Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Iruñeko Orfeoiak ohorezko bazkide izendatu gaitu

Dokumentuaren akzioak

Iruñeko Orfeoiak ohorezko bazkide izendatu gaitu

Iruñeko Orfeoiak ohorezko bazkide izendatu gaitu

Argazkia: Iruñeko Orfeoia

Gure taldearen 75. urteurren honetan, opari eder eta berezi asko jasotzen ari gara. Horien artean eder eta berezienetakoa, Iruñeko Orfeoiak uztailaren 1ean egin diguna, bere elkarteko ohorezko bazkide izendatuz. Ohore handi bat da guretako. 

Sanferminetarako atzera kontu betean, ekitaldi soil bezain ederra antolatu du Orfeoiak bere astelehenetako ohiko errepikaren ondotik. Hasteko, Alberto Ilarregi presidenteak hitzartze labur bat egin du, bai Orfeoiak eta bai Dugunak partekatzen ditugun ezaugarriak aletuz: Hiriarekiko bion atxikimendua, talde amateurrak izan arren, bikaintasunaren bilaketa, eta gizarteari eskaintzen dizkiogun balio onuragarriak. Duguna ohorezko bazkide izendatzeko batzar agiria irakurri ondoren, Orfeoiaren ohorezko intsignia eman digute eta Agur Jaunak ederra eskaini digute. Harrigarria izan da halako kantari bikainak ondo ondotik entzun ahal izatea!

Gure aldetik azpimarratu nahi izan dugu, Orfeoiaren egoitzan egin diguten harrera, amaren etxera itzultzea bezala izan dela. Izan ere, 1949an Iruñeko Udalak gure dantza taldea sortzea deliberatu zuenean, Orfeoiari agindu zion dantza taldearen ardura hartu zezan. Hartara, Orfeoian kantari ziren hainbat lagun —Patxi Arraras, Federe Azkona, Sagrario Aranburu, Txelo Uriz, Javier Uriz, Eduardo Escobar...— dantza taldeko kide ere izatera pasa ziren aitzineko urte haietan.

Gerora ere, erakunde bien biografiak korapilatu izan dira sarri. 1992an Sevillako Exporako Valentin Redin-ek atondutako 'Ama Lur' ikuskizunean, 1996an Iruñeko Yamagutxi parkearen inaugurazio ekitaldian, edo 2015ean, Orfeoiaren beraren 150. urteurreneko ospakizunetan. Gure 75. urteurreneko ospakizunak ere Orfeoiari gorazarre eginez abiatu genituen, horren garrantzitsua izan baita gure taldearen ibilbidean.

Igor Ijurra Orfeoiko zuzendariak esana zigun, Orfeoiko kide batzuek ere dantzan bazekitela eta guri agurra dantzatzeko tentaturik egon zirela, baina bukaeran ez zirela ausartu. Eskerrak! Bestela guk kantan eskertu beharko baikenien egindako ohore handia, eta ez litzateke oso itxuroso geratuko kontua. Aritz Ibañezek dantzatutako agurrarekin itxi dugu gure parte hartzea.

Orfeoiko kideek Riau-Riaua kantatu dute ekitaldia bukatzeko eta sanfermin gogoak handiak baitira, eta halako bertsio ederrarekin, nola dantzatzeko tentaldiari eutsi?

Mila esker, bihotzez, Iruñeko Orfeoiari!

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.