalejirarekin (04:38) bukatzen da zinta bobina. 

Dantzaren bilakaera ikusteko interesgarria da Zumarragako ezpata-dantzaren eta aurreskuaren batzuetako irudiak ikusi eta haiekin konparatzea, hala nola, 1920ko hamarkadan Manuel Intxaustik egindako ezpata-dantzaren eta aurreskuaren filmaketak, edo 1974an Raices programarako egindakoa.

Erromeria

1948ko erromeriako irudi ederrak ikus daitezke filmaren ondoko minutuetan. Lagunartean jatorduak (4:50), mahaikada handiak, lagun-taldeak hizketa alaian, eta erromeriako dantzak. Taberna ondoan korro txiki bat dantza-soltean (05:35), oholtza txikiaren gainean musikariak (5:40): bi soinujole, dultzainero bat eta atabalaria. Inguruan herri oso bat dantza eta festan, borobil txikietan. Festaren, erromeriaren irudiek osatzen dituzte ondoko minutuak (06:00-08:12), horietako asko nobedadea zen kameraren aurrean posatzen herritarrak. Arratsaldean (08:13) Antio utzi eta Zumarragara jaisten dira herritarrak. Festetako ohiko kalejirak, batzuk sokan eta besteak lagun-taldeak elkarri besotik helduta saltoka dabiltzala ikus daitezke (08:33). 

Grabaketen data

Jose Busca Otaegiren biloba Fernando Álvarez Buscak eraman ditu filmak Euskal Filmategira, eta mp4 formatuan bueltan ekarritakoan eman ditu ezagutzera. Gotzon Aranbururen bidez jaso du Jonmikel Intsaustik eta honek helarazi digu Dantzan.eus-era. Irudien data eta xehetasunak biltzeko Jose Busca Otaegiren seme den Jose Ignaciorekin hitz egin dugu. Jose Ignacio Busca 1952an jaio zen, eta, beraz, bera jaio aurreko urteetan egin zituen bere aitak grabaketak.

Tomabistasa zeukan Jose Buscak eta bi urteko epean zenbait grabaketa egin zituen horrekin, adibidez, 1948ko jaunartzea, urte hartan Zumarragan jaunartzea egin zuten ume guztiak ageri direlarik. Horretan oinarrituta sumatzen du Jose Ignacio Buscak Santa Isabel eguneko filmaketa 1948koa izan daitekeela, eta hori ez bada gehienez urtebete lehenago edo urtebete beranduagokoa. Data hori bat dator Euskal Filmategian egotzi diotenarekin. Filmategiko kontserbazio zuzendari den Ion Lopez-ek azaldu digunez, Buscak egindako beste grabazioetako batean auto baten matrikula ikusten da eta Filmategiko teknikariek ikusi zuten auto hori 1944 eta 1951 bitartean izan zela zirkulazioan.

Irudietan ageri direnetako batzuk

Bera jaio aurretik egindako grabazioa izan arren, Jose Ignacio Buscak irudietan ageri direnetako batzuk ezagutu ditu. Dantzarien artean bi aipatu dizkigu: Inixio Zaldua eta Imanol Apaolaza. Inixio Zaldua Alzueta (1928-2018) galtza gorriekin ageri den dantzarietako bat da, kapitainetako bat da, beraz, eta aurreskua dantzatzen ageri da filmean. Hogei urteko gaztea izango zen dantzan ageri den unean. Imanol Apaolaza Auzmendi (1930-2008), berriz, galtza zuriz jantzita, ezpata-dantzaren eta aurreskuaren sokan ageri da. Apaolaza bitxi eta erloju-dendakoa, Juanita alarguna 90 urterekin bizi duela argitu digu Jose Ignacio Buscak, eta agian berak eman ditzakeela argibide gehiago irudietan ageri direnez.

Irudietan ageri diren beste zenbait herritar ere aipatu dizkigu Jose Ignacio Buscak. Filmeko lehen irudietan (0:00-0:15) plaza hutsaren erdian bi gizon ageri dira, etxaferoak edo suziriak botatzen: Prontxio eta Timoteo dira, aguazilak. Ondoren (0:15-0:20) beste bi gizon ageri dira zaldi bat laguntzen. Buscaren iritziz Iburreta tabernakoak izan daitezke horiek, erromeriarako Antion taberna jartzen zuten eta trasteak igotzeko erabiltzen zuten zaldia. Filmean zehar ageri dira ere beste zenbait herritar ezagun, hala nola, Don Domingo parrokoa, edo Jose Maria Busca Isusi gastronomo ezaguna. 

Irudiak: Jose Busca Otaegi. Ezpata-dantza, aurreskua eta erromeria, Zumarraga, 1948-07-02.

Etiketak

Jarri bideo hau zure webgunean
Deskargatu

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.