Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kezka dantza taldea Southamptonera, Gerrako Umeen 75. urteurren ekitaldira

Dokumentuaren akzioak

Southamptonera, Gerrako Umeen 75. urteurren ekitaldira

2012/05/09 11:34
Asteburu honetan Southamptonen, Ingalaterran, dantza emanaldi berezia eskainiko du Kezka dantza taldeak. Basque Children of 37'UK elkarteak gerrako umeak Ingalaterrara bidali zituzteneko 75. urteurrena gogoan hartuta prestatu duen ekitaldian izango gara Kezkako dantzariak.

2007-05-26_Southampton_NM3760053

Gerrako umeak

1937ko maiatzaren 21ean, 4.000 euskal ume Santurtziko portuan Habana (800 bidaiari hartzeko prestatua) itsasontzian sartu eta galbidean zegoen gerratik salbu jarri zituzte. Errepublikazale eta abertzale familietako umeak ziren, 5 eta 15 urte bitartekoak. Southamptoneko kaian lurreratu, eta bizitza betirako markatu zituen bidaia hasi zuten horrela.

Zehazkin 3840 haur izan ziren. Haiekin 80 irakasle, 120 laguntzaile, 15 apaiz eta bi sendagile joan ziren. Ingalaterran kanpamendutan antolatu zituzten, gorriak ikusi zituzten, ume asko ez ziren sekula berriz beren familiekin elkartu, eta beraien bizimodua Ingalaterran egin behar izan zuten...



75 urte pasa dira, baina oraindik bizi direnek ez dute ahazteko ume zireneko erbesteratz latz hura. Lauregoi eta laurogei eta hamar urte bitarteko gizon-emakumeak agerian, baina gerrako umeak dira eta izango dira beti beren barrenean.

Gerrako umeak, 250  inguru elkartuko dira asteburu honetan Southampton-en, orain 75 urte Britainiar Uharteetara ekarri zituzten egun latzak elkarrekin gogoratzeko.

Kantua, txistua eta dantza lagun izan zituzten bidaia horretan, eta Ingalaterran ere berehala antolatu zituzten kantari eta dantzari taldeak.



Txistua eta dantza familiaz eta aberriaz erbesteratu zireneko garaiekin eta kanpamenduetako bizipenekin lotzen dituzte gerrako umeek. Horixe daramagu Southampton-era asteburu honetan, txistua eta dantza, gerrako umeentzat gure oparia.

Gerrako umeak eta Kezkaren arteko harremana

Gerrako umeen historiarekin txundituta hasi zen Kezka eta Basque Children-en arteko harremana orain urte batzuk. Lehen heldulekua Pirmin Treku izan zen. Fermin Aldabaldetreku bi arrebekin batera iritsi zen Southamptonera, eta bertan egin behar izan zuen bizitza, gurasoengandik aldenduta. Nerabazeroan dantzarako zaletasunak balletera eraman zuen, eta bere dohain apartei esker, Royal Balleteko dantzari izatera iritsi zen. 2003. urtean elkartu ginen berarekin eta bere ibileren berri entzuteko aukera izan genuen. 2006. urtean hil zen Pirmin Treku, Royal Balletean dantzatu zuen gerrako umea.

Treku hil eta hurrengo urtean, 2007an, 70. urteurreneko ekitaldian Kezkako lau dantzari eta Elgoibarko Udalaren Txistulari taldeko bi txistulari izan ziren Southamptonen. Bertan ezagutu zituzten Basque Children elkarteko sustatzaileetako bat, Carmen Kilner, gerrako umeei laguntzen joandako Elgoibarko andereino baten alaba dena. Ez dago esan beharrik, gurasorik gabeko familia horretan andereñoak bihurtu zirela ehunka umezurtzen ama.

2007-05-26_Southampton_NM3760050

Kezka dantzari ohi batek, Nerea Mendikutek, lotu zituen erabat, elkarren gertu zebiltzan Basque Children UK37 eta Kezka dantza taldearen hari-muturrak. Londresen bizi zela, kasualitatez elkartu zen gerrako umeen elkarteko kideekin, eta harreman handia egin zuen Jose Maria Martinez Coque gerrako umearekin, 70. urteurreneko ekitaldien antolaketan burubelarri sartuz.

Horrela, orain bost urteko ekitaldian ezagutu zuten Kezkako dantzariek besteak beste Jose Maria Martinez Coque, gerrako umea, margolaria eta Pirmin Trekuren umetako laguna. 2009an hil zen Coque eta haren margolan bat, Balletomania, Pirmin Trekuren dantza entseguetan inspiratua, jaso du opari Kezka dantza taldeak orain hilabete batzuk.

2011-11-14_Coque-Carmen-Kilner-IZ_IMG_7349

75. urteurrena Southamptonen


Asteburu honetan, maiatzaren 12an eta 13an egingo da Southamptonen Gerrako Umeen erbesteratzearen 75. urteurrenego oroitzapen ekitaldia. Erakusketak, historialari, gerrako ume, erakunde publikoetako ordezkarien hitzaldiak, eta bestelako ekitaldiak izango dira Southamptoneko Unibertsitateko Highfield Campus-ean.

Kezka dantza taldeak emanaldia eskainiko du Gerrako umeentzat, eta horrez gain, ekitaldi osoan zehar txistua eta dantza bizi-bizi egon dadin saiatuko da. Horretarako 18 lagunek osatutako taldea joango da bertara, eta Gerrako Umeentzat gertukoa eta sinbolikoa izan dadin hautatako euskal dantza errepertorioa prestatu du maitasun guztiarekin.




Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Kezka dantza taldea

Kezka dantza taldea

Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.

 Valladolideko Gure Txoko euskal etxeak gonbidatuta Arrateko ezpata-dantza eta trokeo dantzak aurkeztu genituen 2015eko irailaren 26-27ko asteburuan Gaztela Leongo hiriburuan. Euskal Jaia ospatzen zela eta, bertako euskaldunen gonbidapena jaso ostean, 27 pertsonako taldea osatu genuen Kezkako dantza...

Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.

Koko-dantzak 2014: taldeko argazkia

2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.

 2015eko maiatzaren 30ean eta 31n ospatu zen Ezpalak jaialdia Eibarren eta Iruñean.  Nafarroako jaialdiaren kronika  orain bi hilabete argitaratuta, Eibarkoa genuen zorretan eta hemen gatoz berarekin. Soka-dantzak izan ditugu ardatz Ezpalak jaialdiaren 10. ekitaldian (Eibarren, 9. Iruñean), eskuz ...

Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.

Argazkia: Fernando Retolaza

1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.



Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com