Dokumentuaren akzioak
luzien-aragon etiketa duten bideoak
Lasa 1950 Dantza-jauziak
"Hor bada indar eta estilo berezi bat jauzien emaiteko tenorean" esan digu Xabier Itzainak irudiok ikusita. Halaxe da bai, herriko gazte eta helduek jauziak dantzatuz bere herria, auzo eta etxeko nortasuna plazaratzen zuten garaiko irudiak baitira.
1950. urtea, festak Lasan, Nafarroa Beherean. Filme laburra da, soinurik gabe, irudia denboraren poderioz hondatzen hasia da, tarteka desenfokatua ageri da... baina hala ere, balio handiko irudiak iruditu zaizkigu. Zinez ederrak. Xabier Itzainak honako hau diosku irudietan ikus daitezkeen dantza-jauziei eta dantzariei buruz:
"Hor bada indar eta estilo berezi bat jauzien emaiteko tenorean. Agertzen da ere, nahiz eta Lasa Baigorriko ballekoa izan eta Garazitik biziki hurbil izan, ez direla denak antrexatetan ari (gazteak dira bereziki antrexatetan), eta dantzatzeko manerak Iholdi-Heleta eta Arberuako manera orroitarazten duela ainitz. Oroz gainetik, neri ederra zautana da ikustea dantzari bakotxak baduela bere jantzatzeko era edo moldea, bainan batasun inpresioa dela nagusi, denak indar eta “izpiritu” berarekin ari direlakotz. Eta hori da, gaur egun, erakusteko eta transmititzeko zailena. Badakit Mixel Aurnague-eri entzunik Garazin ere etzirela beti antrexatetan ari, adinaren arabera, tokiaren arabera, estakuruaren arabera, behar litaike harekin barnatu. Nago ez ote zituzten dantzatzeko manerak doi bat bateratzen bolant talde bat muntatzen zelarik formalki kabalkada batean edo kanpoan aritzeko. Dantzatzeko manera askeago zen hemen bezala jauziak plazan emaiten zirelarik bestetan".
Baigorri-Ortzaize eskualdeko herria da Lasa eta 300 biztanle inguru ditu. Aipatutako urtean herriko festetan zenbait irudi filmatu zituen Luzien Aragon-ek. Bere seme Beñat Aragon-ek digitalizatu ditu irudiok eta Maria Agnes Gorostiaga, Irulegi irratiko esatariak jarri ditu dantzan.eus-en eskutan. Esker mila deneri.
Lasa, Dantza-jauziak plazan, Luzien Aragon, 1950.
Dokumentuaren akzioak