Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aritz Ibañez Lusarreta Maskaraden mintzoak 3: emazteak maskaradetan

Dokumentuaren akzioak

Maskaraden mintzoak 3: emazteak maskaradetan

Maskaraden mintzoak 3: emazteak maskaradetan

1946ko Barkoxeko maskaradetako argazkia. Argazkia: Barkoxe Bizi Elkartea

Hemen, dantza bortitzagoa zen, basaxeagoa indarrez... Orain prefosta, neskatilak ere dantzan jarri dira. Garai batean, ez zen aski mutikorik. Neskatilek dantza atxiki dute. Urrats gaitzenak amiñi bat baztertu dituzte horregatik. "11 temps" eta zangoaren altxatzea… Neskek ez dituzte ematen ahal!

“Neskek zuberotar dantzak atxiki eta salbatu dituzte, baina…” Klasiko bat, ez bakarrik Allandu Bordazarri entzuna. Lekukotasun hau aitzaki hartuta, errepasoa emanen diogu emakumeek maskaradetan izan duten parte hartzeari. 

XX. mendeko lekukotasunetako bat —entzutetsuenetakoa— II. Mundu Gerra ondoan, Barkoxeko 1946koa dugu. Urte hartan, emakumeak aritu ziren maskaradetan, kadrilak, aitzina-pika eta beste dantzatzen. Pierre Etxebarne barkoxtarrak hala kontatzen digu:

Eta neskatilak baziren, orduan, lehentze, Barkoxen. Ez dakit ez zenez Eihartzetek zerturik, ez naiz segur. Emazteak bozketan ezarri baitzituzten ere, orduan, eta behar zituztela maskaradetan ere ezarri. Eta Xorrotxek bazuten ere kantorea:

Barkoxeko maskaradak, aurten moda berri
Neskatila gazteak, ba(dü)tügü dantzari
Ez da ihorentako, hain estonagarri
Bozketan ez gütüeia, ber xedean ezarri

Germaine Lexardoi barkoxtarrak gogoan ditu urte hartako maskaradak. Aitak xaxatu zituen bera eta ahizpa,  ari zitezen. Baina herriko jendeak aztoratu ziren, ea zer zen hura, neskatilak mutikoen artean dantzan!

Kritikaturik izan ginen. Nago abantxu eskumikaturik izan ginela! Apaizak ez zuen deus esan. Aitak eraman baikintuen. Hartu gintuen bazterrean eta esan zigun: Zatozte! Guk ez genuela nahi, lotsa ginela. (...) Iruditzen zitzaigun jendeak begiratzen gintuela. Emazteek, gaizki ikusten gintuztela ari ginelako. Aitari esan genion: zuk eraman baikaituzu! Eta berak esan zigun: Baina zer ez duzue deus txarrik egin!

Eskiulako maskaradak 1992
Eskiulako maskaradak, 1992. Argazkia: Txebi Arriaga

Geroztik, 1955ean ere, emakumeak aritu ziren Eskiulan muntatu zuten erdi maskarada batean —dantzan aritu ziren, baina beltzeriarik gabe—. 1970eko hamarkadatik aurrera emakumeek usuago parte hartzen hasi ziren, Andere, Laborarisa, Aitzindari eta beltzeriko pertsonaia gisa ere. 1992an emakumez bakarrik osatutako maskarada muntatu zuten eskiularrek, berriz ere. Graxiana Castillon eskiularraren arabera emakumeeek salbatu dituzte maskaradak, bainarik gabe, oraingo honetan.

Baina guk maite dugu gauzak ongi eginik direlarik eta ez baldin badira ongi emanik, gero hurrengo errepikan behar dugu behintzat hamar aldiz egin, ongi egiteko. (...) Eta puntuak ez baditugu ongi ematen gure irakaslea gure atzetik dabil beti. Iruditzen zait, justuki, mutikoek ez dutela batere ikusmolde bera. Berdin zaie. Ez dakit zergatik den, ez baitiote dantzari eutsi. Guk bai, emazteek. Eta emazteengatik ez balitz izan, ez litzateke dantzarik orain plazetan. 

Iritzi berekoa da jean Fabien Lexardoi, Barkoxeko dantzari eta errejenta:

Ez balira neskatilak izan dantzetan aritzeko, gaur egunean  ez litzateke behar bada dantzarik. Niretako gauza normala da, gauza ona da, neskatilak ari daitezen. 

Denboraren joan etorriarekin emakumeen parte hartzea normalduz joan da. Emazteen partaidetzaren gaiak oraindik egun hainbat ertz baditu ere, garai batean aztoramendurako pindar zena, guztiz integratua dirudi gaur-gaurkoz, Ihitz Iriarten esanetan.

Lehenik, enetako, emaztea Maskaradetan normal da, beti ezagutu baitut. Ez da inoiz problema bat izan enetako, ez galdera bat ere ongi zenez edo ez. 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.