Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Euskal dantza, Etxepare Institutua (2012)

Dokumentuaren akzioak

Euskal dantza, Etxepare Institutua (2012)

2012/09/20 16:55

Etxepare Institutuaren enkarguz Euskal dantza liburuska idazi dut eta egunotan aurkeztu da jendaurrean. Euskal kulturaren alorreko hamabi liburuz osatutako bilduma prestatu du Etxeparek eta horietako hamar aurkeztu dira Donostian, Etxepare Institutuaren egoitzan bertan. Hauek dira bilduma osatzen dutenak:

  1. Euskararen historia laburra (Ivan Igartua eta Xabier Zabaltza)
  2. XX. Mendeko euskal literatura (Estibalitz Ezkerra)
  3. Euskal Musika klasikoa (Karlos Sanchez Ekiza)
  4. Euskal kantagintza: pop, rock, folk (Jon Eskisabel)
  5. Estanpa bilduma (Ikusizko Arteak) (Miren Jaio)
  6. Euskal zinema (Joxean Fernandez)
  7. Arkitektura eta diseinua (Pello Agirre)
  8. Euskal dantza (Oier Araolaza)
  9. Bertsolaritza (Joxerra Garzia)
  10. Tradizioak (Joseba Zulaika)
  11. Euskal sukaldaritzaz (Hasier Etxeberria)
  12. Euskal antzerkia (Pedro Barea)

Arkitekturari dagokiona eta euskal antzerkiari buruzkoa falta ziren aurkezpenean, baina horiek urte amaierarako espero dituzte.

Atzerrira begira egindako lanak dira. Hau da, Etxepare Institutoak euskal kultura munduan barreiatzeko duen ahaleginean, lagungarri izango zituen euskarriak nahi zituen, eta helburu horrekin egin zigun enkargua.

Liburuska laburrak dira, argazkiz ongi hornituak, diseinu zainduarekin, eta testua hiru hizkuntzatan daramatenak: Euskaraz, gazteleraz eta ingelesez. Zenbaitek faltan bota dugu frantsesez ere eman izana.

Mamia eta lan-taldea

Testu labur batean gauza asko sartu nahiak, dibulgazio, zorroztasuna eta erakargarritasuna uztartu nahiak,... burukomin batzuk eman dizkit testua ontzeak. Besteak beste euskal dantzaren historia zertzelada batzuk, folklore egutegiari begirada bat, dantza taldeen ibilbide eta egungo panoramaz lerro batzuk, dantza estilo eta joera desberdinen azalpen bat, talde eta norbanako esaguratsuen aipamenak, joera berriak, euskal dantzarien diaspora, eta beste hainbat kontu jorratu nahi izan ditut, baina denak labur azaldu eta txukun harilkatzen nahikoa lan izan dut.

Hutsune batzuk antzeman ditut dagoeneko, eta nahiago dut berriz ez begiratzea hutsune gehiagorekin sufrimendua ez handitzeko. Eta hori eduki eta hizkuntz aldetik hainbat zuzenketa eta proposamen baliotsu egin dizkidatela Enrike Izagirrek, Ainhoa Larrañagak, Iñaki Arregik eta Lide Aranak.

Mari Jose Olaziregik koordinatu du bilduma, eta haren esanetara eta guri laguntzen aritu den Mitxel Muruak egin du lan zikin handiena. Argazkiak zirela, itzulpenak eta bestelako komeriak zirela, mariatu dut apur bat Mitxel, baina eskarmentua, pazientzia eta goxotasuna ditu barra-barra, eta plazerra izan da haren laguntza izatea.

Irudi aldetik garrantzia eman nahi zitzaion liburuari, eta beraz, saiatu gara argazki egoki eta ederrekin borobiltzen argitalpena. Dantzan.com-en dugun bilduma baliatu dugu horretara, eta taldeek, konpainiek eta dantzariek bidali izan dizkiguten argazkien artean bazegoen non hautatu. Bi dantza argazkilari nabarmendu nahiko nituzte. Batetik, Gorka Bravo, azken urteotan euskal dantza garaikidearen "argazkilari ofiziala" bihurtzen ari dena, lan ederrak bata bestearen atzetik pilatuz. Bestetik, Iñaki Zugasti, pazientziaz eta konstantziaz euskal dantzaren argazki fondo zabal, aberats eta librea osatzen ari dena.



Paperezko liburuak ez omen dira dendetan erosterik izango. Etxepare Institutuak parte hartzen duen azoka eta ekitaldietan banatuko ditu. Pdf formatuko liburuak berriz edonoren esku daude dagoeneko Etxepare Instituaren webgunean.

Hemen liburua pdf formatuan eskura:



Dokumentuaren akzioak

Aritz
2012/09/25 23:08
Non lor dezaket Euskal dantzak izeneko liburu hori? Milesker. Nahi izanez gero, bidal iezadazu mezu bat aritz22lo@hotmail.com helbidera.
oier
2012/09/26 13:58
Aupa Aritz. Albistean ageri den loturan bertan liburua pdf formatuan eskuratu dezakezu. Hortik aurrera, paperean eskuratzea ez da hain erraza izango, ez baita salgai jarriko, Etxepare Institutuak bere ekitaldietan banatuko baitu. Beraz, paperezkoaren tematuz gero Etxeparerekin hitzegin beharko duzu.
Aritz
2012/09/30 15:04
Milesker ;)
Mikel S.
2012/10/28 19:17
aupa Oier. Zorionak lehenengoz horren lan zaila hain modu txukunean borobiltzeagatik. Ez duk batere erraza izaten sintesi lana, eta argazki garbia egin diok gure gaurko eta lehengo egoerari. Bide batez, xehetasunei begira, niri balio izan zidak gauza batekin konturatzeko: kanpoan dantzatu duten euskal dantzarien aipamena egitean, nire garaikidetsu izan zen ordiziar bat falta da bai zerrenda horretan, bai dantzan.com-en bilduta daudenen artean: Jabier Aranburu “Txatito”. Dantza ikasketak Londresen egin eta Iran eta Holandako konpainietan dantzatu ondoren, Espainiako Balet Nazionaleko lehen dantzarietako bat izan zen, 80ko hamarkadan. Benetan dantzari aparta omen, baina gazte hil zen, 1993an. Jose Antonio Begiristaini bere berri eskatu zioat, eta epostaz bidaliko diat biografi txiki bat, ondo baderitzok dantzan.com-en jasotzeko.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.