Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Auritzen, aspaldiko partez!

Dokumentuaren akzioak

Auritzen, aspaldiko partez!

Auritzeko Garaitzeko Asi elkartekoen deia jaso genuen duela zenbait hilabete haien herrian emanaldia egiteko eta zirrara berezia eragin zigun gonbidapenak. Izan ere, 2005ean Auritzen izan ginen bertako ingurutxoa dantzatzen Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean eta ordutik, behin baino gehiagotan izan ginen herrian dantzan hurrengo urte haietan. Harreman berezia sortu genuen auriztarrekin eta beraz, ilusioz abiatu ginen berriz bertan dantzatzera.

Iruñetik Auritzerainoko bideko portuek eragindako zorabioak gainditu eta kultur-etxean harrera egin ziguten. Eszenatokia gure beharretara eta gu eszenatokiaren baldintzetara egokitu eta dena prest utzi genuen emanaldirako.

Auritz 01

Tantaka heldu ziren auriztarrak eta kortesiazko minutu batzu itxoinda emanaldiari ekin genion. Hasteko, gure berezko errepertoriotik dantza pare bat eman genituen, Auritzen azkeneko aldiz egon ginenetik taldeak izan duen garapena erakutsi nahiean: Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza eguneko Bandera-arbola, Joseba Lorenzoren esku(eta)tik, agur gisa, eta segidan, eskuetatik elkarri heldu eta Iruñeko burguen batasunaren egunean plazaratu genuen soka-dantzarekin atera ginen oholtzara, Aritz Ibañez aurresku eta Amaia irigoien atzesku.

Auritz 02

Bien arteko belauntxingoaren ondotik, aurresku eta atzeskuak haien zortzikoak eman zituzten baita sokak osoak bere zortziko partea ere. Fandangoa eta Arin-arina dantzatu ta kalejiran atera ginen oihal artetik.

Auritz 03

Auritz 04

Auritz 05

Auritz 06

Garai batean Baztango Almandoz herritik abiatzen zen oinez Jose Angel Dorremotz txuntxuneroa Auritzeko San Joan festak alaitzera. Ttunttunero zaharra gogoan Baztango zenbait dantza ere eraman genituen Auritzera: Arizkungo Sagar-dantza eman zuten 8 sagar-dantzarik. Segidan Xerri-begi mutil-dantza eta Baztango zortzikoarekin atera ginen oholtza gainetik. Eiande Aranburuk egin zituen Dorremotzen plantak, fin demonio!

Auritz 07




San Migel eguna pasa berria zen eta Iurretako gure maisuen omenetan Dantzari-dantzako zenbait dantza eman genituen ondotik. Zortzikotea plazaratu eta zortzinango, ezpata-joko txikia, banango, makil-jokoa eta txontxongilo dantzatu genituen, bere ordenean.

Auritz 08



Poliki-poliki, harat-hunat, Auritzera hurbiltzen joateko bidea egin genuen. Azken aurreko geltokia beraz, Jaurrietan. 1960.eko hamarkadan Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregi herriz-herri ibili ziren hango eta hemengo dantzak biltzen, ikaragarrizko landa lan aberasgarrian. Bilketa lan horren fruituetako bat izan zen Jaurrietako Axuri-beltza, hain zuzen. Amaia Errazkin arrabita-jole lagunaren laguntzaz eta Eder Garzia, Iñaki Sagardoi, Migel Fagoaga, Aitor Huarte eta Eiande Aranburu gure musikarien doinura, kanta eta dantza egin zute gure 8 neskak, dotore.


Auritz 09

Auritz 10

Auritz 11

Azkenik, Auritzeko ingurutxoarekin eman genion bukaera dantzaldiari. Gero jakin genuenez, ikusleetako batzuk oraindik ikusi gabea zuten haien herriko ingurutxoa.  Eszenara sokan atera eta gero bikoteka aritu ginen ingurutxoari dagokion bezala. Honek bikotea limurtzeko jolasean aritzeko aukera ematen du, dantzari xarma berezia emateko aukera eskainiz. Guretako berezia izan zen 11 urteren buruan, eszena berean, berriz auriztarren dantza aurkeztea. Espero dugu haiendako ere, berdin izanen zela berezia haien dantzaren ikustea.

Auritz 12

Auritz 13

Auritz 14

Auritz 16

Auritz 15

Eskertzekoa, materiala bildu eta antolatu ondoren, indarrak berreskuratzeko auriztarrek prestatu ziguten merendua. Ondotik busa hartu eta Iruñerako bueltari ekin genion, zorabio gutxiagorekin, hurrengo batera arte!

  • Irati Sorbet-ek hartutako argazki sorta osoa ikusgai duzue hemen:

2016-10-15 Auritz

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.