Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Eskuetatik helduta ospatu genuen 3 burguen batasuna

Dokumentuaren akzioak

Eskuetatik helduta ospatu genuen 3 burguen batasuna

Joandako ostegunean, irailaren 8arekin, ospatu genuen Iruñean hiriko 3 burgu zaharren batasunaren 593. urteurrena. Aldi honetarako soka-dantza berri baten sorkuntza adostu genuen udalarekin eta abuztuan prestaketa lanetan aritu ginen: zaldikoak txukundu, musikariak bilatu, doinuak hautatu, urratsak prestatu eta findu... xehetasun guztiak, ostegunerako dena prest izan zedin.

Udal plazako dantzaldia baino lehen, segizioa egin zuen udal korporazioak alde zaharrean zehar, bere erraldoi, gaitari, txistulari eta dantzarion laguntzaz. Katedralean Carlos III. erregeari lore eskaintza egin zioten eta gero 3 burgu zaharretako karrikak kurritu zituzten oinez. Segizioa amaitzean, korporazio jantziak ziztu batean aldatu eta 4 minututan dantzarako prest ginen.

Batasunaren pribilegioa. Soka-dantza1

Batasunaren pribilegioaren agirian xirolarrua jotzen duen zaldiko bat ageri da eta hori hezur-haragitu nahi izan genuen lehenbizi. Horretarako, Ander Barrenetxea eta Joaquín Cebamanos-en laguntza izan genuen. Zaldikoa jantzita, xirolarrua eta tarotari putz eginez abiatu zen soka. Zinegotzi jaun-andereak agurtu eta zubiak egin ondotik, puntu erdian kokatu ziren dantzariak plaza atonduan, aurresku eta atzeskuak belauntxingoa dantza zezaten.

Batasunaren pribilegioa. Soka-dantza2

Batasunaren pribilegioa. Soka-dantza3

Aritz Ibañez-i egokitu zitzaizkion aurresku lanak eta Amaia Irigoien-i atzeskuarenak. Belauntxingoa amaituta, sokako dantzari guztien txanda heldu zen. Aurresku eta atzeskuak Nafarroako dantza-preklasikoak deitu ditugunen urrats aleekin osatu zituzten beren zortzikoak. Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantzan baliatzen ditugun zenbait urrats ere txertatu genituen, bi dantzak senidetzeko borondatez. Momentuka soka osoko dantzariek ere astindu zituzten gona xuri eta zintzarriak. Dena korporazioaren begirada zorrotzaren aitzinean.

Batasunaren pribilegioa. Soka-dantza4

Batasunaren pribilegioa. Soka-dantza5

Batasunaren pribilegioa. Soka-dantza6

Ondotik, fandangoa eta arin-arina. Asmoa ikusle zeuden lagunak dantzara gonbidatzea zen, baina alajinkua! Dantzarako plaza horren dotore, hesiz gotortzeak izan behar zuen alde txarrik, eta ezin ikusleak plazara sartu! Beraz erraldoien konpartsako 3-4 lagun animatuarazi genituen dantzara. Heldu den urtean ikusleak ez dira libratuko, ezta zinegotzi jaun-andreak ere!

Batasunaren pribilegioa. Soka-dantza7

Batasunaren pribilegioa. Soka-dantza8

Kalejiran utzi genuen plaza, heldu den urtean soka-dantza errepikatzeko borondate osoarekin.

Hementxe emanaldiko beste hainbat argazki Itziar Gonzalez-ek eta irene abregok hartutakoak:

2016-09-08 Batasunaren Pribilegioa

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.