Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Eibarko Untzagan, Iruñeko udal plazan nola

Dokumentuaren akzioak

Eibarko Untzagan, Iruñeko udal plazan nola

Eibarko Untzagan, Iruñeko udal plazan nola

Argazkia: Iñaki Zugasti

Aspaldikoa dugu Kezka dantza taldearekiko harremana. Askotan nora jo jakiteko, Eibar aldera zuzendu dugu begirada eta han kausitu dugu erantzuna hainbatetan. Horregatik beti joaten gara plazer handiz bertara dantzara eta joandako maiatzaren 12an ere hala izan da. Euskal Jaia 2 astez aurreratu dute eta Ezpalak jaialdiaren ordez, Kezka eta Dugunaren arteko emanaldia proposatu digute egun horretarako. Gure trokeo-dantzak oraindik ere Eibarren erakutsi gabeak genituenez gero, hori izan da hautatu dugun errepertorioa. 

Hasteko kalejira programatu digute eta hortaz, bitan banatu da gure musikari saldoa: gaiteroak trokeo-dantzariekin eta fanfarrea Kezkako dantzariekin.

Eibar2019-01
Argazkia: Iñaki Zugasti

Berotzen joateko karrika-dantza eman dute dantzariek bizpahirutan Urkizutik Untzagarako bidean eta beste behin Untzaga plazara sartzean. Etxekoak garela esan digu Enrikek mikrofonotik eta gu ere etxeko sentitu gara enparantzara sartzean, Iruñeko udal plazan dantzan ariko bagina bezala —aldapa eta guzti—. 

Aurkezpenen ondotik, Kezkako lagunek zabaldu dute emanaldia kontra-dantza saldo eder batekin, Argia dantzari taldearen omenetan: Marian Arregi eta Juan Antonio Urbeltzek apailatutako kadrilea lehenbizi, ondotik Axeri-boda ikuskizunean Axeri-beltzek dantzatzen zuten beste kontra-dantza eta bukatzeko "Kaleko Argia" izendatutakoa. Gure taldeko musikariek jarri diete konpasa Eibarko dantzariei.

Eibar2019-02
Kezkako lagunak kontra-dantzari. Argazkia: Iñaki Zugasti

Argazkia: Iñaki Zugasti

kezkako lagunen ordu-laurden inguruko saioaren ondotik gure dantzarien txanda heldu da. Julen Leuza eta Beñat Lopez gaitei puzka eta Shanti Diaz danborrari eraginez hasi eta abiatu dira dantzariak. 

Eibar2019-04
Argazkia: Iñaki Zugasti

Eibar2019-04
Argazkia: Iñaki Zugasti

Plazaren erdira-edo heldu, koda eman eta makil-txikiak astintzeko gogoa heldu zaigu, hasteko. Hatsa berreskuratzeko segundu batzuk hartu, gaiteroei seinalea eman eta Betroiarenaren doinura eman dugu makil-dantza.

Eibar2019-05
Argazkia: Txebi Arriaga

Eibar2019-06
Argazkia: Iñaki Zugasti

Eibar2019-07
Argazkia: Txebi Arriaga

Makil txikiak utzi eta zintak hartu ditugu ondotik. Aski kaka-nahaste ez bagenuen orain arte, dantzaren garapena zaindu ordez —dantzariek guztiz barneratuak dituzte egin beharreko aldairak—, dantzan parte hartzea erabaki du boboak, tarteka berak ere zinten txirikorda zeharkatuz eta dantzariak zirikatuz. Onik atera gara esperimentutik eta zinta-dantza lotu eta askatzea lortu dugu.

Eibar2019-08
Argazkia: Txebi Arriaga

Eibar2019-09
Argazkia: Iñaki Zugasti

Hasierako dantzariei atsedena eman eta indar-berrituta hartu du plaza, makil-luzeak eskuan, bigarren dantzari saldoak. Iruñeko ferietan dantzatzen hasi eta konturatu gara —konturatuak ginen honezkero— Eibarko plazak baduela malda bikoitz bat eta gutxigatik ez dugu makil-luzeen dantza Elgoibarren amaitu!!

Eibar2019-08
Argazkia: Iñaki Zugasti

Eibar2019-10
Argazkia: Txebi Arriaga

Baina berriz ere plazaren erdia hartu dugu, disimuloan, brokel-dantza egiteko. Txintxinka eta txunda-txundaka lagundu ditugu "Ama-begira zazu"ren gaita hotsak eta plazerra hartu dugu brokel kolpe bakoitzean.

Eibar2019-11
Argazkia: Iñaki Zugasti

Eibar2019-13
Argazkia: Txebi Arriaga

Eibar2019-12
Argazkia: Txebi Arriaga

Arnasaldi berri baten ondotik, azken aldaketa bat egin diogu zortzikoteari eta azken pieza emateko gerturatu gara: arku-dantza. Hau ere azkenaldian pixka bat tuneatua, gusturago dantzatzen dugu guk orain eta agian hori ikusleari ere helduko zaio? Jauzika, kiribilka, itzulika... ibili ondotik, korapiloa askatu dugu eta horrela eman diogu amaiera goizeko emanaldiari, Iruñeko udal plazan dantzatu izan bagenu bezain etxean.

Eibar2019-12
Argazkia: Iñaki Zugasti

Eibar2019-14
Argazkia: Iñaki Zugasti

Eibar2019-15
Argazkia: Txebi Arriaga

Eibar2019-16
Argazkia: Iñaki Zugasti

Goizeko saioa bukatuta, izan dugu kalakarako tartea, aperitifa hartzekoa eta ondotik, goxoki bazkaltzekoa. Baina ez dugu gure jarduna oraindik bukatu. Arratsaldeko dantzaldia, Kezka dantza taldeko Josu Garatek gidatu du, baina gure musikariek jarri diote doinua, ia bi orduz. Eguzkipeko epelean, jauziak, jotak, arin-arinak eta agarrauak dantzatzeko aukera izan dugu, tarteka itzala ere bilatu dugularik. 

Eibar2019-17
Argazkia: Aritz Ibañez

Eibar2019-18
Argazkia: Aritz Ibañez

Egun osoko nekea pilatuta baina arima beterik hartu dugu Iruñerako busa. Egun konpletoa izan da. Halako harrera goxoagatik, mila esker Kezkako lagunok!

Iñaki Zugastik hartutako argazki ederren sorta, hementxe.

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.