Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Dantzan

Orain arteko ekarpenak

Ezkaroze 2019 bandera-dantza

2019/09/19

Bandera dantzatu dute Ezkarozeko Karmen jaietan. Ezkaroze Zaraitzuko hiriburua da, nahiz eta Otsagabia den biztanle gehien dituena herria. Uztailaren 16tik 20ra ospatzen dituzte herriko jai nagusiak eta festei hasiera emateko suziria bota eta bandera dantzatzen dute. Herritarrek, bailarako arropa tradizionalak soinean dituztela segizioa egiten dute txupinazoa bota ondoren, erraldoien eta dultzaineroen laguntzaz. Jarraian udalerriaren ikur den Ezkarozeko bandera-dantzatzen du Unai Mantxok. Irudietan ikus dezakegu aurtengo jaietako bandera-dantza. Irudiak: Mendixut-aldizkaria. Bandera-dantza, Ezkaroze, 2019-07-16.

Bizirik dirau Pina Basuchen ondareak

2019/09/18

Pina Bausch dantzari eta koroegrafoaren Tanztheater Wuppertal dantza-antzerki konpainiari buruzko dokumentala dugu ikusgai bideo honetan. Pina Bausch (Alemania, 1940) dantza garaikidean aitzindarietako izan zen eta proposamen aurrerakoi eta berritzaileak aurkeztu zituen. Bere dantza-antzerkiaren pisu emozional eta espresionista ondorengo belaunaldientzat inspirazio izan da. Artista entzutetsuaren heriotzaren hamargarren urteurrena gogoan, Anna Linselek Pina Bauschek utzi duen ondarearen eta konpainiaren etorkizunari buruzko gogoetak azaleratzen dituen dokumentala zuzendu du. Nola mantendu daiteke horrelako ondarea bizirik? Nola transmititu daiteke Pinaren lana? Nola txertatuk daitezke ideia berriak? Tanztheater Wuppertal konpainiaren prestaketetako eta ikuskizunetako irudiak jaso dira dokumentalean. Baita, konpainiako egungo zuzendari eta dantzarien edota Pinaren ibilbidea gertutik ezagutu duten kide eta etxekoenak ere. Bizirik dirau Pina Basuchen ondareak, Anna Linsel, 2019.

 

Tutera: soka-dantza 2019

2019/09/17

Tuteran aurkeztu berri duten soka-dantza duzue irudi hauetan. Irailaren 12an plazaratu du Laya dantza taldeak Tuterako soka-dantza. Plaza Zaharrera hogei dantzari atera dira sokan, elkarri besotatik helduta jotaren doinuaz irradakan dantzan. Iñigo Castellano aurreskuak ireki du soka eta Sandra Vaquero atzeskuak itxi. Taldean Erriberako kulturan errotutako dantza berri bat sortzeko nahia agertu zen eta sorkuntza eta prestaketa lanek ekarri dute emaitza. Patxi Laborda eta Iñigo Castellano arduratu dira koreografiez eta Sabin Bikandi musikaz. Beste zenbait soka-dantzen antzeko formatua du, baina aldi berean ezaugarri propioak gehitu nahi izan dizkiote. Erriberako identitatea islatu nahi izan dute jotaren erritmoa eta tutu estuko gaitak, gitarra, mandolina, buzukia, bibolina, xirula, txistua, akordeoia eta danborra  txertatuz dantzan. Honako zatiekin osatu dute dantza:

  • Aurresku
  • Atzesku
  • Aurrez Aurre
  • Zubiak eta Dantzak bikoteei
  • Arin Arin
  • Biribilketa

Tuteran ondare historikoaren inguruan antolatzen diren Desadarve jardunaldien programaren barruan izan da dantzaren lehen emanaldia, baina maiatzean ospatu ohi den Barazkien Festan urtero dantzatzeko asmoz sortu dute dantza. Irudiak: Jesus Marquina. Soka-dantza, Tutera, 2019-09-12.

Dantzari buruzko bigarren monografikoa argitaratu du Ausart aldizkariak

2019/09/17

Dantza ikerketak jasotzen dituen alea kaleratu berri du Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateak argitaratzen duen  Ausart ,   arte   ikerkuntzarako  aldizkariak . Dantza ikerketak eta artikuluak soilik jasotzen dituen  bigarren aldea da plazaratu dutena.  E...

Gehiago irakurri

Hego Koreako soldaduak balleta egiten

2019/09/16

Bota militarrak balleteko zapatilekin ordezkatzen dituzte Hego Koreako soldaduek astean behin. Bideo honetan ikus dezakegu, dantza, Hego Koreako armadako soldaduen entrenamenduen parte dela. Soldaduek balleta egitearen helburuetako bat erlaxazioa da, baina horrez gain tonu muskularra eta malgutasuna hobetzen laguntzen diela diote. Lee Joo-Hyeok Koreako ballet nazionaleko dantzariak gidatzen ditu eremu desmilitarizatuko mugan dauden soldaduen asteroko klaseak. Dantza irakasleak bideoan azaltzen du soldaduak irribarretsuago eta zoriontsuago ikusten dituela dantzako klaseak jasotzen dituzten bitartean. Kim Joo-Hyeok sarjentuak dio balletak lasaitasuna eta oreka topatzen laguntzen diola; lehenengo lerroan aritzeak tentsio eta segurtasun ez handiak baitakartza. Dantzak soldaduen arteko harremanak mejoratzen ere laguntzen diela dio. Irudiak: Ajplus. Hego Koreako soldaduak balleta egiten.

Serxio Cobos: dantzagramak

2019/09/13

Serxio Cobos (Santiago, 1973) dantzari eta ikertzaileak Galiziako dantza tradizionalak paperean jasotzeko sistema grafikoa garatu du. Bere lanaren nondik norakoak azaldu ditu Galiziako Telebistako Zigzag Diario saioan egin dioten elkarrizketa honetan. Horrez gain, dantzan ageri da zenbait momentutan eta urratsekin batera dagokien notazioen irudiak erakusten dituzte pantailan. Cobos 1989tik, landa lanaren bidez, musika eta dantza tradizionalak jasotzen dabil. 2010ean biltzen ari zen dantza horien urratsak paperean idazteko sistema garatzen hasi zen. Kaligramatan oinarritutako metodoa osatu du eta Bailegramas izeneko liburuan bildu du. Dantzak jasotzeko notazio sistemak dokumentazio bidez dantzak gordetzeko helburuarekin egin izan dira; Cobosen proposamena Galiziako dantzak jasotzeko sistema aitzindaria da. Bailegrama sistemak Galiziako dantzen mugimenduak, koreografiak eta urratsak aztertzeko aukera ematen du, horiek hobeto ulertzekoa. Irudiak: TVG, Zigzag Diario. Bailegramas - dantzagramak 2019-01-07.

Lantzeko zortzikoa Le Grand Bal d'Europen

2019/09/12

Lantzeko zortzikoa dantzatzen ari da jendetza Frantziako Gennetines herrian jasotako irudi hauetan. Munduko dantzaldien ama edo Le Grand Bal d´Europe dantza jaialdia ospatzen dute urtero Gennetines herritxoan. Dantzatzea gustatzen zaionarentzat paradisua izan daiteke dantza jaialdi hori. Musika eta dantza hogeita lau orduz bi astean zehar. Zelai batean karpa batzuk muntatu eta gau eta egun dantzaz eta musikaz gozatzeko aukera izaten da, Europa osoko dantzari eta musikarien topaleku bihurtzen da. Aurten uztailaren 19tik abuztuaren 2ra izan da jaialdia eta bertaratu den dantzazale batek honako irudiak sareratu ditu. Atzeko oholtzatik Lantzeko inauterietan dantzatzen den zortzikoaren doinua entzun daiteke. Eszenatoki osoa musikariz beteta dago eta zortzikoaren doinuari dantzan jarraitzen ari dira ehundik gora dantzazale. Irudiak: Jean-Cyrille Lorthios. Lantzeko zortzikoa Gennetinesen, Le Grand Bal d´Europe, 2019.

Otsagabia 2019 ingurutxoa

2019/09/11

Otsagabian ingurutxoa dantzatu dute. Pasa den abuztuaren 31n Orhipean jaialdia ospatu dute Otsagabiko herritarrek. Jai honetan ehun urte atzera egin eta XX. mende hasierako lanbide edota ohiturak irudikatzen dituzte. Otsagabiko herritarrak orduko bizimoduan murgiltzen dira egun osoan zehar. Goizean ofizio zaharrak, eskolako unea edota ezkila jotzea antzeztu dituzte eta arratsaldean festari eta dantzari egin diote tartea. Blankoa plazan, irudietan duzuen ingurutxoa aurkeztu dute. Hamabi bikote atera dira plazara dantzara. Otsagabiko ttun-ttunean oinarrituta osatu dute dantza Patxi Villanuevaren musikarekin. Ingurutxoaren estreinaldiaren ondoren Otsagabiko eta Atharratzeko dantzariek makila-dantzak eman dituzte eta azkenik, dantzaldiarekin agurtu dute aurtengo Orhipean jaialdia. Irudiak: Itziar Otamendi. Ingurutxoa, Otsagabia, 2019-08-31.

Dantza garaikidea herritarrengana hurbilduko da Dantza Hirian jaialdian

2019/09/11

Amaiur Luluagak eta Ziomara Hormaetxeak beren azken lanak estreinatuko dituzte Dantza Hirian jaialdian. Horiekin batera beste hamahiru  dantza-konpainien lanak izango ditugu ikusgai irailaren 13tik 29ra Dantza Hirian jaialdian. Irun, Hendaia, Errenteria, Donostia, Pasaia, Baiona eta Hondarribia...

Gehiago irakurri

Malandain Ballet Biarritz: Asteroidea

2019/09/10

Ballet Biarritzeko dantzariak Biarritzeko hondartzan dantzan ikus ditzakegu irudi hauetan. Ozeanoaren mundu mailako eguna ospatzeko asmoz, Asteroidea performance artistikoa aurkeztu du Ballet Biarritzek, Surfrider Foundation Europe ONGarekin eta Sam Dougados artista plastikoa elkarlanean. Dantza eta surfa oinarri hartuta ozeanoaren zaintzaren aldeko aldarria egin dute hondar eta ur gainean eskainitako lanean. Martin Harriague dantzari eta koreografoaren Sirenas lana du aurrekari ikuskizunak. Harriaguek Biarritzen 2016an lehen aldiz antolatu zen koreografo klasiko eta neoklasikoen lehiaketako irabazlea da. Testuinguru horretan sortu zuen Sirenas obra. Horrela, Biarritz Balletean artista egoliar gisa aritzeko aukeratua izan zen. Harriague Baionan jaioa da eta itsasoarekin oso harreman estua izan du ume-umetatik. Kondairetako uhandre ezaugarriak hartuta, dantzarien bidez itsasoaz hitz egin nahi du koreografia honen bidez. Asteroidea ikuskizunean ere, dantzariek sirenen forma hartzen dute; sirenak hondar gainean dantzan ageri zaizkigu bideo honetan. Irudiak: Malandain Ballet Biarritz. Asteroidea, Ballet Biarritz, 2019-06-08.

Orain arteko erantzunak

Dantzan on Zein da Madonnak Eurovisionen eskaini zuen euskal kanta?

2019/05/22

Halaxe da bai, Patxi eta Aitor, "Oihaneko Zuhainetan" da Madonnaren abesbatzeko monjeek hitzik gabe ematen duten kantaren doinua. Hemen hitzak, Jean Mixel Bedaxagarrek kantatu ohi dituen eran:

Oihaneko zuhainetan eder zuhainik gorena
Europako popülietan famatürik üskaldüna
Hura da zaharrena Kantabriaren semia
Lorius bere lurretan beti libre egon dena.

Leheneko üskaldüneri fama zaio baratü
Fidel zela herriari eta legetan argitü
Hura izan da gerlari, üsü odolak ixüri
Fidelitatian etxeki eta legia hareki.

Haritx piala bildürik üskal herri orotarik
Bakotxak bere botza emanik eta legia zen egin
Orai ezta legerik ez eta ere juntarik
Fidelitatia galdürik eta legia saldürik.

Dantzan on Barry Lyndon (1975): Goizeko ihintza dantzan

2019/04/24

Eskerrik asko zuzenketagatik Aitor! Bistan da oker jarri dugula.

Dantzan on Inauteriak 2019 oinarrizko egutegia

2019/01/22

Eskerrik asko ekarpenagatik!

Inork hitzordurik faltan botatzen badu, idatziguzue mesedez dantzari@dantzan.com helbidera informazioa eta argazkiren bat bidaliz eta gustora gehituko dugu inauteri egutegian.

Dantzan on Biarritz 1934 Euskal dantza jaialdia

2019/01/17

Durangaldeko dantzarien saioa xehe aztertuta honako argibide, zalantza eta xehetasunak aipatu dizkigu Durangaldeko dantzari batek:

"Durangaldekoak direnarekin guztiz seguru ere ez nago, baina pausukeragaitik oso gureak ikusten ditut. Bestalde Garaiko taldearen inguruan banderaren antzekotasuna (https://pbs.twimg.com/media/DjBgm-nXsAA0Rjo.jpg) eta 'eskas'etan hartzen duten kokapenak (https://www.youtube.com/watch?v=WCzNVC7mi78) kontuan hartuta kointzidentzia gehiegi iruditzen zait Garaikoak ez izatea.

Berriztarrekin, aldiz, zalantza asko ditut zeren haien bandera, antza gerra garaian desagertu zen, gainera 'Durangerriko banderak' liburuan aurkitu dudan argazkian beste kolore bat ikusten diot. Agian Izurtzako bandera izan daiteke? Izurtzakoena ere antza gerra garai inguruan desagertu zen. Honetan denean hobeto dakiena Jon Irazabal Agirre liburuaren autorea da egia esateko.

Pausoen xehetasunen inguruan lehenik, lehenago erakutsi zenuten bideo honekin konparatuz: https://dantzan.eus/[…]/berriz-dantzari-dantza-1923-1928. Alde ugari ikusten dizkiot. Hasteko Biarritzekoan askoz leku txikiagoan ikusten ditut (gaur egun egiten den bezala) eta bideo zaharragoan, bai eta hainbat argazki zaharretan askoz ere espazio zabalagoan daude kokaturik.

Hastean ezpatekin agurtzean Biarritzekoan bata bestea zapalduz dabiltzala esan daiteke. Orokorrean koordinazio gutxiagorekin edo egiten dute dantzan. Bandera eragitearena, aldiz, gaur egun guk jaso dugun bezala egiten dute: 3 buelta ezkerrera, 3 eskumara eta 3 ezkerrera musika doinua jarraituz. Aldiz, bandera eragitean ezpata bandereroaren makila dagoen lekuan uzten dute. Bestetik puntapioa jasotzean batzuetan ez dute guztiz jasotzen, Berrizko bideo zaharragoan aldiz bai. Eta 'buelta' ere batzuek gaur egundaino heldu zaigun 3 pausuetan egiten dute (berrizko bideo zaharragoan bezala) eta beste batzuek aldiz edonola.

Puntapio eta grabiletetan barietatea ikusten bada ere, nik dantza hauek errekuperatzen ibili zirenei beti entzun izan diet jende zaharrak beti puntapioa denbora bitan (lehenengo belauna altxatuta) eta grabiletea aurretik egiten zela ziotela.

Bestalde, 5:05 ean eta 5:41 eta 5:44 etan behean golpea jotzean saltorik ez egitea ere bitxia iruditu zait. Berrizkoek (https://www.youtube.com/watch?v=eSYw1--zlwM) ( 2:19 segundoan) antza bai egiten dutela horrela.

Azkenik, janzkera garai horretako argazkietan ageri dena da. Txalekoa, 'siemprebibie'... galduak. Ezpaten eta makilen luzera Durangaldean ohikoena izan den bezala ikusten ditut."

Dantzan on Oñati 2018 Eusko Ikaskuntzak 100 urte: aurreskua

2018/11/28

Eskerrik asko zure iruzkinagatik Patxi. Desafio gurutzatuari buruz Oñatikoek eman dezakete argibide gehiago, baina Oñatiko aurreskuan ohikoa den koreografia da hori, alegia, horrela egiten dela normalki, ez zen ezer berezirik egin agintariei begira. Kasualitatea izan zen agintariak parean egotea, ze teorian, hor ez, baizik eta sokan izan behar ziren.

Dantzan on Zarautz: San Pelaio 2018 Oilasko biltzea

2018/07/10

Eskerrik asko Xabier abisuagatik, despistea izan dugu. Aldatu dugu.

Dantzan on Dantzei buruzko aipu bat Belako zaldunaren bi eskuizkributan

2018/06/18

Xabier Itzainak Ekaitz Santaziliaren lan honen haritik sarrera bat egin du: https://dantzan.eus/kidea/itzaina/kanbo-1727

Dantzan on Altzürükü 1982 Urdiñarbeko maskaradak

2018/04/18

Marcel Bedaxagarrek bideoari buruzko honako oharra bidali digu: "1982ko maskaraden bideoan (Urdiñarbetarrak Altzürükün) Gabota emaiten düen dantzariak Altzürükütarrak dütük (ahatzerik nüan hori eman züela). Urdiñarbeko gatüzainak ez dik seküla bunet gorririk üken! interresgarriena dük zibilez ari den dantzaria Jakes Abehera (Jaragoyhen) dela, Xiberoko dantzari ejerrenetarik eta hoberenetarik izan dena!"

Dantzan on Gaurtik aurrera dantzan.eus-eko bideoak telebistan

2018/03/28

Zozketan bi pertsonek hartu dute parte eta guk bi Chromecast ditugunez eskura, biak zorteko! Zorionak Imanol eta Iker, Chromecast bana zuentzat. Hemendik aurrera dantzan.eus-eko bideoak telebistaz ikusteko aukera ere izango duzue. Zuzenean jarriko gara harremanetan zuekin.
Dantzan

Dantzan

dantzan 2001. urtean sortu zen eta 2003tik dantzan.com dantza sustatu eta hedatzeko elkarteak kudeatzen du.


Babestu dantzan.com