Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Pausoka dantzan 1.2 Zortzikoa dantzan

Dokumentuaren akzioak

1.2 Zortzikoa dantzan

2022/11/15 09:35

Aipatu dugu aurreko sarreran zortzikoa modu ezberdinetan dantzatzen dela han eta hemen. Lantzeko aldaira behin ikusita, errepara diezaiegun beste batzuei ere. 

Baztango zortzikoa

Lantzeko zortzikoaren dantzakera oso lurrari pegatua da, oso telurikoa, beste hark esanen lukeenez. Baztanen aldiz, modu saltarinagoan egiten dute. Hori urrats saltikatuen bitartez lortzen dute. Eta nola egiten den urrats saltikatua? Bada, apainduratxo bat eginez lehen konpaseko lehen kortxearen aurretik eta bigarren konpaseko bi beltzen aurretik. Honela:

Zortziko patroia apaindurekin

Hau menperatuta, Zortzikoa Baztango maneran dantza dezakegu. Han, hiru itzuliko urratsa egiten dute lehenbizi eta bikoa, gero. Ia, ikus dezagun eta ondotik, dantzara!!

Arantzako zortzikoa

Lantz edo Baztanen ezezik, Malerrekan eta Bortzirietan ere, besteak beste, dantzatzen dute zortzikoa. Bortzirietako bat dugu Arantza eta han modu berezian egiten dute zortzikoa, txingoko urratsarekin. Zer esan nahi duen horrek? Orain arte urrats guztiak zangoa txandakatuz egin ditugu, hau da, eskuin zangoaren ondotik erabili dugula ezkerra, eta ondotik berriz eskuina eta abar. Baina Arantzan bi urrats errepikatzen dituzte zango beraren gainean, horrela, txingoko urratsa sortuz.

Arantzakoen kasuan hirugarren eta laugarren urratsak dira zango berarekin errepikatzen direnak. Ikus dezagun polikixeago:

Txingoko urratsa egiteak, hurrengo esaldia berriz ere eskuinarekin hastea ekartzen du, konturatuko zinetenez.

Txingoko urrats horren beste aldaera berezi bat ere erabiltzen dute Arantzan. Dantza-lagunarekin oinak elkar kolpekatuz egiten dute, beti ere zortzikoaren patroi erritmikoari zintzo-demonio jarraituz. Gogoratu:

Zortziko patroia

Ezker oinarekin hasiko gara kasu honetan. Lehen konpaseko neurriari segiz —motz, motx, luze— ezker, eskuin eta ezker zangoekin zapalduko dugu zolua, kontrako oinekin airean urratsa markatzen dugun bitartean, bi aldiz aurrera eta hirugarrena atzekaldera. Bigarren konpaseko lehen notan txingoa markatuko dugu berriz, ezkerraren gainean eta hor izanen da eskuin zangoarekin lagunarena kolpekatuko dugun momentua. Bukatzeko, azken notan bi oinak zoruan pausatuko ditugu. Bideoan argiago ikusiko duzuelakoan:


Beraz, Arantzako zortzikoaren aldaera egin ahal izateko osagai guztiak ditugu eskura. Honela antolatuko ditugu:

  1. Txingoko urratsa aurreraka, eskuin zangoarekin hasiz
  2. Zortzikoko urrats ohikoa, atzeraka itzuli erdi biratuz, eskuineko zangoarekin hasiz
  3. Txingoko urratsa, lagunarekin zangoa kolpekatuz, ezker zangoarekin hasiz
  4. Zortzikoko urrats ohikoa, zortzikoaren norabidea berreskuratuz, ezker zangoarekin hasiz

 

Ikusi ditugun urrats hauek guztiek, zortzikoaren sistema hobe ulertzen lagunduko digutelakoan gaude. Behin sistemaren nondik norakoak barneratuta, Lego horren piezak nahieran antolatu ditzakegu gure zortziko propioak sortzeko leihoak zabalduz. Adibidez:

Doinua: Laugarren Kadrilea - Atzo eta egün: Xiberoko dantza jauziak diskotik

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.