Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Oier Araolaza: “Euskara gure hizkuntza den bezalaxe, euskal dantza gure gorputz-lengoaia da”

Dokumentuaren akzioak

Oier Araolaza: “Euskara gure hizkuntza den bezalaxe, euskal dantza gure gorputz-lengoaia da”

Oier Araolaza (Elgoibar, 1972) dantzaria Kezka eta Argia taldeetan aritzen da. Dantzan.eus webguneko editorea eta Euskal dantza liburuaren egilea ere bada (Etxepare, 2012). 2010etik Kulturaren Euskal Kontseiluko kidea da, eta EHUko ikerlaria ere bai, dantza eta generoari buruzko tesia osatzen ari baita. Martin Zalakain ikuskizunean parte hartzen du eta, horretaz gain, Korrotik Pikutara han eta hemen aurkezten dihardu Gari Otamendirekin batera. Hain justu horixe hurbilduko diete EuskarAbentura 2019 espedizioko gazteei, uztailaren 24an Zarautzen: euskal dantzaren historia bat, dantzaren bidez kontatua.
Komunikabidea
Euskarabentura
Mota
Elkarrizketa
Data
2019/05/15
Lotura
Euskarabentura

Zer da Korrotik Pikutara?
Hitzaldi dantzatu bat da. Euskal dantzaren historia kontatzen saiatzen gara, horretarako baliabide gisa, hitzaz gain, gorputzak hartuta. Azken honen bidez adieraz daitekeena maiz ezin baita hitzez helarazi. Mugimenduei buruzko kontaketa batean, gorputzak funtsezko papera du.

Noiz eta, batez ere, zergatik edo zerk bultzatuta hasi zineten honi forma ematen? Zein izan zen pizgarria?
2013 inguruan hasi ginen, eta ez zen arrazoi jakin bati erantzunez sortutako zerbait izan, baizik eta prozesu bat. Juan Antonio Urbeltz ikerlaria sokadantzaren inguruko hitzaldiak ematen zebilen garai hartan, grafiko batzuen bidez mugimenduen eboluzioa adieraziz eta abar. Pentsatu genuen berak irudi bidez azaltzen zuen hura bera gure gorputzen bitartez ere adieraz genezakeela, eta horrek, gainera, ezagutzaren beste alderdi bat jorratzeko aukera emango lukeela: ulermen sentsoriala, fisikoa, gorputzaren bidezkoa; ez bakarrik ikus-entzunezkoaren bidez sortzen den ezagutza intelektuala. Hau da, kontatzen genuen historia gorputzaren bidez hauteman eta barneratzeko bidea zabaldu nahi genuen. Horixe izan zen abiapuntua, eta horretan dihardugu.

Ze helburu markatu zenioten zeuen buruari eta proiektuari berari?
Gari eta biok dantzaren komunkazioan eta dibulgazioan aritzen gara bestela ere eta, beraz, hau bide beretik segitzeko beste kanal bat da: dantzaren inguruko ezagutza eta ulermena transmititzeko, zabaltzeko, sozializatzeko.

 Euskal Herrian zein estadiotan gaude gure dantza kulturaren inguruko ezagutzari dagokionez?
Gehiago dakigu dantzan dantzari buruz baino. Maila praktikoan aurrerago gabiltza maila teorikoan baino, alegia. Eta logikoa da! Jendeari dantza egitea gustatzen zaio, eta egin egiten du, horren inguruko mundu kontzeptualarekin halabeharrez arduratu gabe. Hitzaldi honekin, hain justu, praktika eta ideiak uztartzen saiatzen gara.

Eta gazteak? Nola ikusten dituzue?
Oro har, euskal dantza tradizionalak zaila du gaur egungo gure gizarteko gazteek jasotzen dituzten gainerako input eta material edo elementu kitzikagarri guztiekin lehiatzea, horietako asko kontsumorako pentsatutako produktu oso indartsuak direlako. %90ean kanpotik datoz gainera: gure gazteek entzuten duten musika, gailuen bidez ikusi eta erreproduzitzen saiatzen diren dantzak… azken batean, euren kultura musikala, estetikoa eta koreografikoa eraikitzen ari diren produktuen gehiengo erabatekoa atzerritarra da, eta kontsumorako pentsatua izan da gainera. Negoziora bideratuta diseinatu dituzten heinean, kultura-produktu hauek interes oso zehatzei erantzuten diete maila musikal, estetiko nahiz ideologikoan ere. Eta gazteak zaparrada horren azpian daude, gehienek ez dute astirik izan beste aukera eta eredu batzuk esploratzeko, eta modu nahiko akritikoan jaso eta asimilatzen dituzte. Joerak ziklikoak izaten dira, gorabeheratsuak, baina une honetan bederen, ez dirudi gure kulturaren norabidean doazenik, baizik eta gero eta kanporago.

 EuskarAbenturako neska-mutilekin egingo duzuen saiorako asmo berezirik?
Gazteei hilabetez horrelako esperientzia bat bizitzeko aukera ematea oso inportatea eta interesgarria da, eta sinesten dut honek baduela nerabeak aktibatzeko sekulako indarra, eta eurek sentitu eta barneratutako ideiak inguruan zipriztinduko dituztela. Gure aldetik, hortaz, pretentsio handirik ez dago: dantzari lotutako tarte atsegin bat pasatu dezatela, eta aurrerantzean gure dantza tradizioa hurbilago senti dezatela.

Nola hurbildu, baina?
Euskara gure hizkuntza den bezalaxe, euskal dantza geure gorputz-lengoaia edo hizkuntza koreografikoa dela ulerrarazi nahi nieke; baten batengan horren kontzientzia piztea lortzen badugu, pozik!

Dantzaria ez ezik, ikerlea ere bazara. Dantza eta generoari buruzko tesia idazten zabiltza buru-belarri. EuskarAbenturakoa lagin pribilegiatua izan daiteke: 121 neska-mutil, eferbeszentzia betean.
Bai, baina nire tesiaren fokua iragan mende hasiera da –barrez–. Momentu honetan erreproduzitzen ditugun rol eta estereotipoak orain 100 urte eraiki zirelako, tradizio bezala izendatzen ditugun ezaugarri asko iragan mende hasierako asmakuntzak direlako. Generoaren planoan bereziki nabarmena da hori. Nahiko atzera begirakoan nabil zentzu horretan, nahiz eta helburua aurrerantzean gauzak aldatzea den. Beste edozein ikerketatarako, lagin itzela da, dudarik gabe.

 

Dokumentuaren akzioak