Hemen zaude: Hasiera Bideoak Lasa 1950 Dantza-jauziak

Dokumentuaren akzioak

Lasa 1950 Dantza-jauziak

2016/04/05 08:50

"Hor bada indar eta estilo berezi bat jauzien emaiteko tenorean" esan digu Xabier Itzainak irudiok ikusita. Halaxe da bai, herriko gazte eta helduek jauziak dantzatuz bere herria, auzo eta etxeko nortasuna plazaratzen zuten garaiko irudiak baitira.

1950. urtea, festak Lasan, Nafarroa Beherean. Filme laburra da, soinurik gabe, irudia denboraren poderioz hondatzen hasia da, tarteka desenfokatua ageri da... baina hala ere, balio handiko irudiak iruditu zaizkigu. Zinez ederrak. Xabier Itzainak honako hau diosku irudietan ikus daitezkeen dantza-jauziei eta dantzariei buruz: 

"Hor bada indar eta estilo berezi bat jauzien emaiteko tenorean. Agertzen da ere, nahiz eta Lasa Baigorriko ballekoa izan eta Garazitik biziki hurbil izan, ez direla denak antrexatetan ari (gazteak dira bereziki antrexatetan), eta dantzatzeko manerak Iholdi-Heleta eta Arberuako manera orroitarazten duela ainitz. Oroz gainetik, neri ederra zautana da ikustea dantzari bakotxak baduela bere jantzatzeko era edo moldea, bainan batasun inpresioa dela nagusi, denak indar eta “izpiritu” berarekin ari direlakotz.  Eta hori da, gaur egun, erakusteko eta transmititzeko zailena. Badakit Mixel Aurnague-eri entzunik Garazin ere etzirela beti antrexatetan ari, adinaren arabera, tokiaren arabera, estakuruaren arabera, behar litaike harekin barnatu. Nago ez ote zituzten dantzatzeko manerak doi bat bateratzen bolant talde bat muntatzen zelarik formalki kabalkada batean edo kanpoan aritzeko. Dantzatzeko manera askeago zen hemen bezala jauziak plazan emaiten zirelarik bestetan".

Baigorri-Ortzaize eskualdeko herria da Lasa eta 300 biztanle inguru ditu. Aipatutako urtean herriko festetan zenbait irudi filmatu zituen Luzien Aragon-ek. Bere seme Beñat Aragon-ek digitalizatu ditu irudiok eta Maria Agnes Gorostiaga, Irulegi irratiko esatariak jarri ditu dantzan.eus-en eskutan. Esker mila deneri.

Lasa, Dantza-jauziak plazan, Luzien Aragon, 1950.

Etiketak

Jarri bideo hau zure webgunean

Dokumentuaren akzioak

2016/04/19 16:30
Ba al da gaur egun inongo herritan ikusterik jauziak dantzatzen manera horretan? Aniztasun horrekin, indar horrekin, batasun horrekin... bideo honetan, edo Claude Iruretagoienak 1989an Aiziritzen, edo Verdierek 1965ean jasotakoetan ageri den tankeran? Batez ere, ez dantza-talde batek, baina herritarrek dantzaturik? Edo herritar bakanen batek?
2016/04/20 09:15
Xabier Itzainari helarazi diogu Patxi Monteron galdera, eta honako hau erantzun digu:
"Patxiren galdera, alabainan, garrantzitusa da, eta neke zaut erantzutea. Ene gostuko, dantzatzeko manera hori, indartsua eta elegantea, nun dantzariak ez diren berdin ari bainan bai elgarrekin, joan da dantzari horiekin eta berekin zeramaten munduarekin. Nik orain dela 15-20 bat urte ikusi izan dut, tokian tokika, izpiritu horren orroitzapen zerbeit, eta orduko dantzariekin ere ainitz ikasi dut. Gertatzen ahal zen besta berrietako bezpera ondo batez, edo zikiro batetik landa, edo pilota partida batetarik landa presuna batzu berotzea eta lotzea, batez ere Lapurdi barnekalde eta Baxenabarren, bainan behar zen untsa gertatu!
Gaur egun zertan den? Egia erran, ez naiz gehiago biziki plazaz-plaza ibiltzen eta ez dakit sobera gauzak zertan diren. Jauziak ainitz emaiten direla, hori segur, bainan nola emaiten diren, hori besterik da. Tokian tokika behar litaike behatu. Gure heinean entseatzen gira “izpiritu” horren beiratzen gure xokoan (Itsasu eta inguruetan), bainan zaila da, gazte ainitzentzat jauziak ez beitira baitezpada dantza erakargarriak. Dantza erretxak bezala ikusten dituzte jauziak, Lasako bideoak alderantzizkoa diolarik ene ustez.
Hurbilagotik behatu behar beraz"
2016/04/21 13:06
Garaiak aldatuz doaz etengabe, eta horrekin zaletasunak, dantzakera... Ados: denboraren joan-etorriarekin doan berezko bilakaera da. Bai, baina... dantzakerari dagokionean, denbora laburrean asko galtzen ari gara: jauzietan, soltean, soka-dantzetan, eta abarretan.
Plazetan horiek dantzatzen jarraitzen dugu, baina 'ezberdin' bakarrik ez, gehienetan pobreago ere esango nuke.
Ni ere saiatzen naiz, temati, 'izpiritu' hori transmititzen, Xabierrek dioen bezala, baina gehienek ez dute interes nabarmenik adierazten horrelako kontuetan: estilo propioa, aniztasuna, jolastea, musika dantzatzea, komunikazioa, elkarrekin dantzatzea, batasuna, talde sena...
Zorionez, atzo goizekoak diren ereduok hemen ditugu, dantzan.eus-eko hainbat bideotan jasota. Iparra ez dezagun gal.
Zer da inportantea? 'Urratsak' bai, baina 'bestea' ere bai; hainbeste, edo gehiago. Zertarako nahi dut fandangoa ezagutu, ez badaukat norekin dantzatu / konpartitu / jolastu?

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.