Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Eta Mattin hartza bere hartzuloan sartu zen...

Dokumentuaren akzioak

Eta Mattin hartza bere hartzuloan sartu zen...

Eta Mattin hartza bere hartzuloan sartu zen...

Argazkia: Iñaki Zugasti

Sanmartin egunarekin —azaroak 11 sartzen omen da hartza kobazuloan negua iragarriz. Otsailaren 2an —Kandelaria egunez— berriz esnatu eta negua luzatuko ote den iragartzen du. Sanmartin egunaren bueltan ateratzen dute kalera Maritzuliko dantzariek haien ezpata-dantza, eta nola ez, hartza izaten dute lagun (Mattin deituko diogu hemen). Aurten, egiazki kobazuloan sartzeko gogoa ematen zuen eguraldia ekarri zuen azaroaren 12ak.

Ongi jakin badakigu, gu ere han izan baikinen! Biarritzera ordezkaritza majo bat bidali genuen dantzara eta elementuen aurka borrokatzera. Izan ere, Maritzuliko jende nobleak gonbidapena luzatu, guk onartu eta ezpata-txiki lanak egitera heldu ziren Leire Leza, Izaskun Arriaran, Mikel Tristan eta Aritz Ibañez. Gure txikien saldo bat ere bidali genuen, 2015ean dantzatu ahal izan ez zuten arku-dantza dantzatzera. Haien buru Julen Fagoaga eta Ione Torres. Eta Ainara Ranera ezpata-dantzari.

Sanmartin ezpata-dantza 2017 - 02
Argazkia: Iñaki Zugasti

Aterako, ez aterako, azkenean baietz! Xirimiriari aurre eginen geniola espartinen kaltetan balitz ere. Gare du Midiko aitzineko lorategiko kioskoan koplak kantatu eta matxa bizian abiatu ginen merkatuaren plazara, abiaduraren poderioz ezpartzuak ura xugartuko ez zuen esperantza inuxentearekin. Han, ezpata-txikiek eta tropa bakoitzeko buruzagiek Lakartarrak eta Ahuntxa dantzatu zuten, istiletan plisti-plaust.

Sanmartin ezpata-dantza 2017 - 03
Argazkia: Iñaki Zugasti

Ez zen giro: euria, haizea, hotza eta haize gehiago... baina behin karrikara aterata ez ginen berehala kikilduko! Bellevue plazara heldu eta Itsasoari begira, eraikinen babesik gabe, oraindik ere zorrotzago zen ipar haizearen ahoa. -Hemen dantzatuko duzue eta erretreta! Jon eta Claudek! Ados! Taldeko txikiek azken asteetan mimo handiz prestatutako arku-dantza eman zuten ederki-demonio! Ondotik, arkuekin arrosa eraiki eta gainera igo zen Alaia Martinez-Estibariz. Ezpata-txikiek inguruan dantzatu zuten Xibandiarrak. 

Sanmartin ezpata-dantza 2017 - 04
Argazkia: Iñaki Zugasti

Sanmartin ezpata-dantza 2017 - 05
Argazkia: Iñaki Zugasti

Sanmartin ezpata-dantza 2017 - 06
Argazkia: Iñaki Zugasti

Gare du Midira itzuli eta atean zubia osatu zuten ezpata-dantzariek, hartzulorako sarrera. Eta horren aitzinean Lakartarrak eta Ahuntxa dantzatu zuten berriz Jon buruzagiak eta Mattin hartzak. Ondotik, hartza bere xokora sartu zen. Otsailerarte? Ez!

Sanmartin ezpata-dantza 2017 - 07
Argazkia: Iñaki Zugasti

Txirrintari ezin itzulia emanda, Plaza-berri pilotaleku ederrera buruz abiatu ginen. Postala neo-euskalduna zirudien hura, Tillac-en koadro batetik ateratakoa: Murruen berdea, egurrezko balkoien marroia eta dantzarien arropen kolore biziak. Han bandera dantzatu eta ezpata-dantza osoa dantzatzea izan genuen, idor-idor, lagun eta senideen aitzinean. Guretako kasik! Ondotik bai, hartza bubarat erretiratu zen.

Sanmartin ezpata-dantza 2017 - 08
Argazkia: Iñaki Zugasti
 

Sanmartin ezpata-dantza 2017 - 09
Argazkia: Iñaki Zugasti

Bazkari eder batekin epeldu eta akta-liburuko hitz goxoak deserta gisa gozatu ondotik, amaiera eman genion egun zakar bezain goxoari.

Mila esker Maritzuliko lagunei beste behin gonbidaturik eta nahi duzuen arte!!!

Sanmartin ezpata-dantza 2017 - 10
Dugunako dantzari guztiak elkarrekin, dantzaren ondotik. Argazkia: Iñaki Zugasti

  • Iñaki Zugastik hartutako argazki guztiak hemen ikusgai:

2017-11-11 San Martinen ezpata-dantza Miarritzen

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.