Cabanillaseko Paloteadoa ― Cabanillas, Nafarroa
Cabanillas Nafarroako eta, zehatzago, Tuterako merindadeko 1300 biztanle dituen herri bat da. Inguru hartako beste herri askotan bezalaxe, antzina -1865, 1867 eta 1872ko erreferentziak behintzat gorde dira- egiten zen paloteadoa berreskuratu eta 2014an eman dute berriro abuztuaren 16an, herriko jai nagusi den San Roke egunean. Gaur arte, egun horri lotuta jarraitzen du. Generoak bereiztu gabe, dantzariz bakarrik osatutako segizioa da Cabanillasekoa.
Paloteadoa antzezpena, herriko gertakizunen aipamen eta kritika, eta dantza biltzen dituen errituala da; eskema nagusi horri erreparatuta, alde handirik ez da izaten herri batetik bestera. Cabanillas-ekoa kalejira batekin hasten da, eta dantzari dagokionez, zinta-, arku-, makila eta kaskaineta dantza eta jota bat aurkezten ditu. Emanaldiaren amaieran giza-dorre bat eraikitzen da, eta gailurretik ume batek Cabanillas eta San Roke goratzen ditu. Dantzarako doinuak bi gaitak eta danborrak jotzen dituzte.
Paloteadoa, dena dela, dantza-multzo batetik haratago doa, jakina: kortesiez eta deabrua eta aingeruaren arteko arrazoi eta eztabaidaz gainera, rabadana eta mayoralaren arteko elkarrizketa biziak ere ez dira inoiz falta.
Administratiboki bi elkartetakoak izan arren -Nafarroa eta Aragoi- Cabanillasen eta Tausteren arteko 30 kilometroko hurbiltasunak pista argiak eskaintzen ditu inguruko dantza-protokoloen trazaz eta antzeko usainez. Horixe da Ezpalak jaialdiak azalarazi nahi lituzkeen irakaspenetako bat.