Dokumentuaren akzioak
Momotxorroak: galduta zegoen Altsasuko inauteriaren berreskuratzea dokumental batean
“Gure taldea Altsasuko inauterien berreskurapenaren parte izan zen, eta ordutik ospatu izan ditugu, baina belaunaldi berriak etorri dira eta haiek ba al dakite zergatik egiten dugun?”, Andra Mari taldeko Jon Eguskizak azaldu digu galdera horretatik hasi zirela Altsasuko inauterien berreskuratzearen inguruko testigantzak jasotzen. Asmoa zen elkarrizketak egin eta informazio hori taldeko gazteekin elkarbanatzea. Elkarrizketak egiten hasi ahala konturatu ziren, ordea, edukia interesgarria izan zitekeela taldetik kanpo ere eta pixkanaka forma formalagoa ematen hasi ziren, horrela sortu da Momotxorroak, kaos baten istorioa dokumentala.
Izan ere, Altsasuko inauteriak galdu egin ziren; 1916. urtekoak ziren azken aztarnak. Ricardo Aldasoro altsasuarraren testigantza bat Jose Maria Satrustegiren Solsticio de Invierno liburuan jaso zen. Juan Antonio Urbeltz antropologo eta folkloristak aipamen hori irakurri zuen eta Andra Mari dantzari taldeari luzatu zion ikertzeko proposamena. Bizkaitarrek ikertu eta birsortu zuten jaia. Altsasun erakutsi eta ordutik altsasuarrek hartu zuten lekukoa; herrian bertan guztiz txertatu da jaia eta zabaltzen eta handitzen joan da gaur arte. Dokumentalak berreskurapen prozesua kontatzen du.
Testigantza bilketa
2019ko abenduan hasi ziren grabaketekin eta Jon Eguskiza eta Kepa Otaegi ibili dira gidari lanetan. Bilketa lanean hasi bezain pronto, ordea, pandemia etorri zen. Orduan lehentasunak aldatu eta taldeko irudien digitalizazio lanei ekin zieten. Dokumentala bazterrean utzi zuten, baina 2023an berrartu zuten lana, “ikusi genuen edo aurrera egin behar genuela edo utzi betiko, eta serioago zentratzea erabaki genuen”.
1970eko hamarkada bukaera eta 1980ko hamarkada hasierako kontuak jaso dituzte dokumentalean; Altsasuko inauterien berreskurapenean paper garrantzitsua izan zuten pertsonak elkarrizketatu dituzte: Patxi Goikoetxea, Amaia Oiharbide, Juan Antonio Urbeltz, Enrike Zelaia, Satur Leoz, Mikel Zamalloa, Koldo Telleria eta Manu Jauregi. Orduko irudiak ere sartu dituzte, 1982koak esaterako, Altsasuko frontoian Andra Marikoek eginiko erakustaldikoak.
Estreinaldia Durangon
Ostegun honetan ikusi ahal izango da dokumentala lehenengo aldiz, Durangoko Azokan estreinatuko da, abenduaren 5ean, 17:30ean, Irudienean. Dokumentala aurkezteko une egokia zela ikusi dute, datorren urtean taldeak 70 urte betetzen baititu, “data zertxobait aurreratu dugu Durangoko Azokaren oihartzuna aprobetxatzeko”.
Hurrengo bi emanaldiak ere finkatuak dituzte: otsailaren 1ean Galdakaon eta otsailaren 28an Altsasun. Zuen herrian proiektatu nahi baduzue idatzi momotxorroakdoku@gmail.com helbidera eta Andra Marikoek bideratuko dute emanaldia.
Momotxorroak: Kaos Baten Istorioa (2024) teaserra
Momotxorroak - Kaos Baten Istorioa
- Zuzendaritza eta Gidoia: Jon Eguskiza, Kepa Otaegi
- Produkzioa: Andra Mari Eusko Dantzari Taldea
- Elkarrizketatuak: Patxi Goikoetxea, Amaia Oiharbide, Juan Antonio Urbeltz, Enrike Zelaia, Satur Leoz, Mikel Zamalloa, Koldo Telleria, Manu Jauregi
- Muntaia: Marmoka films
- Soinuaren diseinua eta nahasketa: Dani Lara
- Irudiak: Jabi Rojo, Olatz Sagastigordia, Teresa Meaza
- Soinua: Aitzol Zamalloa
- Itzulpena: Amaia Torrealday, Imanol Etxebarria
- Iraupena: 45 min
- Hizkuntza: euskara, gaztelera
- Ekoizpen urtea: 2024
Dokumentuaren akzioak