Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2018

Dokumentuaren akzioak

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2018

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2018

Argazkia: Pablo Lasaosa

Asteburu betea izan da 2018ko Sanfermin txikikoa. Larunbatean Tarragonako Santa Teklaren omenezko festetan dantzatzen aritu gara. Gauez egin dugu bueltako bidaia, nahi baino atseden gutxiago hartuz, baina goizeko 9:30etan denak ginen Duguna-zelaiko plazan txintxo-txintxo, egunari hasmenta emateko prest..

Aurtengoa istriputxoen edizioa izan da. Janzten ari ginen bitartean Martxelok zauria egin du oin-zolan kristal errari batekin. Espartina lotzeko soka ezezik, alpargataren zola ere gorriz tintatu zaio zortaka-xortaka. Talde osoa jantzi garenean, corazonisten aitzineko plazara hurbildu gara ohiko argazkia hartzera baina azken gaupaseroak oraindik han ziren iji, aja eta ujujuka, eta zolua bordel bat eginda. Ezpata hartu baino lehenago, erratza hartu dugu.

Ezpata-dantza_2018-01
Argazkia: Pablo Lasaosa

Ezpata-dantza_2018-02

Talde argazkia eginda, Arrotxapearuntz abiatu gara maldan beheiti. Han lagun asko zain eta solasalditxorako tartea, baina berehala gure tokia hartu behar izan dugu, tenorea heldu baita! 

11:30etan ttanko, Sanzerningo kanpai-hotsarekin bat, atera da Joseba Lorenzo Arrotxapeko zubi erdira. Iruñeko bandera xuxurlarazi du goxoki, zubiaren alde banatan pilatutako jende saldoaren ixiltasuna etenez. Ondotik, oihal berdearen azpitik pasarazi ditu dantzari guztiak. Prest gara Iruñera igotzeko!

Ezpata-dantza2018_03
Joseba Lorenzo bandera-dantzarazten. Argazkia: Pablo Lasaosa

Ezpata-dantza2018_04

Arga ondoko erripa ospelean gora ♪♫ heldu gara Sanferminen hornazina parera. Han Leire Leza, Julen Fagoaga, Hasier Moreno eta Ainara Ranera ezpata-txikiek eman dute belauntxingoa, lehiatik bai, baina besarkadetik ere baduena. 

Ezpata-dantza2018_05
Argazkia: Iñaki Zugasti

Ezpata-dantza2018_06
Argazkia: Pablo Lasaosa

Gose eta egarri, Aldapako kaperaruntz azkartu dugu urratsa. Han moskatela eta piper-opilak ditugu zain. Txistulariek ere eskertu dute pausa. Beti dantzarien zapasaltoaren gibeletik, haien lana goraipatu nahi izan dugu honako aldian, fokoaren erdigunera ekarriz, beste ttunttunerorik gonbidatu gabe. Oso gustura dantzatzen dugu gure txistularien doinura eta oso harro gaude haietaz! 😘

Ezpata-dantza2018_07
Txistu power! Argazkia: Pablo Lasaosa

Inhar Torres zerbitzariak eskaintza egin dio Sanferminen irudiari, babestuko gaituelakoan edo. Ezpata-txikiek ere dantzatu diote belauntxingoa. Baina ez digu askorik balio izan, ezta hurrik eman ere! Goraxeago aipatu dugu istriputxoen ezpata-dantza izan dela aldi honetakoa. Mañueta karrikako ezpata gurutze batean gertatu da karanbola berria: ezpata bat beste dantzari baten alkandoraren maukan trabatu da. Ezpataren jabeak tira egin du ezpata aska dadin, baina indarraren indarrez ez du mugimendua kontrolatzerik izan eta ezpata-ukaldia jaso du sudurrean handik pasatzen zen Osel boboa. Berriz ere odol xirripa, oraingoan Oselen  sudurrean beheiti. Mañuetako txurrerian artatu dute —tirita batekin, lasai eta ziztuan bat egin du taldearekin berriz.

Ezpata-dantza2018_08
Argazkia: Eduardo Santos

Hortik aurrera, ohikotik kanpoko deus (gutxi). Prozesioa amaitu eta udal plazara abiatu gara. Han ere jende saldo ederra ezpata-dantza ikusteko. Denda bateko alarma joka hasi da eta ez digu txorien txorrotxiorik entzuterik utzi. Ezpata-txikiak fin aritu dira, esan beharrik ez da. Gure egoitzarako bidea hartu dugu udal plaza gibelean utzita. Mañueta karrikako bihurgunean 'Bidadorren zubia' eginarazi digu buruzagiak, ezpata korapilo bikaina sorraraziz, beste behin ere. Desertoreak taldera biltzearekin igo dugu azken aldapa, lagunen txalo artean. Zer ederra!

Inhar-ek eta Aritz Ibañezek zerbitzariaren eta buruzagiaren arteko belauntxingoa dantzatu dute eta soka-dantzarekin eman diogu akabera gure erritual maiteari. Irudi eder mordoa utzi dizkigu egunak eta erabaki dugu kronologia alde batera utzita, horietarik berezienak erakustea jarraian:

Ezpata-dantza2018_09
Argazkiak: Pablo Lasaosa

Ezpata-dantza2018_10

Ezpata-dantza2018_11

Ezpata-dantza2018_12

Ezpata-dantza2018_14

 Ezpata-dantza2018_15

Ezpata-dantza2018_16

 Indarrak xahutu dituzte dantzarietako batzuek asteburuan, ederki irabazi dute ba, bazkaria. Horren ondotik, aktaren irakurketa egin du Julen Fagoagak eta 10 urtez ezpata-dantzan parte hartu izan duten txistulari eta dantzariei domina zilarrezko domina berezia eman diegu, okasioak merezi baitu. Beti aitzina! 

Ezpata-dantza2018_17
Ezkerretik eskuinera, goiko lerroan: Miguel Angel Goikoetxea, Hasier Moreno, Joseba Lorenzo, Aritz Ibañez, Akier Perkaz, Aitor Arana, Martxelo Sotes, Iñaki Sagardoi eta Beñat Lopez. Behean: Leire Leza, Ainara Ranera, Julen Fagoaga eta Enneko Ganboa

Tarragonatik ekarritako Chartreuse botila hustu dugu, topaka eta gero bakoitzak uste izan duenerarte luzatu du ospakizuna.

Hurrengo urtean berriz...

  • Pablo Lasaosa eta Iñaki Zugastik hartutako argazki sorta ederra, hementxe ikusgai:

 

2018-09-23 Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza

 

 

 

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.