Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Tuteran berriz!!

Dokumentuaren akzioak

Tuteran berriz!!

Tuteran berriz!!

Argazkia: Aitor Razkin

Iazko hutsegitearen ondotik, aurten gogoberrituta jaitsi gara beste behin Tuterako festetara dantzara, uztailaren 27an. Aurreko aldietako formatoak ez gintuen guztiz asebetetzen eta hortaz, aurten gure Trokeo-dantzak erakutsi ditugu erriberako hiriburuan, lehenbizikoz. Genero aldetik bereizketarik ez, plazaz plaza kurritzeko modu naturala, kalejirari esker eta 9 dantzari izan bagina ere, dantzak emateko aukera. 22 dantzari eta gure gaitero prestuekin 25 izan gara guztira. 

Tutera 2018_01
Argazkiak: Aitor Razkin

Beterri peñatik karrika-dantza bizian atera gara eta bidean galdu ditugu gaiteroak, argazkilaria eta gure sherpak. Arnasestuka ibili behar ez daitezen erritmoa egokitu eta lehen dantzak San Jaime plazatxoan eman ditugu. Makil-handiena eta Ezpata-brokelena.

Tutera 2018_02

Tutera 2018_03

Tutera 2018_04

Handik Foruen plazara mugitzea zen asmoa, baina ia beti bezala, gaueko erromeria-taldea bere soinu frogak egiten ari da eta B plana hobetsi dugu. Muro karrikako terrazen aitzinean eman ditugu zinta-dantza eta makil-txikiena. Eta terrazen ondoan gaudela probestuz, zintzurrak ere busti ditugu, bero baita kanpoan!

Tutera 2018_05

Tutera 2018_06

Gaztanbide karrika luzea hartu dugu eta han gozatu gara karrika-dantza ziztu bizian eginez. Baina berriz ere galdu ditugu gaiteroak eta enparauak. Itxoiteko!

Tutera 2018_08

Eta bigarren tentaldian bai! Foruen plazara sartu gara eta musika taldeko kideei ia 15 minutuko tartea emanen ote diguten galdetu diete Beterriko lagunek. Baietz! Gaiteroek kioskotik jo dute, dantza eta dantza artean dei eder eta guzti. Eta dantza guztiak eman ditugu, dantzari denek dantzatzeko aukera izan dutelarik. 

Tutera 2018_07

Tutera 2018_09

Hainbatetan gurutzatu dugun elektrotxarangarengandik ihesi, oraindik ere azken geldialditxo bat egin dugu Carnicerías karrikan sortzen den plazatxo estuan. Zinta-dantzarako tokia baizik ez dugu izan eta horrekin eman dugu bukatutzat Tuterako gure ibilaldia. Ondotik, merezitako —eta jadanik tradiziozkoa den dutxa Beterriko patioan, afari goxoa Remigioenean eta bestarako tartetxo bat ere ebatsi diogu gauari.

Heldu den urtean ere, plazerrez itzuliko gara, hain harrera goxoa egiten diguten Beterriko lagunek hala nahiko balute behintzat!

  • Aitor Razkinek hartutako argazki gehiago ikus ditzakezue hemen:

 

2018-07-27 Tuterako festak

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.