Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza

Orain arteko ekarpenak

Txapelketaren kontra

2011/03/10

Aurretik Trikitixa elkartetik eskatu zidaten bezala , oraingoan Bertsozale elkartetik eskatu didate txapelketen kontrako nire argudioak aurkezteko. Bertsozale elkartearen ikerketa taldeak "Bertsolamintza" jardunaldiak antolatu ditu, eta "inertziak" detektatu eta eranzteko ahaleginak bildu ditu. And...

Gehiago irakurri

Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuari iruzkinak eta ekarpenak

2011/02/02

Pasa den abenduaren 13an Kulturaren Euskal Kontseiluaren bilera burutu zen Bilbon, Guggemheim museoan. Jaurlaritzan gobernu berria zegoenetik egindako lehen bilera izan zen, eta aurretik zegoen kontseilua ia-erabat aldatu zuen Kultura Sailak. Kide gehienak berriak ziren, eta tartean neu ere izan nin...

Gehiago irakurri

Azkaindarrak, jauzi eta ebats!

2010/12/31

Urteak dantza alorrean zer eman duen pentsatzen hasi eta konturatu gabe dantzan hasi naiz. Azkaindarrak etorri zait oinetara, dantza-jauzi bat. Ez da harritzekoa, 2010a dantza-jauzien urtea izan baita, zalantzarik gabe. Garai batean Lapurdi, Nafarroa Beherean, Zuberoan, Baztan-en eta Biarnon dantzat...

Gehiago irakurri

Shanghaiko lezioa

2010/12/02

Sukaldariak eramango zituztenik ez nuen zalantza egiten. Txalapartariekin ez nintzen harritu. Eta dantzariak ere izango zirela aurreikusten nuen. Baina aizue, sorpresa hartu nuen zein dantzari eraman dituzten ikusitakoan. Baita poztu ere. 

Joan da Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaria Shan...

Gehiago irakurri

Profesionalak eta amateurrak

2010/07/30

Kultura alorrean, eta zer esanik ez dantzan, profesionalak behar ditugu. Iruditzen zait profesional gutxi izatea dela gure gabezia, arazo eta ezintasun askoren arrazoietako bat. Gaur eta  hemen, dantza jarduera gehienak adibidez, ohiko lanaren ondoren, irakaskuntzan, enpresan edo kudeaketan zortzi ...

Gehiago irakurri

XXI. menderako tradizio bat

2010/07/27

Gure dantza taldearen behar bati erantzunez sortu ditugu Arrateko Amaren dantzak. Eibarko Udalari, komunikabideei, Arrateko jaietako antolatzaileei, parrokoari eta hurbildu zitzaizkigun guztiei beste pelikula bat kontatu genien. Arratek dantza errepertorio propioa merezi zuela esan genien. Horrelako...

Gehiago irakurri

Telefonoaren doinura

2010/04/23

Eskuko telefonoak edozertarako balio du. Argazki kamera da, bideoa, gpsa, irratia, jokoa, ordularia, mp3a, egutegia,... eta batzutan telefonoa ere bai. Gure etxepean gazte dezente biltzen da arratsaldetan. Jeniffer, Izaro eta Ainhoa aparte jartzen dira, segapotoan musika ipini eta dantzan aritzen di...

Gehiago irakurri

Euskal Kulturaz Antton Lukuren begiradapean

2010/04/21

Euskal Kultura? Antton Lukuk euskal kulturaren inguruan idatzitako saiakera lan zorrotz bezain dibertigarria da. Liburua argitaratu, irakurri eta pentsatu nuen zerbait idatzi behar nuela, benetan mamitsua eta zorrotza delako. Lerro batzuk idatzi nituen, beste lan batzuetan enredatu eta ia urtebete p...

Gehiago irakurri

Dni Baskijskie edo Euskal Jaia Polonian

2010/04/13

Urtero, Euskal Jaia antolatzen dute Poznan-en, Polonian. Adam Mickiewicz unibertsitatean euskara irakasten da eta horixe da jaialdiaren antolaketa gunea. Amaia Dones euskara irakaslea da Poznan-en eta orain aste batzuk dantzan.com-en ditugun argazkietako batzuk erabiltzeko baimena eskatuz idatz...

Gehiago irakurri

Cakewalka ragtimearen garaian: dantza jazzaren hastapenetan

2010/04/08

Cakewalk-a jazzaren hastapen garaietako dantza da. XIX. mendearen erdialdean abiatu zen Ameriketako hegoaldean, esklabu beltzen kontzentrazio handiak zeuden lurraldeetan. Bere unerik gorenena XIX. Eta XX. mendeen arteko trantsizioan izango du. Hain zuzen ere, Jazz-aren sorreran garrantzitsua izan zen ragtime musika motarekin lotuta agertuko da cakewalk-a. Azken batean cakewalka dantza da eta ragtimea musika, eta ragtimearen doinura dantzatu ziren hainbat cakewalk bi mendeen arteko trantsizio garaietan.

Gehiago irakurri 2

Orain arteko erantzunak

Oier Araolaza on Hazparneko eta Ziburuko kaskarotak

2016/05/03

Bitxia da, Ingalaterran morris dantzariak (literalki, mairuak edo moriskoak) hedapen eta historia zabala baitute, eta Lapurdiko barnekaldeko kaskaroten tankera berak: 6-8 dantzari, xingola koloretsuz apainduak, txintxarriak soinean, makila-dantzak egiten dituzte... Ibarrak lotura horri tira egiten dio, baina dantza, musika eta janzkera eredu hori Europako beste hainbat tokitan ere aurki daiteke, beraz, bide bakarreko azalpenak sinpleegiak gertatzen dira.

Oier Araolaza on Emakume espainola: otzana eta xumea, baita dantzan ere

2016/04/28

Bai, ulertzen dut diozuna Mikel. Ni saiatzen naiz ez planteatzen gizon eta emakumeen arteko auzi moduan, baizik eta feministen eta mat... tira, feminista ez direnen artean ;-) Beraz, bat nator gizonezkook monopolizatzen ditugun botere-eremuak utzi behar ditugula, baina hori egiterakoan jarrera feministak jarrera ez feministekin ordezkatzeko arriskua badago, eta hor kezka daukat horren onuraz. Alegia, parekidetasuna bultzatzeko prest dauden gizonezkoak botere guneetatik alboratzeak ez dakit aukera edo arrisku moduan identifikatu behar dugun. Ideala biak batera ematea litzateke, noski, gizonezkoak eta ez feministak botere guneetatik urrundu emakumezkoak eta feministak sar daitezen. Bestetik, niretzat gizonezkoak erabat desagertzeak ere ez dio mesederik egiten parekidetasunari, eta hori gertatzen ari da hainbat dantza taldetan, gizonezkook botere posizioan izan dugun protagonismoa parekidetasunarekin kolokan ikustean interesa galtzen dugula eremu horretan eta utzi. Horren ondorioak ere ez dut uste parekidetasunarentzat onak direnik, eta gutxiago "neskek dantzatzen dute mutilek ez dagoelako" moduko azalpenekin osatzen badira.

Oier Araolaza on Emakume espainola: otzana eta xumea, baita dantzan ere

2016/04/27

Kaixo Mikel,

Dantzaren eremuan, kasu askotan, gizonezko estereotipoa sortzen da emakumezkoarena eraikitzen den unean. Adibidez, korpus dantzariak edo San Joanetako ezpata-dantzariak ez ziren gizon-dantzariak, dantzariak edo ezpata-dantzariak ziren, zapatariak, medikuak edo txistulariak ziren moduan. Une zehatz batean, emakumeen estereotipoa eraikitzen da eta horrekin emakumeei 'dantzari' izateko aukera ukatzen zaie, dantzari emakumearen figura sortuz, eta aldi berean, ordurarteko 'dantzari' figura desagertu egiten da eta 'gizon dantzari' bihurtu.

Beraz, hemen ez gaude bakarrik genero baten konstrukzioa deseraikitzen, sistema bitarra da auzitan jartzen ari garena, eta bi konstrukzioak desegiten. Kasu batzuetan, gonak eta pololoak ez dira feminitatearen ezaugarri, baizik eta genero sistemaren ezaugarri. Niretzat genero kruzeak bultzatzea (emakumeak prakak eta gizonezkoek gonak jartzea) ez du sistema bitarra hausten, baizik eta genero estereotipoak berresten ditu.

Garai batean ez bezala, medikuak gizon eta emakume ditugu gaur egun, medikuntza da alorra eta medikuak horretan jarduten dutenak, ez dago mediku femeninorik ez mediku maskulinorik, eta ez dago mediku izateko modu maskulinorik ez femeninorik. Janzkera gorputzaren araberakoa da (altuagoa, txikiago, argalagoa, gizenagoa, bulartsuagoa, bularrik gabekoa, aldaka zabalduna, estua,...) ez dago emakume medikuaren uniforme bat eta gizon medikuaren uniforme bat. Lehengo emakume medikuek gonak zebiltzaten, baina ez emakume mediku izateko hori behar zutelako, gizarteak (estatuak, elizak eta horien eraginez gizarteak...) emakumeak gona janztera behartzen zituelako baizik.

Orain zaila da irudikatzea, baina orain 50 urte ez zegoen emakume txistularirik. Txistulari izatea, txistua jotzea gizonezkoen jarduera zen. Lehenengo emakume txistulariek gonarekin jotzen hasi ziren. Zure herrian bertan orain gutxi arte emakumeek txistulariek gona jantzi dute. Ez dago txistua jotzeko modu femenino ez maskulino bat. Txistua musika da, eta mila modutakoa izan daiteke, baina ez du generorik. Ez lukeena zentzurik izango da genero estereotipoak deseraikitzeko gizonezkoak gona jartzea txistua jotzeko.

Tradizioan errotua dagoen tokietan gonak ez du genero markarik. Oñatiko Korpusean, Villabuenako dantzetan edo Iturengo joaldunetan, gizonezkoek gona janzten dute. Emakume jantzita daude? Ez, horixe. Dantzari jantzita daude. Emakumeek horietan parte hartuz gero (gehienetan ari dira) ez dute "emakume dantzariaren" estereotipoa eraiki beharrik. Dantzaria generorik gabeko kategoria baita testuinguru horietan, ez dago genero marka erreproduzitu beharrik, dantzari izan eta kitto: batzuk argalago, beste batzuk altuago, norbait gizenago, halako txikiago... dantzariak denak.

Oier Araolaza on El Aurresku (Dantzari Nº 4, editoriala)

2016/04/26

Bakarkako lehen aurreskuak XX. mende hasieran, Lore Joko eta Euskal Festetan antolatzen ziren aurreskularien txapelketetan hasten dira agertzen. Baina txapelketa kontestutik kanpo, aurreskua indibidualki protokoloetan erabiltzen 50-60ko hamarkadetan ezar dezakegu, gutxi gora behera. Dena den, era horretako lehena zein izan ote zen, nik ez daukat jasota.

Oier Araolaza on Emakume espainola: otzana eta xumea, baita dantzan ere

2016/04/26

Azken aldian hainbat txokotan bizi-bizi dago neskek dantza egiterakoan prakak ala gona erabili beharko luketen eztabaida. Iruditzen zait debate horietara joan aurretik bideo honek agerian jartzen dituenak modukoak kontuan hartu beharko liratekeela. Emakumearen estereotipoa konstrukzio ideologiko bat da, gizarteko hainbat alorretan kostata, esfortzu eta borroka handiarekin eraldatzeko lanean ari dena. Dantzaren alorrean naturalizatutako estereotipo horien defentsa harrigarriekin topo egiten dugu, feminitatearen izenean maiz, tradizioaren (!) izenean beste zenbaitetan, kontuan hartu gabe bata ala bestea genero ideologia atzerakoienetan oinarrituta eraikiak izan zirela, besteak beste helburu faxistekin, eta ez dutela zerikusirik ez emakumetasunarekin ez eta tradizioarekin ere ez.

Oier Araolaza on Bidador pastorala: auzolanean uxatu dugu betiko agorraldia

2016/04/01

Mila esker Aritz, mila esker Bidador pastoralaren atzealde eta barrunbeetako xehetasun hauek eta zuregan eragindako gogoetak konpartitzeagatik. Horrelako prozesu batek eskaintzen dituen bizipenak kanporatzea oso baliagarria gertatzen zaigu emanaldia ikustera bakarrik joan garenoi, eta maizago eta beste mota bateko ekitaldietan ere egin beharko genukeen ariketa dela gogorarazten digu.

2014ko abendua, Dantzan Ikasi programa Donostian, Antton Lukuren hitzaldia Libertimenduaz. Hitzaldi bukaeran elkarrizketa mamitsua sortu zen Koldo Mitxelenako aretoan, Urbeltz, Irigarai eta zeu tarteko. Era honetako ekitaldi batek Iruñea moduko hiri batean zentzurik bat ote zenuen galdetzen zenion zure buruari, altuan galdetu ere. Ordurako Bidador pastoralaren erne-muina ereinda zegoen, ez zen beraz galdera erretorikoa.

Lukuk libertimenduaz eskaini digun irakurketak, dantzarion jardueraren zentzu politikoaz kontzientzia ber-hartzera eraman gaitu zinez, gure aurreko belaunaldiek inoiz galdu ez duten kontzientzia, bide batez esanda. Jarduera politikoaren eraginkortasun gorena alderdikerietatik(=taldekerietatik) askatzen denean lortzen dela frogatu digu Bidador pastoralak, aurretik beste hainbat esperientzietan ikusi duguna berretsiz, Argiaren jardunbide ez-ohikoan adibidez.

Gotaineko errebalidak, Iruñean ikusi genuenok antzeman genizkion balio artistikoak berresten ditu, alegia, ez ginela emozioen eraginez soilik errenditu, pastoralak bazuela gorputz dramatikoa eta kalitate formala. Adibidez, Makagorriaren ekarpena aipatu da, eta horretan sakonduz, Bidadorren izpiritu pitxutarra arketipoaren bidez eszenaratzearen aziertoa berresteaz gain, bereziki nabarmendu nahi nuke Makagorriaren sarrera-irteeren diseinu koreografiko eta musikala, sotila bezain bortitza, xehetasun txikienetan ere Bidador pastoralaren eta Bidador beraren arima zorrotz bezain jostalaria erakusten duena.

Biba Bidador eta Bidadortarrak!

Oier Araolaza on Luzaideko Bolant egunean nesken parte hartzea zein izan behar den erabakitzeko galdeketa egingo da

2016/03/15

Bai, nik ere halaxe uste dut Iker. Horrelako galdera baten desegokitasuna argi ikusteko generoaren ordez arrazarekin probatu dezakegu, eta "emakumea" ordez "beltza" jarri. Onartuko genuke galdera egitea era horretan? "Zuriek egiten duten bezala, beltzek dantza taldean parte hartzearen alde zaude?".

Baina hori esanda, uste dut euskal dantzaren munduan inor ez gaudela genero berdintasunari dagokionez lezioak emateko moduan. Talde gutxi batzuetan hasi dira gauzak aldatzen, baina oso berriki, eta oraintsu arte bereizketa eta bazterketa indarrean izan dugunok (alegia, guztiok) badugu nahikoa lan nork bere baratzean parekidetasuna eremu guztietan aplikatzen asmatzen. Inertzia gogorrak eta eskema mental hertsiak ditugu parean eta gurean.

Oier Araolaza on InautHerriak 2016 ETB1

2016/02/11

Gure komunikabide publikoak tarteka herrietako inauteri tradizionalei arreta eskaintzea poztekoa da. Pena da maizago eta zabalago ez egitea hori, alegia, urtero 4-5 inauteri desberdin bisitatzea, eta haien berri emateaz gain, errejistroa osatzen joatea, telebistaren produkzio sistemak eta medio profesionalak horren zerbitzura jarriz. Dokumental honetan badira hainbat kontu interesgarri, baina tamalez, protagonista nagusiak, inauteriak eta herritarrak bigarren mailan geratzen dira aurkezlearen mesedetan. Tamalez, hau ez da inauteriei buruzko telebista saio bat, hau Reyes Prados-i buruzko saio bat da, lasai asko titula zezaketena "Reyes Prados inauterietan". Telebistan gaur egun ohikoa da lan egiteko modu hori, alegia, kazetaria edo aurkezleak duela protagonismo handiagoa albistearen protagonistak edo elkarrizketatuak baino gehiago. Beraz, komunikabide publikoak inauteriei begiratzen dielako poztu beharko ginateke, baina ez da horrela, inauteriak bakarrik aurkezlearen mesederako parean egokitutako dekoratua baitira.

Egunotan sare sozial batean berriz ere Space Invaders-en (festa edo dantza baten argazkia edo bideoa egiteko, dantzaren eremu barruan sartu eta dantzari berari traba egiten diotenak) gaia atera da. Iruditzen zait saio honetakoa Space Invaders-en modalitate gorena dela, eta gainera, horretarako biktimaren edukazioaz baliatzea dela. Inork esplika diezadake zer ostia egiten duen Reyes Prados-ek joaldun taldean sartuta? Zergatik ez da joaten San Mames-era eta athletikeko kamiseta jantzita partida erdian baloiari ostikoka hasten? Zergatik ez da BEC-era joaten bertso txapelketaren finalera eta Arzallus eta Lujanbioren arteko buruz burukoan chirigota bat kantatzen? Ez dut aurkezlearengan pertsonalizatu nahi, profesional ona eta pertsona atsegina izango da, eta ziur aski bera Iturenera joan denerako produkziokoek lotuta zuten guztia beso-zabalik hartu dituzten joaldunekin. Baina nire ustez edukazio onaz eta jendearen onberatasunaz aprobetxatuz goitik behera txiza egin eta euria dela esaten digute. Aski da!

Bide batez, atentzioa deitu dit orain gutxi dantzan.eus-en joaldunek joareak dantzatzeko duten modu desberdinei buruzko bideoa argitaratu eta handik egun gutxira programa honetan horixe bera galdetzea joaldunei. Kasualitatea? Saioko erredaktoreek dantzan.eus ikusi ote dute? Nork jakin!

Oier Araolaza on Preso batek kantatu zuen 1916an, preso darrai kantuak 2014an

2016/01/07

Mila esker Inaxio! Bilketa lana ederra eta interesgarria!

Oier Araolaza on Eusko Ikusgayak 02 Donostia: Ezpata-dantza 1923-1928

2015/12/06

Arrazoi duzu Mikel, kontu mamitsuak dira hauek bideo baten erantzunetan garatu ahal izateko. ;-)

Ados Boastitzea edo Paseoari buruz esandako guztiekin. San Asensiokoak aipatu dituzun moduan, Guardia eta Eltziegokoen pasacalleak etortzen zaizkit niri, "la fuente" edo "iturria" moduko figurak, bete-betean bat datoz Boastitzean egiten denarekin.

Argi dago baita ere zortzikoak eta jokoak dantza bakarreko partetzat aurkezteko joera hori berria dela. Iztuetak eta Olanok dantza bereizitzat aurkezten zituzten zortzikoak eta tresnekin egindako dantzak. Noiz gertatzen da lotzea? Erronka polita hori argitzea!

Azken parrafoan eman duzu guzti honen gakoa, noski. Dantzak adierazpen bukatu eta itxi moduan ulertu izanak ekarri du eredu jakin batzuk "jatorrizkotzat" jotzeak, kasu gehienetan uneko saiakerak eta formulazioak baino ez zirenean. Zerbait ikasi badugu da berrehun urtean gure dantza hauek etengabe eraldatzen eta egokitzen joan direla, eta aldaera bat jatortzat aurkeztu eta hedatu den bakoitzean, kasu gehienetan hori baino lehenagokoak ziren beste hainbat aldaera baztertu eta ezkutatu ditugula.