Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Gari Otamendi Euskal kolore eta ñabardurak Boiseko Jaialdin

Dokumentuaren akzioak

Euskal kolore eta ñabardurak Boiseko Jaialdin

2025/10/01 11:35

Euskal izaera eta nortasunean zehar bidaiatzea izan liteke Boiseko Jaialdira joatea. Aukera horixe izan dugu astebetez Añorgako Dantzariok. Entsegu, emanaldi eta jardueraz betetako egunek hamaika emozio eta bizipenerako eman digute, eta niri behintzat, zer pentsatua eman didate.

Joaneko hegaldian Pier Paolo Pasoliniren Il fascismo degli antifascisti liburua izan dut esku artean. Pasarte batean galdetzen dio bere buruari herri baten kultura zein den: “Pertsona kultuen kultura? Klase menperatzaileena? Langile-klasearen eta nekazarien kultura?” Bada, italiar artista sonatuaren arabera, guztien arteko batez bestekoak definitzen du herri baten kultura.

Euskal Herria, euskalherria, euskal eria, euskal kultura, euskal komunitatea… zer den eta zertan den hausnartzeko aukera paregabea ematen du diasporako ispiluak. Passolinik dioena aintzat hartuta, euskal komunitateetako kulturaren batez besteko egoera neurtzeko termometro aparta da.

Jaialdi 2025
Jaialdi 2025, Arkaitz Añorgako dantzariak, Boise, AEB, 2025.

Jaialdi

Sekula egon ez denari labur azaltzekotan, Jaialdi izan liteke: ikastolen aldeko edozein festa, Aberri Eguna eta Durangoko Azokaren arteko nahasketa bat. Hori guztia Ameriketako Estatu Batuetan inork baino hobeto egiten dakiten ikuskizunen klabean. Euskal Herriko eta diasporako milaka pertsona elkartzen dira astebete inguruz Idahoko hiriburuan.

1995ean izan nintzen lehen aldiz Jaialdin. Hainbatek ohartarazi zidaten duela hogeita hamar urte ezagutu genuen haren aldean asko aldatu eta hazi dela ekitaldia, eta zailagoa dela pertsonen arteko gertutasuna bideratzea. Hazi da, bai, baina ez du galdu bilgune izaera.

Jaialdi 2025
Jaialdi 2025, Boise, AEB, 2025.
 

Euskitsch: lauburuak, ikurrinak eta txapelak

Euskal diasporako komunitate indartsuenetakoa da Boisekoa. Eragin handia du hiriko gobernuan. Euskal jatorriko zenbait politikarik kargu garrantzitsuak izan dituzte. Ez dugu ahazteko bolada batez Boiseko David Bieter izan zela mundu osoan hiriburu batean euskaraz hitz egiten zekien alkate bakarra.

Jaialdiren altzoan, nonahi eta noiznahi daude lauburuak, ikurrinak eta txapelak, txorizo usain artean; ez bakarrik euskal blokean —euskal etxea, museoa, frontoia eta euskal jabeen zenbait taberna dauden han—, hiri osoan baizik.

Kale artean oinez, gogoratu naiz Ruper Ordorikak bere webgunean duen Jorge Luis Borgesen pasarte batez. Dioenez —laburrean eta gutxi gorabehera—, Koran liburuan ez da gamelurik aipatzen, hain zuzen ere, paisaiaren parte izanik, Muhammad profetari atentziorik ematen ez ziotelako. Alegia, ez zuen gameluak aipatzeko beharrik arabiarra zela esateko. Desertuan gaude, ordea, eta euskaldunok badakigu zerbait desertuak gurutzatzeaz, alegiazkoak badira ere. Duela ez hainbeste arte debekatutako sinboloa ez da paisaia osatzen duen animalia.

Zenbait diseinu kitsch samarrak iruditu zaizkit, autentikotasuna azpimarratu nahian-edo, estereotiporainokoak. Txorizo-ogitartekoari haginka eta bibotea dantzan, pentsatu dut estereotipoak sortzea ezin dela saihestu, aitzitik ona ere badela, baina norbere estereotipoa sinetsi eta, Donostiako pintxoak nola, hura elikatzea izan daitekeela nortasuna galdu eta karikatura bihurtzeko bide azkarrena. Pertsonaiak pertsona fagozitatzearen moduko zerbait.

Jaialdi 2025
Jaialdi 2025, Boise, AEB, 2025.

Sinboloak eskutik eskura dantzan

Edozein kultura eta komunitatek behar ditu sinboloak. Urbeltzi ikasi genion esaldia, niretzat mantra izatera iritsi dena: “mugimenduan dauden sinboloak dira dantzak”. Ikurrin, lauburu eta txapelekin batera, izan dira bestelako sinboloak Jaialdiren bueltan, eta bat ez, bi soka-dantza ikusi ditugu. Hori gutxi ez, eta agintari politikoek —herriaren ordezkariek— gidatutakoak. Haietako batean sokako kide izan gara Añorgako Dantzariak.

Partaideen aurpegietara begira ikusitakoekin berresten dut paparrean irudi bat jartzeak baino indar gehiago duela eskuz esku heldutako pertsona-kateak. Soka-dantzak behar luke izan gure logotipo edo marka nazionala. Ai baina!, gu bagina sokan dantzatzen diren bakarrak…

Dantza: kultur jarduera nagusia

Duela hogeita hamar urteko hartan atentzioa eman zidan lehen kontua izan zen dantzak zuen garrantzia. Euskal Herrian hutsaren hurrengoa izaten ohituta, diasporan aitortza handia genuen dantzariok, eta oraindik ere badugula esango nuke.

Boiseko Oinkari taldea horren adibide garbia da. Astakeriarik esateko beldurrik gabe, punta-puntako taldea da. Transmisioaren ikuspegitik, unibertsitatera arteko adineko gazteek osatzen dute taldea. Hogei urte bete aurretik milaka kilometrora ikasketak egitera joanda, asko ez dira itzultzen taldera. Horrekin ere, hiru edo laugarren belaunaldiko gazte ugari aritzen da dantzan, eta urtero izen-emate asko izaten dituzte. Ahozko hizkuntza galduta, gorputz hizkuntzan aritzen dira, Oier Araolazak esango lukeen moduan.

Jaialdi 2025
Jaialdi 2025, Arkaitz Añorgako dantzariak, Boise, AEB, 2025.

Lehen egunak entsegu, txango eta soka-dantza artean pasata, iritsi zaizkigu saioak. Festara! emanaldi nagusia egin dugu izotz-hockey estadio batean, milaka pertsonen aurrean. Antolatzaile, Oinkari, Neomak eta Tio Teronen Semeekin aritu gara atontzen urtarriletik, eta iritsi da dugun onena emateko tenorea.

Ezpata-dantzarekin hasi da ekitaldia Arkaitz Añorgako Dantzariekin eta Oinkarikoekin: zubiak, ezpata txikien dantza, bandera arbolatzea, ganberako zubia... Inbidia osoz, barruko har dantzariak tropelean egotea eskatzen dit. Añorgatarren belaunaldi gazte bat ari da bizitzen unea, eta poz horixe gailentzen zaio harrari. Pozik eta harro sentitu naiz, oso. Transmisioaz ari garenean zeri buruz ari ote gara, bestela?

Otsagabiako dantzak, Dibertimenturako prestatu genituen dantzak, Argiaren Pas de Basque ikuskizuneko Almute-dantza eta Maskaradetako godalet-dantza egin ditugu ikuskizunean. Musikari-lanak egitera joan naiz oraingoan, eta arrabita jotzen ederki gozatu dut Añorgako dantzari gazteen emanarekin oholtzan. Joseba Astarbe, Egoitz Irazabalbeitia eta Nerea Unanue maisu-maistrek lan bikaina egiten dute.

Antzeko kezkak eta zailtasunak

Jaialdi erraldoia da egun Jaialdi. Joan-etorriak orduka neurtzen diren lurraldean gaude, beste eskala bateko herrialdean. Esan bezala, neurri humanorik ez du galdu. Izan ere, beste ezer baino gehiago, harremanen lapikoa da, lagun berriak egin eta zaharrekin egoteko bilgune aparta. Hitz-aspertu, elkarrizketa, hausnarketa eta eztaibaidak bata bestearen atzetik kateatzen dira.

Tradizioaz eta garaikidetasunaz hizketaldi luze adina interesgarria izan dut Oinkariko dantzari ohi batekin. Taldeko egungo arduradunekin partekatu ditugu haur eta gazteekin transmisioaren inguruan dituzten kezkak eta zailtasunak. Ezagutu berritan, parekidetasunaz galdetu dit boisetar batek, Elise Overgaard San Inazioko dantzarien lehen emakume kapitaina izan den egunean… Ozeanoa zein kontinente handia tarteko izanda ere, gai eta kezka berberak ditugu.

Jaialdi 2025
Jaialdi 2025, Elise Overgaard San Inazioko dantzarien lehen emakume kapitaina, Boise, AEB, 2025.

Euforiatik lur hartzen

Bagoaz. Kaleak garbitzen, txosnak jasotzen edota guretzako gidari-lanak segitzen dute Boiseko lagunek. Batzuek militantzia esaten diogu, beste batzuek boluntariotza. Edozein kasutan, eta aldaerak aldaera, auzolanean utzi ditugula pentsatu nahi dut.

Jaialdin astebetez murgiltzea etengabeko euforian sartzea da, eta euforiatik hegazkinetik nola lur hartzean, komeni da malenkoniari neurria hartzea, bihar, etzi edo datorren astean bakoitza geure eguneroko egitekoetara itzuliko baikara. Errealitatera. Edo nahiago bada, errealitate batetik bestera, euforia eta malenkoniaren joan-etorrian, desertuko ispilatze edo aluzinazio bat ez besterik bizi izan dudala pentsatuko dut bestela.

Itzulerako hegaldi luzean hartu dut Vassili Grossman kazetariaren Dobró vam (Ongia lagun), Armeniara egin zuen bidaiaren kronika ederra. “Nazio izaeraren oinarria giza izaera da. Izaera nazional bat ñabardura bat da, giza izaeraren kolore bat, bere forma kristalizatua”, idatzi zuen. Boisetik bueltan, pentsatu dut euskaldunok kolore eta ñabardura ederrekin janzten dugula giza izaera.

Ongia lagun izan dezazula!

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Gari Otamendi

Gari Otamendi

Añorga, 1980

Añorgako Dantzariak eta Donostiako Argia taldeetako dantzaria. Gaur egun irakasle lanetan aritzen naiz Donostiako Dantza eta Musika Eskolan. Arrabita jotzen dut zenbait dantza, bertso eta musika proiektutan.