Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Gari Otamendi Guillermo Altuna dantza-maisua hil da

Dokumentuaren akzioak

Guillermo Altuna dantza-maisua hil da

2014/10/03 14:55
Guillermo Altuna dantza-maisua hil da

Guillermo Altuna

Atzo hil zen, 86 urterekin, Guillermo Altuna, Añorgako dantza-maisua. Joan zen mendeko 50eko hamarkadan Añorgako Dantzariak trebatzen aritu zen, eta berak hartu zuen 1926tik Añorgan irakasten ari izandako Pujana aita-semeen lekukoa. Kandido Pujanaren azken taldeko ikaslea izan zen Guillermo, eta zorroztasun handiarekin mantendu zituen harekin ikasitakoak.

Gisa horretan, Gipuzkoako urratsak dantzatzeko estilo berezia eta propioa transmititu zien bere ikasleei, ñabarduretan arreta handia jarrita: hankak ahalik eta gehien altxatzen egindako sentzilloak, lasterkak orpo eta belaun kolpez salto batekin markatzeko era, lauarin… Oraindik ere ikus liteke dantzatzeko estilo hori bere ikasle izandako zenbait dantzarirengan, beteranoek urtean behin uztailaren 16an egiten duten Karmen Eguneko soka-dantzan.

1953. urtean hasi zen Guillermo Altuna Añorgako dantzariak prestatzen. Gerra Zibilaren ondoren aritutako taldea desagertzeko zorian zegoen, eta Kandido Pujanaren beraren eta beste zenbait auzotarren laguntzarekin, zortzi eta hamar urte bitarteko haurrez osatutako talde baten gidaritza hartu zuen eta, ia hamarraldi batez, añorgatar dantzarien belaunaldi berri bat jarri eta mantendu zuen martxan.

Auzolanaren eredua zen Guillermo, Añorgako dantza-taldea eta sare soziala erabat babesten zituen Rezola zementu-fabrikako langilea zen, eta haren babesarekin herri izaera duen Añorgako komunitateko kide garrantzitsua izan zen. Horrez gain, Orona kooperatibako bazkide sortzaileetako bat izan zen.

Dokumentuaren akzioak

2014/10/08 22:29
Nik ez nuen Guillermo Altuna ezagutu, baina azken aldian hil diren dantza-maisuen inguruan irakurtzen ari naizenak, hainbat gogoeta sortu dizkit.

Oierrekin izandako elkarrizketa batean sortu zen gaia, alegia, bazela tradizioan sentzilloak hankak altxata egiteko joera. Nik esan nion Zarautzen hori ezagutzen genuela, hain justu, Aurreskua Zarauzko erara egiten genuenean. Eta, Garik aipatzen duenaren inguruan, baditugu baita ere lasterkak eta bestelako pausuak itxi gabe uzteko joera, eta baita lau-arin zaharraren moldean egiten ditugun pausuak ere. Oraindik, San Pelaio egunez egiten dugun Aurreskuan badago, nahastua bada ere, estilo horren aztarrenik.

Zarauzko dantza-tradizioan, bi iturri bereiztu izan ditugu beti: bata, estilo unifikatua (sinplifikatuz, Gordejuelaren estiloa), batik bat Goizaldiri ikasia, emanaldietan eta txapelketetan erakusten genuena; eta, bestea, Zarauzko Aurreskua dantzatzean erabiltzen genuena. Estilo libreagoa. Nondik ote datorren? Xabier Alberdik eta biok idatzitako "Zarauzko folklorea" liburuan egin genuen Zarauzko dantzaren eta dantza taldeen azterketa, eta aipatu genuen bazegoela dantza-tradizio bat, pertsona jakinen bidez transmititua, guganaino ailegatu zena. Eta, hara non, urteetan atzeraka joanez, Lorenzo Pujana bera agertu zitzaigun Zarautzen dantzariak preparatzen XX. mende hasieran (hau ere sinplifikazio bat da, eragina leku askotatik etorriko zelako, baina balio bezala muestra moduan).

Badauzkagu tradizio paralelo horien arrasto batzuk Gipuzkoan, eta nik gustora egingo nuke juntadizoa, bazkari baten aitzakian, han-hemenka ailegatu zaizkigun estandarretik kanpo dauden pausu berezi horiek konpartitzeko eta, azken batean, agortzen ez den iturri horretatik edaten segitzeko.

Xabier Etxabe.
2014/10/09 17:15
Sentzilloak hankak altxata egiteko joera horren berri Argia dantzari taldeko maisuen bidez izan nuen nik lehen aldiz, 1995 urtean, Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean Iñaki Arregik, Jexux Larreak eta Fernando Aristizabal-ek emandako "Jira Galdua - Gipuzkoako taula gimnastiko-koreografikoa" ikastaroan. Sentzilloak positibo-negatibo iraulketa bat izan zuela azaldu arren, eta agurra-erreberentzian egiten den lehen urratsak (destake laterala bezala izendatzen den hori) pauso bera, sentzilloa, abiadura mantsoan eta apainduraz hornitua dela azaldu arren, urteak behar izan nituen esplikatu ziguten hura behar bezala barneratzeko. Horrelako bideoak ere oso lagungarri gertatzen dira:

http://www.dantzan.com/[…]/frantisek-pospisil-euskal-dantzak-1927

Gaur egun askok sumatzen dugu 1940-50 hamarkadetako Goizaldi izan zela ziur aski dantza egiteko molde zahar hori eraldatu eta berria egosi zuen lapikoa. Badirudi dantzakera irauli, estilizatu, kuadratu eta simetria zorrotzekoa Candido Pujana eta Montes-Oronoz-Gordejuela belaunaldien artean garatu zela. Ez dakigu Gordejuela sukaldakari nagusi edo pintxe izan ote zen, baina bai sumatzen dugu haren eskutik (edo oinetatik) lortu zuela distira eta hedapen handiena eredu horrek, Gipuzkoako dantzakera eredu nagusi bihurtuz. Poliki-poliki molde zaharra estaltzen joan da, ia-ia desagertarazi arte, nahiz eta han eta hemen uste baino arrasto gehiagok irauten duten.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Gari Otamendi

Gari Otamendi

Añorga, 1980

Añorgako Dantzariak eta Donostiako Argia taldeetako dantzaria. Gaur egun dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz lanean Gipuzkoako Dantzagunean. Musikari gisa, dantza gozatu nahi dutenentzat arrabita jotzen gozatzen dut Errebal taldean. 

Twitterren @arrabita naiz, eta Facebooken ere aurki nazakezue.