Giza-dorreak eraikiko dira 2018ko Ezpalak jaialdian

2018/05/15
Giza-dorreak eraikiko dira 2018ko Ezpalak jaialdian

Maiatzaren 26an eta 27an nazioarteko tradiziozko dantzen ezpal berriaz gozatu ahal izango dugu: giza-dorreak. Iruñean larunbatez eta Eibarren igandez, plazetako zorua urruti utziko dute aurtengoan gonbidatuek gizabanakoak elkarren gainean pilatuz. Ezpalak jaialdiak, 2006. urtean sortu zenetik, aukera bat baino ugariago eskaini ditu tarteka-marteka giza-dorreak ikusi ahal izateko. Memoria larregi nekatu gabe erraz gogoratuko ditugu Mirando do Douroko pauliteiroena, Burgos-eko Justo del Río taldeko dantzariek osatzen zutena edo aurten berriz bisitan etorriko zaigun Tausteko Dancea.

Giza-dorreak dantzan 

Giza-dorreak, giza-gazteluak edo aldagai asko dituen, baina normalenean bata bestearen bizkar gainera igo eta hiru mailako altuera lortzen dituen egitura hori; elementu ikusgarria suertatzen da lur gainaren horizontaltasunean garatzen diren dantzekin erkatuta. Kontrastea lortzearren, beraz, dorreak beste dantza multzo baten barruan eta beste dantza batzuei lotuak agertzen ohi diren motiboak dira.

Iruñea. Maiatzak 26, larunbata

12:15ean Kalejira alde zaharreko karriketan barna.
12:30ean Ezpalak jaialdia Burgoen Plazan:

 Eibar. Maiatzak 27, igandea (53. Euskal Jaia)

12:00etan Kalejira Urkizutik Untzaga plazara.
12:30ean Ezpalak jaialdia Untzaga Plazan:

17:00etan erromeria Patxi eta Konpania taldearekin.

Erdi Aroko giza-dorre baten grabatua, Venezian

Ezpalak 2018 ― Giza-dorreak

Dena dela, aurtengo Ezpalak jaialdiak giza-dorreak eurak bakarrik ikusteko aukera eskaintzen digu, Arabako Berantevillako herritarren tradiziotik. Erakustaldi gehienak, jakina, dorreak aipatu ditugun dantza-protokoloetan txertatu direnekoak izango dira.

Hirugarrenez, giza-dorreok, euren handitasunaren handitasunaz ikuskizun bihurtu diren unea, hau da, castellersak... ez ditugu ikusiko, gure jaialdiaren gaitasuna eta ezaugarriak gailendu egiten baititu horrelako egitura bat eraiki ahal izateko behar litzatekeen partaide kopuruak. Halere, Tarragonako moixiganga hurbilarazi dugu, moixiganga deituriko figura jotzen delako castellers-en jatorri edo aurrekaria. Aitak semeari eta semeak aitari! -iragartzen omen zituen Mendaroko Txirristaka bertsolariak ilea etxean mozteko saltzen zituen tresnak.

Giza-dorreak Valentzia aldean sortu ahal izan ziren -ball de valencians ere deitu izan zaie- eta Ebro ibaian gora ikaragarri zabaldu omen ziren ondoren. Egun Aragoiko Ebro inguruan gorde zaizkigunak barrokoagoak jo genitzake Errioxan, Arabako Kuartangon, Trebiño inguruan edo Gipuzkoako Andoaingo axeri-dantzaren barruan ikus genitzakeenak baino. Dorreen dena delako sinbolismoan sartu nahi lukeenak bidean aurkituko ditu jentilen balizko handitasuna, jainkoarengana hurbiltzeko bitartekoa, giza-atariak eta naturak eragin ditzakeen kalteen aurkako konjuroak. Alabaina, Ezpalak jaialdiaren zeregina ez da hori, eta hamahirugarren aldiz, aski bekigu dantza tradizionalaren beirate utopiko haren beira-atal koloretsu batzuk herriko plazan erakustearekin.