Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak

Dokumentuaren akzioak

maskaradak etiketa duten bideoak

Guilcher 07 Urdiñarbe 1976 Altzaiko maskaradak: barrikadak

Irudi horiek 1976ean grabatu zituzten Hélène eta Jean-Michel Guilcher-ek. Altzaiko gazteek egindako maskaradak ikusi daitezke. Irudiotan ohituraz goizez egiten diren barrikadak ikusi daitezke. 1976ko neguan  Altzai-Altzabeheti-Zunharretako gazteek emandako maskaradak bi egun eta bi herritan filmatu zituzten Guilchertarrek: Hauzen eta Urdiñarben. Aurreko filmeetan Hauzen eman zituzten maskaraetako barriakadak ageri baziren, honako hauetan Urdiñarben eskainitako barrikadak ikus daitezke. 

 00:23-2:51 Lehen barrikada Urdiñarben

Aldi honetan Altzai-Altzabeheti-Zunharretako maskaradak Urdiñarben daude bisitan. Dantzariak barrikada hausten ari dira. Kantiniersa dantzan agertzen da lehen irudietan. Txerreroak, Gatuzainak eta lehen Kantiniersak haiena dantzatu dute eta segidaren zain daude. Bigarren Kantiniersaren puntuaren ondotik Zamaltzaina dantzan agertzen da. Aitzindariek gurutzatzea dantzatu eta gero bakarkako puntuekin segitzen dute: Entseinaria, Jauna, Anderea, Laboraria eta Marexalak. Aldi honetan ere, Buhameak eta Kauterak agertzen dira dantza bukatzeko.

2:52-3:49 Bigarren barrikada Urdiñarben

Hemen bi dantzari talde ikusten dira. Paretik datorren taldea orain arte ikusi ditugun  Altzai-Altzabeheti-Zunharretako gazteek osatzen dute. Bere konposizioa orain arte ikusitakoaren berdina da. Errepidearen eskuinaldetik beste aldera doan taldea Urdiñarbeko dantzariek osatzen dute. Aurrean bi Kükülleroek eramaten dute taldea. Atzetik Txerreroa, Gatuzaina, hiru Kantiniersa, Zamaltzaina eta Entseinaria daude. Atzeko aldean bi musikariak ikusi ditzekegu. Txirularia Jean-Mixel Bedaxagar da berriro. Beste soinularia, aldiz, Pierre Ager-Gat (Gat Aran) atabalari gogoangarria da. Aipagarria da Urdiñarbeko Entseinariak ikurriña daramala eskuan.

Bakarkako puntuetatik gutxi ikusten da. Txerreroa eta Gatuzaina elkarrekin dantzan ikusten dira. Haien atzetik Zamaltzaina eta bi Kantiniersak hasten direla ikusten da, baina hortan mozten da irudia. Horiek Altzaiko dantzariak dira. Barrikada hauste honetan Entseinariak ematen duen puntuaren parte batzuk ikusten dira. Dantzaria Jean-Pierre Errekalt da. Bere garaian dantzari fina eta ondorengo urteetan Altzai herrian eta Zuberoan gaindi ibili den dantza-maisu handia da. Bere ondotik Jaunak eta Laborariak puntua hasiko dutela ageri da, baina ez da gehiago ikusten.

3:50-7:14 Hirugarren barrikada Urdiñarben

Bi taldeak bata bestearen aurretik dantzan ikus ditzakegu barrikada puntuarekin dantzan. Urbiñarbeko dantzariak bidea irekitzen dute eta atzetik Altzaikoak doaz. Gero bakarkako puntuak ikusten dira. Denak ez dira bakarkakoak. Batzuetan dantzariak binaka edo hirunaka doaz. Hemen dantzarien zangoak hurbiletik eta abiadura geldoan ikusteko aukera dugu. Lehenik, Txerreroa ikusten da eta bere atzetik bi Kantiniersa. Hiru horiek Urdiñarbeko taldekoak dira. Ondotik, Txerreroa eta Gatuzaina batera ikusten dira eta, azkenik, Entseinaria. Haiek, aldiz, Altzai-Altzabeheti-Zunharretakoak dira.

13:56-17:227:14-10:40 Laugarren barrikada Urdiñarben

Parte honetan, beste barrikada bat ikusi daiteke. Beti Urdiñarbe herrian. Tokia ezaguna da: Niko Etxartek Euskal Herri osoan ezagutarazi zuen «Coucou des bois» diskotekaren aurrean dantzan ari dira maskaraden protagonistak. Lehenengo barrikadetan egin duten moduan, bi taldeek dantzan plazari itzulia ematen diote lehenik. Bi Küküllero bidea zabalduz dituztela, Aitzindariak bakarka doaz lerroan eta Küküllero eta Marexalak binaka, barrikadara bidean egin ohi duten puntuarekin ezker-eskuin elkar gurutzatuz. Ondotik entseinaria Zuberoako bandera dantzatuz, Jauna eta Anderea, Laboraria eta Laborarisa, oinez, bai eta Txorrotxak, Buhameak eta Kauterak ere atzetik dituztela. Halako batean maskaradariak barrikada haustea dantzatzen hasten dira lurrean pausatuak diren bizpahiru botilaren aurrean. Herriko dantzariak doaz lehenak: bi Kükülleroak, Txerreroa eta Gatuzaina, bi Kantiniersa, hirugarren Kantiniersa eta, azkenik, Zamaltzaina eta Entseinaria elkarrekin. Aldi honetan ez dira Altzaikoak dantzan ikusten.

10:40-11:47 Bosgarren barrikada Urdiñarben

Filmean agertzen den azken barrikada hori Urdiñarbeko plazan grabatua da. Aldi honetan talde bakarra agertzen da; Altzai-Altzabeheti-Zunharretako dantzariak, alegia. Dirudienez barrikada hori ez da ohituraz goizean egiten den horietako bat baizik eta arratsaldeko emanaldia hasieran plaza hartzeko egiten den lehendabizikoa. Talde osoa agertzen da segida honetan: Txerreroa, Gatuzaina, bi Kantiniersa, Zamaltzaina, Kerestuak, Kukulleroak, Marexalak, Entseinaria, Jauna eta Anderea, Laboraria eta Laborarisa, Xorrotxak, Buhameak, Kauterak. Soinulariak Jean-Mixel Bedaxagar eta Pierre Ager-Gat dira.

Irudien azterketa eta testuaren erredakzioa: Jon Iruretagoyena - Maritzuli konpania.

Guilcher bilduma 007. Urdiñarbe, Altzaiko maskaradak, 1976. Dantzan-en argitaratze data:

 

Jean-Michel eta Hélène Guilcher gure gurasoek, Biarnoan eta Ipar Euskal Herrian egindako ikerketetan, batzuetan, dantza emanaldiak filmatzeko aukera izan zuten. Haien nahia zen film horiek dagokien eskualdeetako ikerlari eta dantzariei itzultzea. Film horiek gure aitak nahi zuen ordenan muntatu dira. Horregatik, Yvon, Naïk eta Mône seme-alabek, irudiok Euskal Kultur Erakundearen eta Dantzan elkartearen esku utzi nahi ditugu, haien beharren arabera (erakusketak, hitzaldiak, webguneak...) ikusi eta baliatuak izan daitezen, J.M. Guilcher funtsaren aipamena eginez. Meudon-en, 2023ko azaroaren 11n 

 

 

 

Euskal dantzak Guilcher bilduman 1962-1976

 

 

 

 

Guilcher familiak haien gurasoak bildutako ondarea Euskal  Kultura Erakundearen eta Dantzan elkartearen esku uzteari esker altxor eder hau euskal dantzaren maitaleen esku jartzeko aukera izan da. Irudien ikerketa, erredakzioa eta sareratzeko prestaketa-lanak Euskal Kultur Erakundeak eta Dantzan elkarteak finantzatuak izan dira.

 

 

 

 

 

 

 

Dokumentuaren akzioak