Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aritz Ibañez Lusarreta Maskaraden mintzoak 4: Maskaraden B aldea

Dokumentuaren akzioak

Maskaraden mintzoak 4: Maskaraden B aldea

Maskaraden mintzoak 4: Maskaraden B aldea

Mauleko maskaradakariak Altzürüküko Mendiburu etxean bazkaltzen, 2023. Argazkia: Amaiur Aristi

Maskaradak ikustera goazenean, behatzen errazenak diren gauzek deitzen digute arreta: aitzindarien jantzi eta puntu ederrak, beltzeriaren basakeria, xorrotxen ahots eztiak... Baina badira lehen begi kolpean antzemanen ez ditugun hainbat kontu eta interesekoak direnak, berdin. Mintzoak-eko bideoetan horietako batzuk aipatzen dituzte lekukoek. Esate baterako, maskaraden barne erritualei buruzkoak. Garrantzitsuenetarik bat, maskaradakariek herritarren etxeetan egiten zuten (eta duten) bazkaria. Hala dio Ferdinand Morot Monomi sohütarrak:

Normalean bazkaria askazi edo adiskide batzuekin egiten zuten, eta maskaradetarik bat edo bi etxe bakoitzak gomitatzen zuen. Horren estakuruan, bazkari on bat egiten zuten. Bazen giro orduan!

Izan ere, maskaradak bere orokortasunean, baina bazkari horiek zehazki, zuberotarren artean harremanak josteko erraminta efikazak izan dira, whatsappik gabeko garaietan. Patrik Queheille Kanpo:

Oloruen ibiltzen baiginen eskolan, nik Zuberotar gazteak, hemezortzi urteetakoak, ez nituen ezagutzen. Hogei urteetan maskaradak egin ditugularik, andana bat ezagutu dut. Herri orotan… Ez dakit, pentsatzen dut hamalau edo hamabost ateraldi egin genituela Zuberoan, eta orduan dituzu ezagutzen. Gero, erran gabe doa, soinulari bezala jalgitzen ginelarik ere... Baina maskaradetan, beste gisa batetara ezagutzen dituzu. Hango etxeetan jaten genuen... Jendea barnetik ezagutzeko… Izigarriko gauza da etxeetan egotea! 1984ko maskaradaz geroztik, guk Barkoxen beti etxeetan errezebitu ditugu. Bestela, ostatuetan errezebitzen zituzten, baina guk hori ezagutu baigenuen, orok deliberatu genuen ondoko maskaradetan, aritzaileak etxeetara gonbidatu behar genituela. Geroztik, beti horrela da. Oraiko gazteek uste dute betidanik horrela izan dela, baina ez zen horrela.

Maskaradak hartzen dituen herriak maskaradakariei egiten dien batzarriaz erreportaia ederra egin zuen Amaiur Aristik duela bi urte (2023), altzürükütarrek mauletarrak hartu zituztenean.

Bistan da, beraz, Zuberoako gizartearen egituratze lanean ekarpen handia egiten duten besta hauek, bertakoen elkar-ezagutzarako bai, baina kanpotik heldutakoak integratzeko ere balio dutela, Ihitz Iriart-en ustez.

Egia da hori badela, parte hartzailea da. Herrian bertan integratzea ere bai. Orain ere ikusten da. Bada jendea kanpotik jin dena hona bizitzera. Egia da maskarada eta pastorala hemen integratzeko manera ona direla. Parte hartzeko entsaio lekura joatera behartua zara, badakizu denak han izanen direla. Ez duzu han izateko justifikazio beharrik. Herrikoa zara eta hara zoaz. Herritarren integratzeko gauza ona da.

Maskaradek birsortzen duten indar komunitario hori oso garrantzitsua da zuberotarrendako, ikusten dugunez. Aitzindariendako ere bai. Dantzarako dohaiak —edo sinpleki, haien buruak erakustea izanen da dantzarietako batzuendako inauterietan parte hartzeko pizgarri. Baina beste askori sortzen den talde giro horrek pizten die parte hartzeko gogoa. Azken horietako bat dugu Maiteja Akozeberri Larraintarra.

Horrendako dut dantza egiten, taldean parte hartzeko. Ttipitik jadanik, neskenegunetan ateraldi baten egiteko estakurua zen, lagunak aurkitzeko, eta handitzerakoan, ateraldi bat delarik, besta egiteko. Dantza, taldea da. Dantza egitea da, baina ez enetzat, beti talde batekin izateko, harremanak atxikitzeko. (...) Uste dut harreman handia sortzen dela neskenegun guziz edo astean behin bederen elkartuz, zerbait eraikiz. Zerbait berezi sortzen da, gero bizi guzian gelditzen dena.

Baina denak du bere aurkia eta ifrentzua. Maskaraden parterik abegikorrena erakutsi berri digute, baina inauteri molde honek, ezinbestean, badu ziritik ere. Kabana handiaren eta Buhame jaunaren predikuetan urtean zehar Zuberoan eta kanpoan gertatu izan direnen errepaso satirikoa egiten dute. Trapuak garbitzen dituztela alegia. Eta prediku horietan jaurtitzen diren gezien objektibo diren lagunek, ez dituzte beti ongi irensten. Patrik Kanpo, berriz ere:

Hasi nintzen idazten horrela, xorrotxendako bertset zenbait (...) Kabanarendako ere bai, predikuak eta berriak biltzen, predikuak moldatzen... Memento goxoak dira horiek. Gero artetan, telefono dei zenbait ere (...) Baina hori normala da. Horrek erran nahi du maskarada bizi dela. Ez bada... Erran nahi du leun dela, ororen gustukoa… Ez da hori maskarada! Barkoxetik ez dut sekula deirik ukan, baina kanpoko herrietatik bai... Maskaradetan, hein bat behar duzu. Maskaradetan arriskua duzu hein hartan egotea.

Ainara Agerre, Kabana
Ainara Agerre, Pagolako maskaradak, Pagola, 2024-01-21. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA Ainara Agerre

Aitzindariak eta beltzeria aipatu dizkigute. Eta bien arteko hibridoa, aitzindari beltzak! Zenbait herri jakinek izan dute pertsonaia hauek plazaratzeko ohitura. Herri koxkorxeenek agian? Barkoxe eta Urdiñarbe ditut nik gogoan. Baina Ferdinand Morot-ek dioen bezala, esate baterako, Sohütan ere usaia izan zuten. Izan ere, gazteria aunitz zuten herrietan, gazte guztiek parte hartzeko manera zen aitzindari beltzen taldea prestatu eta plazaratzea:

Ene anaia zena txerrero beltz izan zen, eta Hillot bat zamalzain beltz. Sohütan, urte guziz bagenituen 2 dantzari beltz. (...) Lehen, maskaradetan, jokolari anitz baginen. Gazteria etxean zen denetan. Zerbaitetan behar ziren enplegatu. Maskaradak betetzen zituzten.

Aitzindari beltzak 2
Urdiñarbeko aitzindari beltzak, Muskildi, 1993-01-24. Argazkia: Jonmikel Intsausti

Sarrera hauetan guztiotan ikusi eta entzun dugu zuberotarrek dantzarako duten grina eta pasioa. Esaterako, Pierre Etxebarnek kontatzen du dantzan ikastera joateko ordubeteko bidea egiten zutela Barkoxe kaskotik Eihartzet dantza maisuaren etxera. Eta arratsalde osoa entrexat eta frisat! Zuberotar asko-askoren gogoa izan da hori. Baina dantzarako gustua ez da puntu bakoitzaren egikaritze zorrotzean soilik antzematen. Esaterako, aitzindarien arropak ikustekoak dira, dantzaria geldi dagoenean ere. Jean Mixel Bedaxagarrek kontatu digu, bestimentako xehetasun txikiena ere noraino zaindu izan duten zenbait dantza-maisuk:

Hagolak ere kondatzen zuen Eihartzetek zamarian bazuela honenbeste metro oihal. Zamaria hunkitu bezain laster hedatzen zen. Halaber kantiniersaren gona. Gisa hartara egina bada, edertasun bat ematen dio dantzariari.

Lau sarrera hauetan bildutako kontu hauek eta beste hamaika topatzen ahalko dituzue Mintzoak.eus webguneko maskaradei buruzko atalean. Horrelakoak irakurri edo entzun ondotik, beste era batean ikusiko —eta agian, ulertuko— ditugu Zuberoako maskaradak.

 

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.