Dokumentuaren akzioak
tradizionala etiketa duten bideoak
Lorenzo San Juan: Aurreskua erromerian 1951
Erromeria bat, eta bertan, bi aurresku edo soka-dantza, aurresku eta atzeskuen saioak sokan, emakumeak sokara gonbidatu eta haien aurrean dantzan, dantza-soltean, kalejiran eta baita dantza-lotua, erromeria bateko hainbat irudik osatzen dute Lorenzo San Juan-ek grabatutako irudi sorta hau. Badirudi 1951 urteko irudiak direla, eta izan daiteke Bakioko San Juan Doloz festetan ospatutako erromeria izatea, baina ez dago ziurtasunez esaterik.
Mendi ingurunean (Oruezarretako zelaiak izan litezke, Gaztelugatxe parean?) ospatzen den erromeria honetan bi aurreskuren zatiak ageri dira. Bi soka-dantzetako gidariak, aurreskularia eta atzeskua, eta baita dantzara ateratzen dituzten emakumeetako batzuk ere, berberak dira.
Irudietan ikusi daitekeen lehen aurreskulariak atentzioa deitzen duen ezaugarri bat dauka dantzakeran. Artazi gehienak eskumako hanka altxatzen du. Zabalduagoa da ezkerra altxatzeko ohitura, eta horregatik erraz identifikatzen da dantzari hau. Lehen soka-dantza honetan atzesku ageri den dantzaria Jose Mintegi "Txistu" izen eta gaitzizenarekin identifikatu dute Bakioko informatzaileek. Jertsea gerriko moduan lotuta eta zapia atzeko poltsikotik zintzilik duela ageri da Jose Mintegi. Lehen soka-dantza honetan atzesku aritzen da eta ondoren, bigarrenean postuak trukatu, eta aurresku aritzen da Txistu. Bestalde, tarteka txistularia agertzen da eta informatzaileen esanetan Victor Aranzamendi da berau.
Kalejiran (2:52) aipagarria da zubiak egiterakoan (3:06) azpitik pasatzen direnean eskuarekin kolpetxoak ematen dizkietela. Eta bukatzeko, soka erabat kiribilduta, bata bestearen gainean, erabat kateatuta (3:26) ageri dira soka-dantzan parte hartu duten neska-mutil guztiak.
Bikoteka, dantza-lotuan (3:44) ageri dira pasarte batean erromerian. Bi emakumez osatutako bikoteak eta gizonezkoa-emakumezkoa osatutakoak ageri dira. Aipatzekoa da gizonezko gehienek ezkerreko eskuarekin heltzen dutela emakumearen bizkarra eta eskuma luzatzen dutela kanporuntz elkarri eskua emanez. Lehen irudian korrido edo pasodoble erritmoan ari direla badirudi ere ondokoetan baltseoan ari direla dirudi.
Bigarren aurreskuaren soka irudietan agertu aurretik, aurreskularia eta atzeskua banangoa dantzatzen ageri dira elkarren ondoan (4:00). Ez dago jakiterik norbaiti begira dantzan ari ote diren edo besterik gabe borobilaren erdira aterata egin zuten erakustaldia.
Segidan sokan ageri dira (4:07), eta Jose Mintegi Txistu ari da aurreskulari lanetan, sokan bertan dantza eginez. Neska erdian dutela berari dantzan ageri dira segidan (4:13) eta aipatzekoa da txapela jarrita diotela buruan emakumeari. Ipurdikoarekin (4:27) bukatu dantza eta atzeskuari ateratako bikotearen aurrean eta atzean ageri dira dantzan berriz. Virginia Abio da berriz sokara ekarri duten emakumea eta honi ere jarri diote txapela buruan. Emakumeak sokan sartuta, sokan bertan dantzan ageri dira ondoko irudietan (04:38) aurreskua eta atzeskua.
Kolorez hartutako irudiekin borobiltzen da erromeria honetako irudi sorta. Gutxi dira Lorenzo San Juanen grabaketa sortan koloretan ageri diren irudiak, eta honakoak dira horietako batzuk. Dantza soltean, jotak dantzatzen ageri dira (4:55) soka-dantza bukaerako borobila diruditen taldeetan. Azken kalejirako irudiekin (6:25) bukatzen da erromeria honetako irudi sorta hau.
Bizkaiko kostaldean hainbat erromeria eta dantza filmatu zituen Lorenzo San Juan bakiotarrak 1951 eta 1955 bitartean. Irudi horiek dantzari eta dantzazaleon esku jarri nahi izan ditu bere familiak eta atalka argitaratzen ari dira Dantzan-en. Bakio, Mungia, Lekeitio eta inguruetan festa, eztei eta erromerietan hartutako irudiak dira, soka-dantza edo aurresku, jota eta dantza taldeen emanaldiak erakusten dituztenak. Irudien testuinguruaz Dantzak eta erromeriak Lorenzo San Juanen grabazioetan sarreran bildu dira xehetasunak, eta baita bideo honen argibideak eta identifikazioak eskaini dituztenen izenak ere.
Lorenzo San Juan, Aurreskua Erromerian, Bakio, 1951.
Dokumentuaren akzioak