Dokumentuaren akzioak
Andra Mari: Altsasuko Inauteriak 1982
Beste behin dokumentu historiko zoragarri bat zabaldu du Galdakaoko Andra Mari dantzari taldeak. 1981ean eta 1982an, Andra Mari dantza taldekoek Altsasun aurkeztu zituen Altsasuko ihauteriak. Gaur egundik begiratuta sineskaitza dirudi, baina une hartan altsasuar gehienentzat ezezagunak ziren momotxorroak, idiak eta goldea, sorginak, Juan Tranposoa, e.a. 60 urtez galduta izan ziren Altsasuko inauteriak. 1970eko hamarkadan inauteri horren arrastoaren atzetik ikerketa lana burutu zuten Andra Mari taldeko kideek. Poliki-poliki inauteriko mozorroak eta ezaugarriak berregiten joan ziren, eta horrela, 1977ko ekainaren 26an, Sestaoko zezen-plazan aurkeztu zuten lehen aldiz berreskuraketa lana. Egun berean, arratsaldez Tolosako zezen-plazan egin zuten berriz Altsasuko inauteriaren agerraldia. 1981eko irailean, Satur Leoz altsasuarrak gonbidatuta, Altsasun bertan erakutsi zuten lehen aldiz bertakoa zen inauteria. Bost hilabete beranduago, 1982ko otsailaren 20an berriz ere itzularazi zituzten Altsasura inauteria erakustera eta egun horretako irudiak dira bideo honetan ageri direnak. Frontoia herritarrez beteta, noizbait berea izan zen inauteria lehen aldiz ikusteak sortutako harridura antzematen da bideo historiko honetan. Urte horretan bertan, 1982an atera zen lehen aldiz inauteria Altsasun eta 30 urteotan indar izugarria hartu du. Bideo honetan, 1982ko irudiekin batera, Kepa Artetxek Altsasuko inauteria berregiteko prozesua nola izan zen kontatzen du. Gaur, inaute asteartez aterako dira kalera momotxorroak, sorginak, Juan Tranposoak eta abarreko mozorroak Altsasun. Youtube, andramaridantzatalde, 2013-02-11.
Dokumentuaren akzioak