Dokumentuaren akzioak
Lagun arteko soka-dantzan II. Oñatz eta Baztandarrak
Aurreko asteko emanaldiak utzitako zapore gozoa oraindik ahoan, Dantzara Plazara izenburupean lotu ditugun saioetako bigarrena egin dugu azaroaren 13arekin. Beste behin ere, luxuzko bi gonbidatu: Oñatiko Oñatz dantza taldea eta Baztandarrak dantza taldea!
Guk dakigula —eta hankarik ez sartzeko, haiei galdetuta, badazpada— lehenbiziko emanaldia izan dute Oñatiko dantzari famatuek Iruñean. Oñatiko Korpus dantzak dira Oñatz taldearen nortasun agiria. Dantza ikusgarri, harrigarri eta ederrak, Gipuzkoako eta Bizkaiko dantza tradizioak geografikoki ezezik, koreografikoki ere uste baino gertuago dauden erakusgarri. Haien dantzetako hainbat ale erakutsi dizkigute: San Migel, Banakoa, Launakoa, Zortzikoa eta Arku-dantza. Baina nork asmatu ote zituen koreografia eta urrats biribil horiek? Haiendako Iruñean dantzatzea berezia zela aipatua zuten bezperetan sare sozialetan. Guretako bereziagoa izan da oraindik oñatiarrak Iruñean dantzan ikusteko aukera. Horren zorrotz eta garbi ari baitira dantzan. Eredu bat!
Baztandarrak dantza taldearen txanda izan da ondotik. Zapelekin Burguen plazara bildutako ikusleak agurtuz hasi dute saioa: Aunitz urtez!! bertze hainbertzez!! Haien aurkezpenean adierazi digute, beste dantza talde eredu batzuetatik urrunduta, haien taldeko kideak hainbat adinetako herritar dantzariak direla. Eta nola gozatu dugun haien zintzotasun hori plaza gainean ere. Alegia, askotan gauzak orduan eta sinpleago, orduan eta ederragoak direla eta alde horretatik, lezioa izaten da beti Baztandarrak dantzan ikustea. Hasteko mutil-dantza pare bat eman dituzte: Muxikoak eta Xoxua so (edo Biligarroiane zaharra). Delikatessen parea. Zortzikoarekin plaza utzi eta hainbat jostaketa dantzekin plaza irriz jarri dute, baita ikusleak dantzara gonbidatu ere: Eskalapoin-dantza, Zurrume-dantza, Esku-dantza eta Itses-dantza eman dituzte hurrenez-hurren.
Azaroaren 6ko eta 13ko emanaldietan lan gaitza jarri digute gure gonbidatuek, haien erakusladien ondotik plazara atera eta maila berdintzeko. Saiatu gara hala ere! Bigarrengoz soka-dantzarekin atera gara jende aurrera, oñatiar eta baztandarrak dantzan eskertzeko. Sokako kideetan, ezinbestean aldaketatxo batzuk eginda belauntxingoa dantzatu dute aurresku eta atzeskuak, axeri-dantzan nork bere urrats kuttuna erakutsi du eta esan bezala, lagunak gonbidatu ditugu dantzara. Belauntxingo berri batez, denak ohoratu eta, fandango eta arin-arinarekin espazioa okupatuz, bilibilketa alaiean utzi dugu plaza, ondoko dantzatzeko aukera izanen dugun arte.
Plaza gaineko dantzaldian bezainbesteko gozatua hartu dugu gero, arratsaldean, Duguna-zelain egin dugun mutil-dantza saio inprobisatuan.
Mila mila esker, oñatiar eta baztandarrei. Nahi duzuen arte!
- Luis Ardanazen, Malkovich-ek eta Aritz Ibañez-ek harrapatutako irudi galeria ederra, hementxe ikusgai:
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Aurtzaka dantza taldea on Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
- Kezka dantza taldea on Aurtengo San Juan bezperako soka-dantza, Kezkari esker onez
- Aritz Ibañez Lusarreta on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Oier Araolaza on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Kezka dantza taldea on Aspaldiko partez, Maulen!
- Aritz Ibañez Lusarreta on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Dantzan on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Aritz Ibañez Lusarreta on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Kezka dantza taldea on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Patxi Montero on Eta trokeo dantzak plazaratu genituen! 2017/09/05