Galesera goaz, Gerrako Umeen 85. urteurrenean dantzatzera

2022/07/06
Galesera goaz, Gerrako Umeen 85. urteurrenean dantzatzera

Kezka dantza taldea taldeak Galesera bidaiatuko du uztailean, The Basque Children UK’37 elkarteak antolatutako biltzarrean dantza egitera. Zehazki Caerleon-Newporten izango gara 1936ko Espainiako Gerra Zibiletik ihesi euskal umeak errefuxiatu zireneko urteurrenean. 

Basque Children 85 urte (1937-2022)

2022an 85 urte bete dira Espainiako Gerra Zibilaren eraginez milaka ume Euskal Herritik erbestera bidali zirenetik. Horietako asko Britainia Handian egokitu ziren eta multzo handi bat ez zen inoiz etxera itzuli. Gerrako ume erbesteratuek eta beren ondorengoek osatzen dute The Basque Children UK’37 elkartea, beraien bizitza goitik behera aldatu zuen gertaera oroitzeko bost urtetik behin biltzarra egiten duena. 

1937an Santurtziko portutik atera zen Habana itxasontzia euskal ume errefuxiatuekin Britainia Handiruntz.

Kezka dantza taldeak harreman berezia izan du erbesteratutako umeekin eta 2007an eta 2012an Southampton-en egindako biltzarretan parte hartu du The Basque Children UK’37 elkartearen eskariz. Gainera, Koke Martinez, euskal ume erbesteratua izan zenak eta artista errekonozituaren lan eder bat Kezka dantza taldeak jaso zuen haren heriotzean.

Carmen Kilner, Koke Martinez-en margolana Kezka dantza taldeari eskainiz, 2011. Argazkia: Iñaki Zugasti.

Kezkako dantzarian Southamtponen, euskal ume errefuxiatuen kanpamenduaren erreprodukzioaren aurrean.

2022an ere parte hartzeko gonbidapena jaso du eta uztailaren 14an eta 15ean Galesen, Caerleon-en ospatuko diren ekitaldietan 85 urte lehenago erbesteretatutako umeek errefuxiatutako kanpamenduetan egiten zituzten moduko dantzak eskainiko ditu bertan. Izan ere Caerleon-en bertan izan zen errefuxiatuen kanpamenduetako bat eta horregatik aurtengo ekitaldiak bertan antolatu dira.

Euskal ume errefuxiatuen kanpamendua

Caerleon, Newport (Gales)

The Basque Children UK’37 elkartearen 85. urteurreneko biltzarra 2022ko uztailaren 14an eta 15ean ospatuko da, 1937an euskal ume errefuxiatuak hartu zituen Galeseko Newporten dagoen Caerleon herrian. Bertan, errefuxiatu izaera partekatzen duten familiak, bizirik eta bidaiatzeko osasunez dirauten gerrako umeak, gaia jorratu duten ikertzaile eta akademikoak, euskal nazioaren eta kulturaren ordezkari eta sustatzaileak, ordezkari politiko eta instituzionalak, eta exiliatuen eta errefuxiatuen gaurko zein iraganeko errealitate gordinarekin sensibilizatuta dauden elkarte eta norbanakoak izango dira.

Euskal ume errefuxiatuek euskal dantza emanaldiak eskaintzen zituzten beraien sostengura baliabideak lortzeko.

Euskal dantza tradizionalekin mimoz eta pasioz osatutako emanaldiak izango dira Kezka dantza taldeak The Basque Children UK’37ren 85. urteurreneko biltzarrean eskainiko dituenak. 15 dantzarik eta 5 musikarik osatutako taldea izango da Caerleonen eta biltzarrean jorratuko dituzten ekitaldien programan hiru unetan euskal dantzen emanaldia eskainiko du Kezka dantza taldeak, Gales bertako dantzen agerraldi batekin eta Euskal Herriko musikari bikote batekin, Irantzu Garamendi eta Asier Berrojalbizekin tartekatuz.

Kezka dantza taldea 2012ko Southamptoneko Basque Childrenen biltzarrean. Argazkia: Iñaki Zugasti.

Hirugarren aldia 

Erbesteratutako umeek 2007an eta 2012an Southampton-en egindako biltzarretan parte hartzea berezia gertatu zen Kezka dantza taldearentzat eta 2022an parte hartzeko gonbidapena jasota ez genuen zalantzarik izan uztailaren 14an eta 15ean Galesen izateko. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Etxeparen Institutuaren diru-laguntza deialdietan eskaerak egin ditugu bidaia finantzatzen laguntzeko, baina oraindik ez dugu erantzunik.

Euskal ume errefuxiatuen kanpamendua

Kezka dantza taldeak Gerrako Umeen ekitaldira eramango duen euskal dantzen errepertorioa 1937ko errefuxiatuek beren kanpamenduetan lantzen zituzten euskal dantzen errepertorioa aztertuta diseinatu da, oroimenean eta emozioetan bat egiteko asmoz.