Dokumentuaren akzioak
Barkoxe 1979 makila-dantza
Barkoxeko gaztetxoak Zuberoako makila-dantza egiten ageri zaizkigu Eric Bouvierrek 1979an grabatutako irudi hauetan. Urte horretan Altzürüküko gazteek eman zituzten maskaradak neguan eta Barkoxeko gazteek, ohiko egutegitik kanpo, udan antolatu zituzten. Irudiak arratsaldeko saiokoak dira, maskaradetako ofizioen tartean dantzatutako makila-dantza. Gaztetxoak makila luze parea eskuetan hartuta dantzatzen dira borobilean, jauzien gisan, baina makilak kolpatuz hanken azpitik eta gainetik. Bigarren zatian makilak gurutzatuta ipintzen dituzte lurrean eta haien inguruan urratsak eta saltoak eginez erakusten dute gaztetxoek dantzarako abilezia.
Zuberoako makila-dantzak
Guilcherren dioenez bi dantza ezagutza dira makila-dantza izenarekin Zuberoan. Bietan dantzari bakarra nahikoa da dantzatzeko, eta garai batean ezteietan, uzta-biltzeko bilkuretan eta abar dantzatu ohi ziren. 1,20 eta 1,50 m bitarteko makilak erabili izan dira, erditik hartuta, bakoitza esku batean.
Guilcherren esanetan Galopade izeneko doinuaren tankera handia du makilak dantzatzeko erabiltzen den musikak. Urratsen segida honakoa izaten da: A partean sinple lauetan. B partean pika eta sinple bi aldiz. Oinekin jauzia dantzatu bitartean eskuekin makila jokoa egiten da. Guilcherrek hiru aldaera bildu zituen.
Dantzak gurutzean
Makilak eskuan dantzatuz egiten den makila-dantzatik bereizteko, "dantzak gurutzean" izendatzen ditu Jean Michel Guilcherrek makilak eta beste tresna batzuk (ezpatak, gerrikoak, e.a.) lurrean gurutzatuta gainean jauzi eginez egiten diren dantzak. Euskal Herrian txakolin-dantza eta paxa-dantza ezagutzen ditugu, Europan ere badugu gehiagoren berri, eta Guilcherrek beste hauek aipatzen ditu: Peyroutou Lavedan-en, Hereu Riera Katalunian, "danse des quatre bûchettes" Vendée-n, Bresseko danse des quatre fétus, acrebelles Argonnen, lambarde Tourainen, e.a. Lapurdin zinta-dantza izenarekin egiten zen dantza-joko bera
Zuberoako makila-dantza honi buruz, Guilcherren esanetan maskaradetan buhameek darabilten doinu bera erabiltzen da eta jokoa egiteko zenbait modu deskribatu zituen bere lanean.
Irudiak: Eric Bouvier. Makila-dantza, Barkoxe, Zuberoa, 1979.
Etiketak
Dokumentuaren akzioak