Dokumentuaren akzioak
Horrelako gehiago egin behar dira
Billabonako Oinkari dantza taldeak antolatutako mahai-inguruan egon nintzen atzo, Gurea antzokian. Oier Araolaza, Edu Muruamendiaraz, Jokin Otamendi eta Aritz Salamanca izan ziren hizlariak eta Garikoitz Udabe kazetari usurbildarra moderatzailea. Alain Maya iragarrita zegoen, baina ez zen etorri. Lastima, ekarpen interesgarririk egingo baitzuen, ziur.
Han egon ginenok (eta joan ezin izan ziren askok) ikusmin handia genuela esango nuke. Gutxitan egiten dira horrelakoak eta kartela ez zen nolanahikoa. Une honetan dantzaren hainbat alorretan punta-puntan dabiltzan pertsonak dira hizlari guztiak.
Hasieratik geratu zen garbi zein esparru landu duen bakoitzak. Oierrek ikerketa, dibulgazioa eta teorizazioa landu dituela esan zuen eta horregatik “abantaila” zeukala edo diskurtso osatuago bat bai bederen. Kuriosoa ere suertatu zitzaidan Muruamendiaraz, Otamendi edo Salamanca bezalako plazagizonak bistakoa zen urduritasunarekin ikustea oholtza baten gainean. Nekez osatu zituzten esaldiak batzuetan eta, aspektu horretan, deskonpentsatua izan zen mahai-ingurua une batzuetan, Araolazaren interbentzioak beste hirurenak baino luzeagoak izan baitziren nabarmen.
Ordea, horrek ez du esan nahi mamirik izan ez zenik. Mahai-ingurua iragartzen zuen kartelak zioen, “euskal dantzak lehen eta orain” eta horretan aritu ziren lau mahaikideak. Ia denok onartutzat hartu ohi dugu krisi egoerari kontrajarrita, euskal dantzaren egoera inoiz baino hobea zela esan zuen Araolazak, eta, bizitzekotan, krisia dantza taldeek bizi dutela. Han sortu ziren lehen zalantzak.
Dantza tradizionalak XX. mendean izandako bilakaerari buruz hitz egin zuten jarraian. Zikloak aipatu zituen Araolazak, izaten direla boladak tradizioari estuki lotzen zaizkionak eta segidan etortzen direla berrikuntza bilatzen duten aroak. Eta hala etengabe.
Hortik aurrera, oso modu laburrean esanda, hainbat kontu jorratu zituzten. Apunte moduan jaso ditut. Iruditzen zait bakoitzarekin mahai-inguru bat egin daitekeela:
-Aritz Salamancak teknikaren eta estiloaren arteko bereizketari buruz hitz egin zuen une batean. Nik, kasu askotan, dibortzioari buruz hitz egingo nuke.
-Jokin Otamendik dantzen historiaren ezagutza faltari buruz hitz egin zuen eta talde askok alor horretan duten oinarri faltari buruz. Horri lotuta, Edu Muruamendiarazek formazio falta aipatu zuen. Berak arituz ikasi behar izan duela koreografiak egiten. Horri lotuta
-Dantzak komunikabideetan duen difusioa hizpide izan zuten uneren batean.
Ikusleek galderak egiteko tartea iritsi zenean eztabaida polita sortu zen emakumeek dantza tradizionaletan izan behar duten parte hartzeri buruz. Nire ustez, gainditua behar luke eztabaida horrek 2008an.
Faltan bota nuen Jokin Otamendik erromerietan duen esperientziari buruz hitz egitea, baina batez ere faltan bota nuen erdi-fantasma moduan inguruan biraka izaten dugun betiko gaia: delako tradizioa vs. berrikuntza alegia. Nolabait, orain arte esandakoetan inplizituki dagoen gaia da, baina nik erabat helduko nioke. Nire iritzia da, baina antzua da eztabaida hori ere eta, hain zuzen ere, antzua delako eztabaidatu behar da horri buruz.
Kontuak kontu, atzoko mahai-inguruak ezer positiborik izan bazuen, hori da egitea bera. Han zeuden Oinkari, Udaberri, Urki edo Alurr taldeetako dantzariak eta zuzendariak, Xabier Leturia, Dugunako iruñarrak, etab. Balio handiena ondoren sortzen diren eztabaidek, iritzi trukeek, elkarrizketek, etab. dute. Interesa demostratzen dute.
Argi daukat: horrelako gehiago egin behar dira.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Gari Otamendi
Añorga, 1980
Añorgako Dantzariak eta Donostiako Argia taldeetako dantzaria. Gaur egun dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz lanean Gipuzkoako Dantzagunean. Musikari gisa, dantza gozatu nahi dutenentzat arrabita jotzen gozatzen dut Errebal taldean.
Twitterren @arrabita naiz, eta Facebooken ere aurki nazakezue.
Jasotako azken erantzunak
- Iñaki Zugasti on Duintasunaren sarrailak 2018/02/27
- Patxi Montero on Ez da kasualitatea 2017/05/11
- Patxi Montero on Egia gordin bat 2017/01/16
- Iñaki Zugasti on Kolakau dekonstruitua 2016/04/06
- Oier Araolaza on Guillermo Altuna dantza-maisua hil da 2014/10/03
- Xabier Etxabe on Guillermo Altuna dantza-maisua hil da 2014/10/03
-
oier on Quinto, levanta
oier2008/09/14
-
aritz on Quinto, levanta
aritz2008/09/14
-
gari on Horrelako gehiago egin behar dira
gari2008/06/11
-
oier on Horrelako gehiago egin behar dira
oier2008/06/11
Interesgarria atzokoa, bai. Ta ixtant batean pasa zen, hau da, ez zela eztabaida pisua izan. Gai batzuk aipatu gabe geratu ziren eta ikus-entzuleek galderak egiteko denbora gehiegirik ez zuten izan.
Niri atzokoaren ondotik duda batzuk geratzen zaizkit, erantzunak baino galderak sortu zitzaizkidan:
"Euskal dantzaren oraina eta geroa" izena jarri zioten eztabaidari, atzoko lau hizlarien jarduna euskal dantza izenburupean bilduz. Baina zeri esaten diogu euskal dantza? Esparru berean lanean ari al dira atzo taula gainean izan zirenak (eta izan ez zirenak)?
Bestalde, dexente hitzegin zen tradizioari buruz eta nago jendeak ez duela argiegi zeri buruz ari den hitz hori erabiltzen duenean.
Eta beste mila gauza esan zitezkeen, baina antolatzen den hurrengorako utziko ditut akaso.
Hori bai, Zorionak Oinkarikoei horren eztabaida mamitsua antolatzeagatik!
Eta kontzeptu horiek ez dira argitzen mahainguru batekin. Horrelakoak interesgarriak eta beharrezkoak izan daitezke, baina oinarrizko ideia eta kontzeptuetan dagoen ezjakintasuna handia da, eta mahainguru batek argitu baino nahastu egin ditzake askotan.
Nik tradizioari buruz aurkeztu nuen nire ikuspegia han zeuden askoren guztiz kontrakoa zen. Hori ez da erraza asimilatzen. Kontzeptuaren formulazio berria buruan datu, informazio, adibide, azalpen eta testigantza asko behar dira ulertzen joateko, eta denbora eta gogoeta horren aurrean posizionatu eta konforme gauden ala ez erabakitzeko.
Bidea oso argia da: irakurri, ikusi, entzun, hitzegin, eztabaidatu, berrirakurri, aztertu, galdetu, entzun, entzun, ikusi, irakurri, irakurri, irakurri.... Baina aitor dezagun, errazagoa da zuzenean eztabaidatzea.
Bukatzeko Gari, generoaren auzia aipatu nahiko nuke. "Nire ustez, gainditua behar luke eztabaida horrek 2008an". Bai, konforme, beharko luke, baina ez dago. Eta ez dagoenez, egin beharra dago. Eta kontuak ez dira hain errazak. Alardeen auziaren lezioa ezin dugu ahaztu. Berdintasunera begira eman beharreko urratsak ez baditugu oso ondo kudeatzen, eta gatazka pizten bada, kaltea izugarria izango da denontzat. Funtsezkoa da ematen diren urrats guztietan adostasuna bilatzea, eta bidean galerarik ez dugula ziurtatzeko kasu bakoitzari irtenbide tekniko egokiak aurkitzea. Eta horretarako tradizioaren ezagutzan oso ondo jantzita egotea eta batzuen eta besteen ikuspuntuak errespetu handiarekin tratatzea funtsezkoa da. Ez gaitezen engaina. Hau egiteko dago, eta eginda dagoela pentsatuz aurrera salto egiteak amildegian erortzera eraman gaitzake.
Neskek modu natural samarrean (momentu honetako nire ikuspegitik) lortu dute partaidetza hainbat dantzetan.
-Zuberoako maskaradetan.
-Kortes-eko dance-an
-Gipuzkoako dantzetan.
-Bizkaiko erregeletan.
-Baztango zenbait herritako mutil-dantzetan.
Oier-ek, ziur, adibide gehiago izanen ditu buruan. Lehenengo urratsak baino ez dira baina etorriko dira gehiago. Dena den, generoaren eztabaida honekin lotuta beste bat dago, eta da karakterrarena. Demagun, 18 mutil dituen talde batean zortziko talde bat atera nahi dugula dantzaren bat egiteko. 8 onentsuenak jarriko ditugu dantzan normalki, eta ez edozein (pausoak behar bezala egiten dituztenak, dantzari indarra ematen diotenak, zangoa dexente igotzen dutenak... esaterako). Esparrua neskei zabaldu ezkero -hau da, dantzariei, neska zein mutil- exijentzia (indarra, pausoak, karakterra...) berdina izan beharko du batzuendako zein besteendako. Eta, agian, nahiz eta taldean genero aldeko bereizketarik ez egin 8 mutilek jarraituko lukete dantzan.
...
Edo 8 neskek.
Atzo lagun batzuekin aritu nintzen mahai-inguruek sor dezaketen nahasmenari buruz hizketan. Kontzeptuak ez argi izateak nahasmen izugarri ekar dezake eta mahai-inguruak izango luke halako boomerang efektu bat: "nola ez dudan ezer ulertu gogorrago lotuko natzaio dakidan gutxi horri". Nolanahi ere, beharrezkoa dela uste dut iritzi propioaren oinarriak zalantzan jarriko dituen edozein ekintza. Horretarako asteartekoa bezalakoak lanabes bat dira, ez gehiago, ez gutxiago. Kontua da, baina, bakarka egin beharreko lana dela "irakurri, ikusi, entzun, hitzegin, eztabaidatu, berrirakurri, aztertu, galdetu, entzun, entzun, ikusi, irakurri, irakurri, irakurri..." hori eta askotan ez gaudela prest.
Zergatik beti esaten duzue Tradizioa vs Berrikuntza ?? Nire ustez, biak elkarrekin bizi dezakete.
"Dudarik gabe, dena dago egiteko sexuaren (generoa hizkuntza marka da) kasuan"
Diskurtso antropologikoan oso ongi bereizten dira generoa eta sexua, eta ez, generoa kasu horretan ez da hizkuntza marka, baizik eta sexuan oinarritutako eraikuntza soziala. Ikusi hemen generoa eta sexuaren arteko desberdintasuna.
Egunero ikasten da zerbait, aunke sea por bokatxankla. Orain arte inguruan eduki ditudanak hizkuntzalariak izan dira eta horixe azpimarratzen ziguten ba, alegia, generoa hizkuntza marka zela eta pertsonak sexudunak. Interesgarria bidalitako lotura.