Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2020

Dokumentuaren akzioak

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2020

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2020

Argazkia: Ander Luquin

Maiatza aldera, halako itxaropen inoxentez, pentsatzen genuen: Tira, irailerako lasaituko da hau guztia eta ezpata-dantza behintzat egin ahal izanen dugu! Bada ez! Ezin izan dugu gaur ezpata-dantzara Iruñea zaharreko karriketara atera, eguraldia beste behin ere —azken hamabi urtetan bezala eta negu koloreko asteburu honetan menia bat emanez— lagun izanen bagenuen ere.

Alta, desleku, desegun eta desorduan bada ere, ezpata-dantza egin nahi izan dugu, Lodosako Cerverako urmael berezian. Aurten baitu, izatekotan, eta paradoxikoki, inoizko zentzurik handiena gure ezpata-dantzak. Juan Antonio Urbeltzi ikasi diogu gure dantzak gaitza uxatzeko arao edo konjuro gisa uler ditzakegula. Zomorroa bidaltzeko, mozorrotu eta dantzatu. Modu metaforikoan gaitza bera edo gaitzaren ekarle diren animaliak irudikatuz zingira inguruak bizitegi dituzte eltxoak, irudikatuz, konparaziora, benetako izurria ohiltzea xede luketela gurearen gisako dantzek, alegia. 

Iteuli-dantzariak gabe, koronabirus-dantzari bilakatu gara. Ez ote dugu anabasa hau guztia ezpata-dantzan sendatuko? (Hori bai, indar guztiak pandemia konjuratzera bideratu ditugunez, eltxoek probestu dute guri hamaika ausiki egiteko).

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2020-01
Argazkia: Ander Luquin
Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2020-02
Argazkia: Ander Luquin

40 dantzari eta 6 txistulari bildu ditugu Lodosara. Berezko testuinguru eta ikuslerik gabe —Osel Molinet eta Itxaso Martinez boboek ez dute izan nor zirikatu—, Iruñeko udal plazan eman ohi dugun dantza segida bakarrik eman dugu urmael ertzean. Abiatu da tropela zortzikoarekin eta zubiak egin eta desegin ondoan, meatze galeria eraiki eta ezpata-txikiek hartu dute aurrea. Maria Izal, Leire Leza, Mikel Tristan eta Auritz Garziak bete dituzte lan horiek.

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2020-03
Argazkia: Ander Luquin

Seguraski ez dira aurtengoak ezpata-dantzan musteko baldintzarik desiragarrienak izan. Iruñeko alde zaharreko karriketatik urrun, dantzaria bere bakardadean, maska aurpegian… Alta, ez dira gutxi izan aurten lehenbiziko aldiz ezpata-luzea hartu duten dantzariak, bederatzi guztira: Ainhoa Markotegi, Aitor Puig, Ane Asin, Bittori Elizalde, Haizea Ruiz, Jone Torres, Maider Jimenez, Maider Veiga, Bittori eta Saioa Seminario. 

Arrosa ehuntzeari ekin diote, bai gaztetxo hauek baita ezpata-dantzari zailduagoek ere. Joseba Lorenzok Iruñeko bandera dantzatzeari ekin dio eta Aritz Ibañez buruzagia ezpaten gainean goratu dugu. Momentu horretan eltxoak berak ere kukutu direla iruditu zaigu.

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2020-04
Argazkia: Ander Luquin

Ezpata-txikiek eman dute haien zortzikoa, zorrozki, arrosa munduko lau kornerretara jira-biran ibili dugun bitartean. 

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2020-05
Argazkia: Ander Luquin

Ehundutakoa desehuntzeko tenorea. Arrosa ezpata-soka bilakatu da bat-batean atabalaren erritmoari segiz eta hortik gutxira, soka bera, 4 lerroko tropel. Kalejirarekin beste zubi pare bat eginez urrundu gara aurtengo gure plaza inprobisatutik. Ez da zerbitzariaren eta buruzagiaren arteko zortzikorik izan, ez eta irradakarik bere osotasunean, nahiz eta koplaren bat edo beste kantatu dugun, jadanik eguna ilundu zaigunean.

Ezpata-dantza berezia 2020koa, urtea bera gertatu zaigun modukoa. Masken azpiko dantzariak zeintzuk izan garen ezagutzea ez baita errex, eta orain arteko argazkietan txistulariak ez baitira ageri, hona parte-hartu dugun guztion izenen zerrenda, hemen ere gordea gera dadin:

Ainara Ranera, Ainhoa Markotegi, Ainhoa Urmeneta, Aitor Huarte, Aitor Puig, Akier Akerreta, Akier Perkaz, Amaia Sorbet, Ane Asin, Aritz Ibañez, Aritz Uriz, Auritz Garzia, Beñat Lopez, Bittori Elizalde, Edurne Turrillas, Eiande Aranburu, Enneko Ganboa, Haizea Ruiz, Hasier Moreno, Ibai Indart, Idoia Egozkue, Iñaki Tristan, Ioseba Morales, Irantzu Irigoien, Itxaso Martinez, Itziar Gonzalez, Jon Benito, Jon Urmeneta, Jone Torres, Joseba Lorenzo, Julen Fagoaga, Leire Leza, Maialen Etaio, Maialen Ziaurriz, Maider Jimenez, Maider Veiga, Maria Izal, Marta Zugasti, Martxelo Sotes, Miguel Angel Goikoetxea, Mikel Tristan, Oier Santamaria, Osel Molinet, Saioa Seminario, Veronica Ferreira eta Xabier Garin.

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2020-06
Argazkia: Ander Luquin

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.