Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Hau bai harrobia eta ez Osasunarena!

Dokumentuaren akzioak

Hau bai harrobia eta ez Osasunarena!

Osasuna gora eta Osasuna behera ibili gara azken egunotan Iruñean, baina bada besterik hiri buruzagian. Futbolak txiripaz zipriztindu ez bagintuen ere, aspaldian antolatu nahian genbiltzan Iruñeko dantzarion eguna egin ahal izan genuen igandean, ekainak 19. Helburua errexa: gure taldean dantzan ari garen dantzari guztiak emanaldi berean elkartzea -8 urtekoetatik 37 urtetakoetara-, taldetxoka dantza bana eman eta egungo Duguna-ren argazki moduko bat hartzea.

Urtean zehar hainbat emanaldi izaten dituzte txikiek. Ez da beti errexa -emanaldien formaren arabera- arropa egokienekin edo legokieken musikarekin dantzatzea. Emanaldi hau, beraz, horretarako aitzaki ere hartu genuen, ildo egoki bat markatzeko eta txikienendako ere motibazio berezia izanen zelakoan.

Hartara, dantzari gaztetxoenek abiatu zuten emanaldia. Jean Michel Guilcher ikertzaile frantziarrak Biarnon, Baigts de Bearn herrian bildutako fricassee dantza egin zuten, xirulen eta soinu-txikiaren doinura. Han aritu ziren kolpeka, sudur-belarrietatik tiraka, tiroka, azkenean elkarri muxu emateko. Zeinen mununuak!

Maila bat goraxeagoko ikasleen txanda heldu zen ondotik. Hauek Baztango irri-dantza edo jostaketa-dantza pare bat eman zituzten. Hasteko, bihurrikeritan aritu ziren isets-dantzan. Ondotik, lehen taldekoekin batera, esku-dantza eman zuten.

Gure txikien ohiko errepertorioaz gain, sorpresaren bat ere izan genuen emanaldian. Hirugarren mailako taldeak soka-dantza berezi bat landu du ikasturtean zehar. Dantzari txikiendako soka-dantza bat, noizbait Iruñeko jaien egutegiko txokoren batean txertatzeko xedearekin jaio dena. Han atera ziren dotore-dotore, sokan, zubia han, zortzikoa hemen... dantzari bakoitzak gonbidatu bana hautatu zuen -ama, aita, anai-arreba...- eta zerbitzariek sokara gonbidatu zituzten halako batean. Belauntxingoa dantzatu eta ondotik, fandangoa eta arin-arina egin zuten guztiek elkarrekin.

Ikasle koxkorxeenen txanda heldu zen ondotik. Cortes-eko paloteadoko dantzak dantzatu zituzten taldeko gaitarien erritmora: Kortesiak, baltsa, zinta-dantza eta jota. Ordurako taldeko helduak larritzen hasiak ziren: "aizue, ongi dantzatu beharko dugu, txiki hauek maila oso goian jartzen ari baitira..."

Txikien taldeko azken urtean dauden gaztetxoek Gipuzkoako dantza sorta bat eman zuten ondotik: Makil-handiena, Brokel-makilena eta Uztai-txikiena. Buruzagiak txandakatuz, 8ko eta 12ko taldeak tartekatuz, nagusien taldera pasatzeko tenorean daudela erakutsi zuten.

Esan bezala, dantza-eskolako ikasleen maila berdintzeko kezkarekin urduri atera ziren plazara dantzari helduak. Luzaideko inauterietako zenbait dantza eman zituzten: Bolant-dantza, Antrexatak, Euskaldunak eta Sorginak, martxa, Gau-Ainarak jauzia eta lehen 3 kontra-dantzak, dantza-luzearekin batera. Haize zakarrak lana zaildu bazien ere, txikien mailari eutsi ziotela esan dezakegu.

Guztiok batera dantzatutako "Muxikoak" jauziarekin eman genuen bukatutzat, zalantzarik gabe errepikatuko dugun emanaldi ederra!

Hona hemen, dantzari talde eta musikari guztien argazkiak:

Eta talde osoarena:

Aitor Razkinek hartu zituen argazki guztiak, berriz, hemen:

Iruñeko dantzarion eguna 2016-06-19

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.