Dokumentuaren akzioak
Maskaradetan sukalderaino, manexa etxean hartu dute zuberotarrek
Barrikadak, Maule-Lextarreko maskaradak, Altzürükü, 2023-02-25. Argazkia: Itxaso Lopetegi - Dantzan CC-BY-SA
Aurten bi aldiz hurbildu naiz maskaradetara, lehengoan lanera, bigarrengoan gozatzera; bueno, bietan gozatzera. Urtarrilaren 15ean egin nuen lehen irteera, aurtengo lehen maskaradetako irudiak jasotzeko asmotan. Maule-Lextarreko gazteek antolatu dituzte 2023. urte honetan; beraz, Zuberoako hiriburuan plantatu nintzen. Bigarrena, herriko dantza taldeko kideekin egin dut, haiei ere erakutsi nahi ba nik maskaraden magia. Altzürüküra joan gara otsailaren 25ean; 8 zestoar eta azpeitiar bat (9 zestoar esanda azpeitiarra haserretuko da eta, badaezpada). Taldeko kideekin maskaradetara joaten naizen bigarren aldia da, 2020an egin genuen lehen irteera eta, begira, orduan altzürükütarrak ziren maskaradak ematen. Gameren izan ginen, 2020ko otsailaren 29an eta bi astera denok dakigu zer gertatu zen. Mundua gelditu zen, baina aizue, oraintxe konturatu naiz, urte hartan maskaradez gozatzeko aukera izan genuen, behintzat!
Bueno... itzul gaitezen aurtengora. Lehen barrikadara agertu gara, 9:30erako herriko sartzera. Han ziren Altzürüküko herritarrak eta dantzariak Maule-Lextarreko maskarada taldeari harrera egiten. Oinez mugitu gara barrikada batetik bestera. Lehenengo bietan altzürükütarrak, gu eta beste pare bat manex talde txiki, baina hirugarrengoan inguruko herrietako zuberotar gazteak eta manex kuadrilla ugari agertu dira.
Mattinek ireki ohi dizkit Altzürüküko ateak
Frontoi atzeko barrikadan giro ezin hobea da, eguzkia goxatzen eta jendea animatzen hasia da. Mattin Epherre (Altzürükü, 1998) agurtzera joan naiz, Altzürüküko nire anfitrioi ofizial izendatua nuen 2020an, eta aurtengoa eta gero, zer esanik ez. Orduko maskaradetako kontaktua bera nuen. Zamaltzain aritu zen, oraingoan txerrero, arraroa eta dena egin zait Mattin zaldirik gabe ikustea.
Ikasketak amaitu eta negozio berriarekin hasiberria dela Baionan kontatu dit gustura, baina astebururo itzultzen dela jaioterrira. Anaia, berriz, (2020ko Pitxu) Bolivian dela, baina bi asteren buruan sartzen dela. Gurasoak ere ongi direla, betiko moduan, hemen behar dutela. Egunean jarri ondoren, galdetu diot ea arizaleren batek edo beren etxean jan behar duen. Izan ere, aurten garai batean oso ohikoa zen ohitura berreskuratu nahi izan dute: arizaleek bisitatu duten herriko etxeetan bazkaltzea.
Ea beraienean bazkaldu nahi dudan galdetu dit. Hau lotsa, gose aurpegia ikusi ote dit ba? Eskean arituko banintz bezala... kar, kar kar! Baina garbi esan diot baietz, bazkaria badudala, baina plazera izango litzatekeela barrutik bizitzea maskaradetako truke bazkari horietako bat. Berak eskolako bazkarian zerbitzatu behar duela eta ez dela etxean izango, baina gurasoei abisatuko diela eta lasai joateko. Hor aldapan dagoen etxe zuria, leiho urdinak dituena dela gurasoena, lasai jotzeko atea!
Kamerarik gabe lasai ibiltzeko asmoa nuen, baina esperientzia hau bizi eta Dantzanen kontatu gabe nola gelditu ba!
Etxeetan jateko ohitura bueltan
Behin baino gehiagotan entzunda nien zuberotarrei zein lankideei garai batean maskaradetako parte hartzaileek bisitatzen zuten herriko etxeetan bazkaltzen zutela, eta bazirela formula edo arau sozial batzuk gazte bakoitzak jango zuen etxea erabakitzekoak. Kepa Fernández de Larrinoa ikerlariak ere jasoak ditu harreman truke horren hainbat xehetasun. Ohikoa zen herri horretako azken maskaradetan rol bera bete zuten gazteen etxera joatea (kantiniersa bisitatu duten herriko azken kantiniersaren etxera joango litzateke, eta horrela gehienak). Jaunari, berriz, auzapezaren etxera egokitzen omen zitzaion. Familiakoen edo lagunen etxeetara joatea ere ohikoa izan omen da. Horrela, gazte bakoitzak inauteri garaian Zuberoako 12 bat herri bisitatzeaz gain, beste horrenbeste sukalde bisitatzen zituen; horrek dakarren guztiarekin. Ikaragarrizko saretze eta kohesio tresna izan direla maskaradak ezin uka.
Azken urteetan, ordea, ohitura hori galtzen joan da. Gizartea aldatzen doa eta nabarmena da egungo etxeetako ateak ez direla garai batekoak bezain irekiak. Neure inguruan ikusi dut aldaketa hori eta Zuberoan ere, ba berdin! Bestalde, ikastoletarako edo eskoletarako dirua biltzeko ere baliatu izan dira maskaradetako bazkariak, horrela, herri bazkari irekiak antolatu dira azken urteetan, eta denek elkarrekin, festa giroan, bazkaltzea da ohikoena orain.
Aurten, ordea, Maule-Lextarreko gazteek maskaradak emango zituztela berri ematearekin batera etxeetako bazkarien ohiturari heldu nahi ziotela adierazi zuten. Gainerako zuberotarrekin nahasteko modu bikaina dela uste dute. Bisitatu behar duten herriko biztanleekin harremanetan jartzen dira eta arizaleak hartzeko zenbat etxe dauden prest ikusten dute. Horrela, batzuk etxeetan jaten ari dira, eta gainerakoak taldean.
Mendiburuko mahai buelta
Maskaradetako goizeko barrikadak amaituta Mattinengana joan naiz eta urrutira oinez zihoan gizona seinalatu du. Aita hura dela eta joateko berarengana. Etxerako bidean da Beñat Epherre (Altzürükü, 1961), baina korrika txikian harrapatu dut. Bi hitz eginda iritsi gara Mendiburu etxera. Denak gure zain! Barrez hartu naute, bazekiten nonbait agertzekoa zela azken momentuko gonbidatu lotsagabe bat. 20 bat lagun badira jangelan. Monique Uturriagek (Ozaze, 1965) ongietorria egin dit etxera. Monique eta Beñat senar-emazteak dira, Mattinen gurasoak, eta familia bazkaria antolatu dute etxean maskaraden aitzakian. Moniquen anai-arrebak eta ilobak, familiako zenbait lagun... saiatu naiz mahaikide nituenen harreman krokisa apuntatzen, baina bere horretan utzi dut.
Beñatek esan dit bere inguruan esertzeko, batzuk frantsesez mintzo direla eta. Igarri dit frantsesez ez dudala ideiarik ere (gazteleraz ere lanak, batzuetan!). Nire inguruan denak euskaldunak eseriko direla, bale naiz! Baina, bai zera! Kutxidazu bidea-ko Juan Martin ematen nuen eta hainbat momentutan. Zuberotarrak beraien artean ari direnean ulertzea nire moduko manex batentzat hizkuntz ariketa potentea da, gero! Eta hori, nirekin batuan aritu direla, baina... zenbait momentutan izerditan ni! Buruarekin baieztapenak eginez, dena ulertuko banu bezala.
Bazkariko elkarrizketetako funts erdiak eskapatu zaizkidala uste dut, baina harrapatu ditudan kontuak benetan interesgarriak. Zenbateraino eman dezakeen bazkari batek... Egia esan Mendiburuko mahaian etxean bezala sentitu naiz. Gure familiako baserria den Ertxiñondoko mahai buelta gogorarazi dit, baina zuberotar bertsioan. Gai lokalak gehienak, gaur egungo kontuak zein kontu historikoak. Laborantzaz aritu dira lehendabizi, belar kontuak, suteek eragindako kalteak, gazteen erreleboa, laborantzaren etorkizuna... Manex kalekumea ekarpen handiegirik egin gabe, baina gozatzen. Inauterien zentzuaz eta maskaraden bilakaeraz, festaren arau sozialez, buhame-herratu eztabaidaz... ere aritu gara. Eta euskarari buruz, hitanoaren erabileraz... Ikastolen sorrerez... Aberasgarria benetan. Ba pentsa ze izan behar duen herriko gazte denak inguruko herrietako etxeetan horrela ibiltzea hiru hilabetean. Komunikazio, harreman eta kohesio sare formula ikaragarria benetan.
Hiru manex mahaiburuan
Monique eta Beñaten familiakoen eta lagunen artean ez naiz kanpotar bakarra, Mendiburun maskaradetako bi arizale hartu baitituzte bazkaltzen. Beñat Elkegarai (Garazi, 1974) Jauna eta Ximun Uturralt (Donapaleu, 1988) buhamea (edo herratua). Hara, bi gonbidatuak ere manexak!
Mahai buruan esertzeko esan didate (azkena iritsi eta nagusiaren pare) eta beste bi manexak alde banatan kokatu dira. Nire aldean, ordea, zuberotartuak daude hauek. Ximunek 10 bat urte daramatza Xiberoko Botza irratian lanean eta Mauleratua dagoela dio. Bere bigarren maskarada da, gainera; 2017an Pettarrekoekin aritu zen. Beñatek, berriz, Ximunek baino urte dezente gehiago daramatza Maulen. Gurasoak, ordea, ez dituenez zuberotarrak urte askoan mauletar izan dela dio, baina ez zuberotar. Gerora hurbildu zela zuberotar kulturara. Galdetu diot ea zenbatgarren maskarada duen eta lehena erantzun dit. 2007an izan zuen Maulek maskaradak antolatzeko ardura, baina urte hartan aita izan omen zen, beste ardura batzuk zituen, beraz. Aurten, berriz, Xan eta Anita seme-alabekin dabil festan. Küküllero dira biak eta aitak zenbait asteburutan Jaunaren papera betetzeko ardura hartu du, gazteei taldea osatzen laguntzeko.
1979ko Altzürüküko maskarada hura...
Etxeko jauna ere maskaradak emana da, 1979ko Altzürüküko maskaradetan gatuzain lanetan ibili zela kontatu du. 18 urte zituen orduan Beñat Epherrek. Anaia zaharragoa eta haren lagunak dantzari finak zirela dio. Bosgarren dantzaria falta zuten, ordea. Beñatek 3 hilabetean prestatu omen zituen maskaradetako dantzak. 3 hilabetean; posible al da? Hauek odolean daramaten dantza eta kantua. Mahaitik altxa eta segituan egin digu erakustaldia. Antrexatak aulkiaren laguntzaz nola ikasten eta lantzen zituzten erakutsi digu.
Berezkoa nonbait Beñaten abilezia, badirudi 3 hilabetean ikasitakoarekin bikain eta historian arrastoa utziz defendatu zela plazan. Lantokian 1979ko maskaradak aipatu eta segituan hasi zen Oier lankidea ordenagailuan gordeta dituen testuetan aztarka. Eta bingo! Antton Luku liluratu zuen Altzürüküko maskaradari taldekoa da Beñat:
Ondoko neguan preseski maskarada eman zuten Alzürükütarrek eta garbi diot dantzak egundaino sortu zidan zirrara bizi ukan dudala hura ikustean. Gazte nintzen, nihaur joan nintzen hara. Baina kontziente nintzen hori ez genuela berriz ikusiko, zerbait bazela herri hartan ikuskizun hura produzitu zuena eta baldintza horiek zirela gure begien aitzinean desagertzen. Aitzindariek harriarazi ninduten. [...] Atzo bezala ikusten ditut aitzindari haiek. Batasun sekulakoa zuten elkarrekin ari zirelarik, frijat dobleak, abiadura doitze edo farrasta batean ber pizten. Baina gehienik harritu ninduena, bakarkakoaren aldi zutelarik ez ziren berdin ari gorputzez. Rola atxikitzen zuten. Gatua gatu zen, zamaltzaina gure bolanta bezalako zerbait. Beltzak pasatzen ziren eta ni aitzindarien behar egoten nintzen beti intermeda horiek luze atzemanez. (Antton Luku, Libertitzeaz, 2014)
Mahaitik plazara
Ni ezin gusturago nago berriketan jan eta jan, astebetean jan gabe dagoenaren tankera hartu didate nonbait. Janariari ezetz esaten ez dakidanez, nik dena barrura. Lagunek beti esaten didate, jatorduetan esker onekoa behintzat banaizela, Mendiburun ere hala pentsatuko dutela uste dut!
Mahai-giro goxoan gaude denok, baina Beñat Elkegarai, Jaunaren paperean behar bezala sartuta, erlojuari begira hasi da. Maskaradetako arratsaldeko saioa laster hasi beharrean direla eta mugitzen hasi beharko dutela. Etxekoei ez zaie asko axola ordua, egongo direla zain; gainera, Jauna ez bada plazan inoiz ez direla hasten maskaradak. Beraz, lasai hartzeko, eta edariak ateratzeari ekin diote. Jaunak buruarekin ezetz, “Jaunak behar du dantzatu!”. Buhamea ere fin dabil paperean, eskainitako edari dena barrura, irribarrea inoiz galdu gabe.
Jaunak barrezka kontatu du bera ikusita dagoela maskaradetako arratsaldeko saioan Jauna lo seko plazan, 1995ean behar zuen, eta ez duela nahi aurtengoan horrelakorik errepikatzerik. Beraz, kideari begiratu eta, “Partitzeko tenoria, Ximun!”. Ni beste pixka bat gelditu naiz, nola utzi ba postrea eta ondorengoak bukatu gabe!
Etxetik entzun ditugu lehen musika doinuak, eta orduan bai, denak eskertu, agurtu eta korrika joan naiz plazara. Eta hantxe zeuden nire herrikideak formal-formal plazako lekurik onenetako batean niretzako lekua gordeta eta dena.
Branlean dantzatzearen ohorea
Lagunen ondoan eseri naiz eta despistatu naizenerako kautera bat etorri zait gainera! Kristoren sustoa hartu dut eta barrabaskeriren bat zetorrela aurreikusi dut (azkena kamera lapurtu zidaten). Baina ez, ene, Branlera gonbidatu ez naute ba! Sokan sartu naiz eta segundora beste gonbidatu batek eskua eman dit. Aiba! Ihitz da.
Maskaraden atzeko sinbologia guztiaren plazako irudikapentzat jo daiteke branlea; festaren gakoa diren harreman eta lotura sarea sokaren bidez erakusten da plazan. Branlea kateko-dantza bat da, soka-dantza bat, eta sokak kohesio sozialaren erakusle dira, Juan Antonio Urbeltzeko dioen moduan, batasunaren eta elkarbizitzaren adierazpen. Beraz, zuberotarrekin plazan sokan dantzatzea ohorea da niretzat; eta Ihitzen eskutik, ba zer esanik ez. Bera baita nire lagun zuberotarra, aspaldi ireki zidan bere etxeko atea eta baita Zuberoako hainbat kontu, txoko edo jai eta erritutako giltzak erakutsi ere.
Horixe eguna borobila nirea. Maskaradetan sukalderaino sartzeko (literalki) pribilegioa izan dut. Manexa etxean eta sokan hartu dute zuberotarrek.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Amaiur Aristi Arregi
Jasotako azken erantzunak
- Oier Araolaza on Erreferenteen garrantzia transmisioan, dantzariak ikastetxeraino sartzen direnean
- Xabier Etxabe on Enborra, gizona, emakumea... edo arraina izan daiteke Olentzero 2019/12/09
- Patxi Montero on Handikien aurrean dantzan 2017/07/21
- Amaiur Aristi Arregi on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Oier Araolaza on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Amaiur Aristi Arregi on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Xabier Etxabe on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19